AKTUALITATEA


| 2021-07-07 09:15:00

28.000 biztanle eta eskola asko dituen hiria da Eibar. Eta gezurra badirudi ere, guzti hori era egokian kudeatuko duen udal Hezkuntza Teknikaririk ez du udalak. Hezkuntza Teknikaria izan du udalak, baina duela 10 urte inguru desagarrerazi zuen plaza hori PSEk. Geroztik, udalak egiten duen hezkuntzaren kudeaketa eskoletan egiten diren obra txikietara mugatu da.

EH Bilduren ustez ordua da berriz ere ikuspuntu hori aldatzeko. Eskoletako beharrak obretatik harago doaz eta ez dago profesionalik behar horietan arreta jarri eta laguntzeko. Eskolaz kanpoko jardueretan lagundu, eskola maparen nondik norakoak jarraitu edo herriko hezkuntza komunitate anitza dinamizatu ahal izateko profesional baten beharra gero eta handiagoa dela uste du EH Bilduk eta Hezkuntza Teknikari bat kontratatzearen beharra dagoela gogoratu zuen azkeneko Plenoan. Garrantzitsua da udalean herriko hezkuntza formal eta ez formalaren eta beraien behar anitzen ikuspegi osoa izango duen profesional bat edukitzea, Berdintasun, Euskara, Immigrazio, Haur eta Gazteria udal teknikariekin hartu emanean arituko dena.