AKTUALITATEA


| 2023-11-17 12:18:00

Ondokoa da mozioa:
 

DEBABARRENAKO ESI-AN LANPOSTUAK BERRESKURATZEA ETA OSAKIDETZAKO LEHEN ARRETA ZERBITZUETAN DISZIPLINA ANITZEKO TALDEAK SORTZEA ESKATZEKO MOZIOA

ZIOA

Osasun Sistema Publikoan, Osakidetzaren gainbehera nabaria da eta gizartea gero eta kontzienteagoa da egoeraz: anbulatorioak itxita edota ordutegiak murriztuta, lehen arreta zerbitzua gaindituta, larrialdiak kolapsatuta, medikurik gabeko anbulatorioak, osasun langileak prekarizatuta, haztearen uzten ez dioten itxaron zerrendak eta abar luze bat.

Pribatizazioaren ondorioz, Osakidetza ahultzen ari dira. Guzti honen ondorioak herritarrek jasaten dituzte. Izan ere, gero eta zailagoa jartzen zaie herritarrei Osakidetzara sarbidea.

Osakidetza burutzen ari den Egonkortze Prozesuaren baitan, aprobetxatzen ari dira lanpostuak suntsitzeko. Osakidetzak emandako datuen arabera, 2.209 lanpostu desagertzeko arriskuan daude. Eibar eta Debabarrenan pairatu ditugu erabaki honen lehen ondorioak: Debabarrenako ESIko Mendaro Ospitaleko gizarte langile lanpostua desagerrarazi dute azaroaren 2a geroztik.

Gainera, Eibar eta Debabarrenari zerbitzua ematen dion eta Eibarko Ospitalean kokatuta dagoen Osasun Mentaleko Zerbitzuan, une honetan, ez dago adin txikikoen psikiatra ez psikologorik. Lanpostu hauek hutsik ez geratzea eta zerbitzua bermatzeak berebiziko garrantzia du, gaur egun, osasun mentalak haur eta nerabeengan duen eragina kontutan hartuta.

Debabarrenako ESIko 3 lanpostu garrantzitsu horien faltaren ondorioak hasiak dira nabaritzen Eibarko Udaleko Gizartekintza sailean, Gizartekintza Batzordean landu genuen bezala.

Hortaz gain, Osakidetzak prebentzioa eta osasunaren sustapenerako apustua egin beharko lukela garbi dugu. Zentzu horretan, Lehen Arreta indartzea ezinbestekoa da, horrela orain erantzun ezin izaten dituen herritarren osasun arazoak erantzuteko alde batetik, eta bestetik, osasun sustapen lan komunitarioei ekiteko. Horretarako, Lehen Arretako plantillan profesional psikosozialak txertatuz eta bide batez, Osasun Mentaleko Zerbitzuen kolapsoa arinduaz.

MOZIOA

Hori dela eta, Eibarko Udaleko udalbatzak:

  1. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatzen dio Debabarrenako ESIko Mendaro Ospitalean desagerrarazi duten gizarte langilearen figura eta lanpostua premiaz berreskuratzea.
  2. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatzen dio Eibarko Ospitalean kokatuta dagoen Osasun Mentaleko Zerbitzuan adin txikikoen psikiatra eta psikologo lanpostuak premiaz betetzea.
  3. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatzen dio Osakidetzako Lehen Arretan herritarren osasun mentala sustatzeko eta ongizate emozionalerako abilezia eta bitartekoak eskuratzeko gizarte langileak eta psikologia klinikoko profesional psikosozialak txertatzea.