AKTUALITATEA


| 2022-04-12 12:30:00

Indarrean dagoen Hirigintza Plan Orokorretik pendiente geratu diren parke eta aisialdirako guneak egitea eskatu dugu: Sakun, Barrena, Azitain, Armagin, Amaña, Legarre. Baita Bolingua eta Asua Errekakoak ere, hauei gainera Milafloresen egingo den hiri-baso forma eman beharko litzaieke. Gainera, berriak gehitu ditugu: Ardantzan, egungo “berdeguneari” itxura aldatuz; Egogainen; Ipuruan, zezen plaza eta Guardia Zibilak okupatzen duten espazio handian; Bittor Sarasketan, etxeak aurreikusten diren orubean; eta Urkin, hilerriaren tamainua txikituz. Bestalde, hiria inguratuko duen eraztun berdea sortzea eskatu dugu.

Hiria kotxeen aurretik, oinezko eta bizikleten ikuspegitik berdiseinatu beharko litzateke, peatonalizazioan eta koexistentzia kaleetan sakonduz. Horretarako, hiriaren helgoaldean ibilgailuentzako saihesbidea beharrezkoa da, egun ditugun kaleetatik igaroko dena edo A8 autopistaren doakotasuna bilatuz. Gainera, aparkaleku disuasorioak ere beharrezkoak dira, gutxienez, hiri sarreretan eta trenaren geralekuetatik gertu kokatuko liratekeenak, Otaola, Matsaria eta Azitainen adibidez. Oinezkoaren lehentasuna bilatzeko ere, egungo autobus geltokiaren kokalekua ez da egokia eta hau lekualdatzeko aukerak aztertzea ere eskatu dugu (Otaola, Matsaria edo Azitainera).

Hainbat zerbitzu eskaintzeko ekipamendu falta dago auzoetan eta hirian orokorrean. Gainera, hutsik dauden eraikin industrialek ekipamendu hauek kokatzeko eskaintzen dituzten aukerak aztertu beharko lirateke. Gauzak horrela, auzo etxeen sarea sortzea planteatu dugu, Ipuruako Merkatu Plazatik eta Barrenatik hasita. Eibarko Museoa Portaleatik eraikin industrial batetara ateratzea proposatu dugu, ahal dela, Laspiur eraikinera. Txontako Ugartetxea eraikin industrial hutsean, udal Arte Eskola sortzea ere proposatu dugu. Gainera, Corte Inglesaren eraikinari beste erabilera bate matea ere premiazkoa da. EH Bildurentzat garapen ekonomikoa eta formakuntza bultzatzeko espazioan eraberritu beharko litzateke. Bukatzeko, Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak hemen eskaintzen ez dituen zerbitzuak erakarri eta eskaintzen dituztenak indartu beharko genituzke, Eibar eskualde buru izaten jarraitzen laguntzeko.

Plan berriak ere zuzkidura etxebizitzen aldeko apustu garbia egin beharko luke, plaza hauen defizita ikusita. Horretarako, gazteen emantzipaziorako etxebizitzak Txontan planteatzen ditugu. Eta etxebizitza intergenerazionalak edo eta pertsona nagusi autonomoentzako etxebizitza tutelatuak Legarre-Amañan sortu beharko litzatekeen zonalde soziosanitarioan, Torrekuako anbulategi zaharra edo Alfa Microfusion eraberrituz.

Garapen Ekonomikoari dagokionez: Erisonoko industriagunean hasita dagoen fasea bukatzea planteatu dugu, mendiari zati gehiago jatea debekatuz. Eta nola ez, Matsaria indartuz. Komertzioari dagokionez, HAPO berriak aurrekoaren kontrakoa egin beharko du, tokiko komertzio txikia indartu, saltoki handien etorrerari ateak ixten dizkion bitartean. Gainera, hirian sakabanatutako lokal hutsen arazoa konpontzea ere bere gain hartu beharko du. Lehen sektoreari dagokionez ordea, aktibitate berriak sortzeko erreztasunak eskaini beharko ditu Planak, hilzorian dagoen sektore hau biziberritu eta errelebo generazionala bultzatzeko. Gainera, basogintzari dagokionez, argi dugu, udalerri osoan autoktonoak ez diren espeziak landatzeko debekua jaso beharko duela Planak.

EH Bilduk jakin badaki, mami asko duten proposamenak egin dizkiola Plan Orokorraren aurrerakinaren dokumentuari eta datozen asteetan gaika gehiago zehaztuko ditu.