AKTUALITATEA


| 2020-04-08 13:05:00
  • Bakarrik bizi diren eibartar nagusienei jarraipena egitea: Lehen unetik, kolektibo zaurgarri honen ezibesteko jarraipena egitea eskatu genuen. Horretarako, bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako eibartarrei telefonoz dei egitea proposatu genuen. Beharren diagnostiko bat egite aldera. Proposamena aintzat hartu eta deiak egin dituzte Gizartekintzatik eta nagusi askok eskertu dute gerturatze ariketa hau.
  • Tasak eta udal zergak aztertzea: Asko izango dira krisialdi honetan kaltetuak. ERTE batetan sartutakoak, komertzioa itxi behar izan duten dendariak, ostalariak eta hainbat familia eta herritar. Tasa guztiak aztertu beharra daude eta alderdi guztiak ados gaude honetan.
  • Udaleko eta patronatoen zerbitzu kontratuetako langileriaren soldatak bermatzea: Krisialdi honek hainbat azpikontratatutako zerbitzuen etetea ekarri du. Lehen unetik, langileria guzti horren soldatak bermatzea eskatu dugu.
  • Herritar zaurgarrienen zaintza beharrak asetzea: Udalak Gurutze Gorriarekin bermatuta utzi du zaintza asistentzialena. Aldiz, herritik sortutako bolondres taldea alboratua utzi da. Zaintza kontzeptua ere askoz zabalagoa da eta beharrak handiagoak.
  • Eibartar gazteenei omenaldi txikia: Konfinamenduan dauden haurrei zuzendutako marrazki erakusketa egitea ere proposatu dugu. Online momentuz, fisikoa konfinamendua bukatu ondoren. Itxialdian etxean egindako marrazkiak erakusteko aukera eskaini diegu omenaldi xume modura.
  • Etxeko langileen egoerari buruzko lanketa: Kolektibo zaurgarrienetariko bat da etxeko langileen kolektiboa. Krisialdi honek lan egoeran eragin handia suposatu die. Udalak egoera honetara gerturatzea eskatu dugu.
  • Arrakala digitala eta teknologikoa ekiditzeko internetera sarbidea eskaintzea: Eskola orduak jarraitzeko zailtasunak dituzten haurrak eta familiak daude herrian. Askok internetera sartzeko aukerarik ere ez dutelarik. Udalak USB bitartez arrakala teknologikoaren bukatzeko internetera sarbidea eskaintzea proposatu dugu. Udalak momentuz, ikasgaiak banatu dizkie etxez etxe 50 bat familiei.
  • Etxekolanak online zerbitzua: Jakin badakigu ere badaudela hamaika familia arazoak dituztenak haurrei etxekolanekin lagundu eta jarraipena egiteko. Bergarako adibidea jarraituz, etxekolanetan laguntzeko online zerbitzua ere martxan jartzea eskatu dugu.
  • 2020ko udal aurrekontua guztiz berraztertzea krisialdiak ekarriko dituen ondorioei erantzuteko behar haina baliabide ekonomiko izateko: familia eta herritar askok ondorio larriak pairatzen ari dira eta beste askok pairatuko dituzte, osasun krisialdi honen ondorioz. Ondo daude gainontzeko instituzioetatik etorriko zaizkien laguntzak, baina Eibarko Udala eibatarren ondoan egon behar du. Aurrekontua goitik behera berraztertzea eskatu dugu. Premiazkoak ez diren ekintza guztiak 2021era mugitu eta horrela, behar guzti horiek asetzeko baliabide ekonomikoak izango genituzke. Ez ohiko uneetan, ez ohiko eta premiazko erabakiak hartu behar ditugu. EH Bildu prest dago horretarako.