Energia komunitateak sortzeko prozedurari hasiera eman ondoren, Udalak herritarren esku Energia Aholkularitzako gune bat jarri beharko lukeela uste du EH Bilduk. Gainera, hurrengo legealdian trantsizio energetikoa bere politiketan zentrala izateko konpromisoa hartu du.
Gaur ezohiko Osoko Bilkura egin dugu Eibarren komunitate energetikoen bidea martxan jartzeko eta Udala Eibarko Tokiko Energia Komunitatea elkartean (TEK) bazkide gisa atxikitzeko. Horrez gain, Portalean eta Arrateko Andra Mari eta Amañako eskoletan eguzki-plakak instalatzen hasiko gara. Albiste ezin hobea, EH Bilduk aspaldi eskatzen zebilena eta trantsizio energetikorako lehen urratsa dena, itunak sinatzetik eta asmo onetatik harago. Urteak daramatzagu udal eraikinetan eguzki-plakak jartzeko eskatzen.
Azkenean, gure energia garbia sortzeko, ekoizle izateko, pixkanaka-pixkanaka oligopolio energetikoetatik aldentzeko eta herritarrei ere bide horretan laguntzeko lehen urratsa egin dugu. Ekoizle izan eta sortutako energia eibartarrekin banatzea. Hori da bidea, gaur hasiera baino ez da izan, beste hamaika herritan hasi dute aspaldi bidea, Eibar ezin zen atzean geratu. Trantsizio energetikoa saihestezina da, eta enpresa energetikoek kondenatzen gaituzten prezio neurrigabeak dinamika horrekin hausteko garaia dela erakusten duten adibide bat baino ez dira.
Komunitate energetikoen hasiera honetan, 205 etxe eta komertzio txiki hornitu ahal izango dira TEK elkartean bazkidetuz. Elkartearen estatutuetan aipatzen den bezala, energia zaurgabetasun egoerak arintzen ere lagunduko du ekimen honek. Ez dugu ahaztu behar Gizarte Larrialdietarako Laguntzen onuradun gehienak emakumeak, alargunak eta pentsiodunak direla, eta laguntza behar dutela etxebizitza eta energia mantenimendurako ohiko gastuak ordaintzeko. Beraz, udaletako Gizarte Zerbitzuekin talde lana egitea funtsezkoa izango da.
Gainera, eguzki-plakak instalatzeko 3 kokapen horiek hasiera baino ez lukete izan behar. Udal eraikin gehiagotara zabaldu behar dira, beste administrazioen eraikinetara, baita eraikin pribatuetara ere. 205 onuradun posibleek hasiera baino ez dute izan behar, etxe kopuruan soilik, 12.000 baino gehiago garelako Eibarren.
EH Bilduk konpromisoa hartu du hurrengo legegintzaldian trantsizio energetikoa gure politiken erdigunean jartzeko. Horretarako, besteak beste, energia berriztagarriak indartzeko plan integral bat garatuko dugu; eguzki-plakak instalatuko ditugu udal eraikin eta ekipamendu guztietan; komunitate energetikoen kopurua handitzen jarraituko dugu; eta oso garrantzitsua, Udalean Energia Aholkularitzako bulego bat irekiko dugu. Guzti hori, jakina, Eibarren dagoen EHUko Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduarekin lankidetzan.