AKTUALITATEA


| 2022-09-07 12:31:00

Mezu kontrajarria da PSEk ematen duena. Batetik, egoera ekonomikoaren jakitun, udal tasak izoztuko dituela iragartzen du hamaikagarren aldiz. Bestetik, ordea, herritarrek ordaintzen dugun zabor tasa etengabe igo da azken urteotan. Hau da gainera, ordaintzen dugun tasa handienetako bat. PSEk Debabarrenako Mankomunitateari eman zion eibartarren zabor tasaren kudeaketa. Kudeaketaren lagapena egin zuen eskualdeko herri bakarra da Eibar eta horrek, tasaren gaineran erabakitzeko ahalmena kentzen digu. Ordua da, zabor tasaren kudeaketa eta tasaren gainean erabakitzeko ahalmena Eibarko udalera itzultzeko. Horrela egiten dute eskualdeko gainontzeko herriek.

PNV ere horren aldekoa dela jakitun eta Debabarrenako Mankomunitatearen presidentzia beraien esku dagoela aprobetxatuta, EH Bilduk dei egin dio PNVri, Mankomunitatearen barruan, zabor tasaren kudeaketa Eibarko udalera itzultzea bultzatzeko. Benetan nahi izanez gero, eta gehiengoa lortzeko, EH Bilduk Mankomunitatean dituen ordezkarien babesa izango du.

Gogoratu beharra dago, azken urteotan Eibarko udaleko tasek izozte bat izan duten bitartean, Mankomunitateak eibartarrok ordaintzen dugun zabor tasaren etengabeko igoera bultzatu duela. 2020an %3 igo zituen tasak, 2021ean %2, 2022an, %2’3… Deigarria da 2017ko ia %6ko igoera, dagoeneko erabiltzen ez diren txip sistemak ezartzeko emandakoa.

Berriz diogu, ordua da, zabor tasaren kudeaketa eta tasaren gainean erabakitzeko ahalmena Eibarko udalera itzultzeko. Horrela egiten dute eskualdeko gainontzeko herriek eta horrela nahi dugu Eibarren ere.