AKTUALITATEA


| 2020-02-27 09:21:00

Gutxienez 2016 urtetik gabiltza Plan Nagusia berritzeko eskatzen. Hainbat eratara egin dugu; bilera pribatuetan, publikoki komunikabideetan, Plenoan edo eta aurrekontu negoziazioetan ere gaia plazaratu izan dugu. Baina ez dago modurik PSOEk gaiari hartzeko. Beraz, EH Bilduk Hirigintza Plan Nagusia berritzen ez den bitartean, eraikitzeko asmotan dauden etxebizitza promozio berri guztien kontra bozkatuko du. Ez dugu beste biderik aurkitzen, PSOEk gai hau behar duen seriotasunez hartzeko.

Asteleheneko Plenoan ere horrela adierazi genien. 1200 etxebizitza huts inguru dugun hiri honetan, horiekin lanketa bat hazi ezean eta Plan Nagusia berritu arte, ez ditugu etxebizitza berri gehiago onartuko. 2020 urtean bakarrik, Udalak, 500 etxebizitza berriren eraikuntza hasteko aurreikuspena du. Baina ze astakeria mota da hau? EH Bilduk ez dio inondik inora honi babesik emango. Gainera, PSOEk Planaren berritzea atzeratzearen arrazoia justu hau dela esango genuke, promozio berri guzti hauen gruak lanean ikusi arte.

Hiriaren antolamendua, hiriaren birgaitzea, hiri eredua ezin dugu utzi esku pribatuetan. Eta hori da indarrean dugun Plan Nagusiak ahalbideratzen duena. Publikotik asko dugu esateko. Ordua da eraikin berriak albo batera utzi eta aisialdirako guneak, peatonalizazioak, aparkalekuak, eraikinen mantenu eta birgaitzea eta abar luze bat lehenesteko. Plan Nagusia bueltatuko ez diren garaietan dago idatzita eta premiazkoa da berritzea.

Plan Nagusiaren etetea teknikoki aztertzea

EH Bilduk bere aldetik, Plan Nagusia eteteko modurik dagoen aztertu du. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak bere 85.artikuluan, aukera batzuk aztertzen ditu. Hain zuzen ere, eteteko aukerak daude Plan Nagusi berriaren aurrerapena onartzen denean. Aste honetan bertan erabakiko da aurrerapen horretaz arduratuko den enpresa, beraz, etete posible batetik gertu egon ahalko ginateke.

Plenoan bertan, legedia hau teknikoki aztertzea eskatu genuen. PSOEko bozeramaileari ez zitzaion gustatu gure proposamena eta haserre, etete honek izan ditzakeen kostu ekonomikoak mahai gaineratu zituen.

Gorka Errastiren hitzetan: “Bitxia da eskatu dugun legedia teknikoki aztertu gabe, Iraolak izan dezakeen kostu ekonomikoaren irakurketa politikoa egitea. Aztertu dezatela profesionalek. Bitxia ere, beraien burua sozialistatzak dutenak, behin eta berriz kostu ekonomikoaz aritzea eta inoiz, Plan Nagusi zaharkituak indarrean izateak behin eta berriz plazaratzen dituen kostu sozialetaz. Alderdi guztion diagnostikoa berdina da Hirigintza Batzordean. Plan Nagusiak zailtasunak jartzen dizkigula aurrera eraman nahi ditugun hainbat politiketarako, lehen sektorearen errelebo generazionala bermatzea, kasu. Edo akaso PSOEk ontzat ematen al du Barrenaren birgaitzerako Gabilondo tailerrean 2500 metro karratuko bazar txinatar bati ateak irekitzea?”.