AKTUALITATEA


| 2021-04-29 09:44:00

Aste honetako Plenoan emandako abstentzioarekin, Jaurlaritza eta Udalaren arteko hitzarmena sinatzea erraztu zuen EH Bilduk. Duela 6 hilabete Udalean hitzarmen honen berri izan genuenean, beldur eta zalantza asko izan genituen. Ez geunden ados 200 etxebizitza sozial 2-3 bloke erraldoietan eraikitzearekin, auzoko egituran inpaktu handia sortuko zuelako. Bestalde, 200 etxebizitzak, guztiak, ohiko alokairu sozialekoak izateak ere ez gintuen asebetetzen. EH Bilduren ustez, gazte eibartarrek ere begirune bat merezi dutelako, are gehiago emantzipatzeko Eibarren dituzten arazoak ezagututa. Oso argi geneukan, Bittor Sarasketan eraikiko diren 19 apartamentuek bakarrik ez zutela gazteen behar hau asetzen. Horregatik, Txontako hitzarmeneko 200 horietako asko gazteen emantzipaziorako bideratu behar zirela uste genuen.

Azaroan, zalantza guzti hauek bideratu genizkion PSEren udal gobernuari. Eta PSEk Jaurlaritzara bidali ostean, gure zalantzei erantzun txostena prestatu zuen Jaurlaritzak.

Azkenean, ez dira 2-3 bloke izango, baizik eta 5-6. Alde handia. Gainera, ez dira 200 etxebizitzak batera eraikiko, baizik eta 40ka eraiki eta habitatuko dira. Horrela, bertara joango den biztanleria berri guztia auzoan txertatu eta integratzeko askoz ere onuragarriagoa izango da. Eta gainera, EH Bilduk eskatu bezala, promozioaren erdia gazteen emantzipaziorako etxebizitzak izango dira. Kontutan izanda momentu honetan 312 gazte daudela Etxebiden alta emanda, Txontako proiektu honek, ia heren baten beharrei erantzungo lieke eta auzoarentzat gaztetze sozial handia suposatuko luke.

Gainera, EH Bilduren ustez, PSEren udal gobernuak zor handia du Txonta auzoarekin. Jaurlaritzaren inbertsio honek, etxebizitza sozialez gain, aisialdirako gune handi bat eta Txonta kalearen peatonalizazio osoa ekarriko luke. Azken hau, egungo auzoko biztanleriaren eskaera historiko bat. Beraz, inbertsio honek, auzoaren birgaitze handi bat, biziberritzea eta gaztetzea ekarriko luke eskutik.

Baina, EH Bilduren ustez, Udala harago joan beharko litzateke. Txonta auzoak duen memoria industriala zaindu eta balorean jarri beharko litzateke. Horretarako, eraikin industrial hutsak zahar berritu eta bertan Eibarko Museoa eta Txontako Auzo Etxea kokatzea proposatu du EH Bilduk. Ordua da Eibarko Museoa Portaleako 5.solairutik atera eta eraikin industrial huts batetan kokatzeko eta ez dago horretarako Txonta baino toki esanguratsuagorik. Bestalde, Txontako biztanleria hasi egingo da eta elkar ezagutza sustatzeko, auzoaren kohesioa eta emantzipazioa bultzatzeko, bertan Auzo Etxe bat egitea oso beharrezkotzat ikusten dugu.