AKTUALITATEA


| 2022-04-27 11:02:00

Jakin badakigu ez dela egun bateko gauza izango eta enpresarekin negoziatu beharko dela bertako aparkalekuak eta eraikinari aprobetxamendua atera ahal izateko. Udalak hirigunean horrelako eraikin ia huts bat edukitzeak irekitzen dituen aukerak aztertu beharko lituzkela uste du EH Bilduk. Gauzak horrela, berritzen ari garen Hirigintza Plan Orokor berrian eraikina zerbitzu ekipamendu berri bezala kontutan hartzeko eskaera luzatu dugu.

Garapen Ekonomikoa eta Formakuntzari lotutako espazio berri batetan bihurtzea da EH Bilduren apustua. Garapen ekonomikoari dagokionez, eraikina Debegesa, eskualdeko garapen ekonomikoko agentziaren egoitza berria izan daiteke. Baita, Eibar Centro Comercial Abierto eta merkataritzari lotutako ekimenena ere. Eibarrentzat beharrezkoa den erakustazoka berri bat ere bertan kokatu daiteke. Bilera-gela, ekitaldi zein jardunaldietarako espazio nahikoa ere bertan izango genuke. Gainera, enpresa teknologiko eta zerbitzu enpresa txikiek ez dute espazio nahikorik beraien enpresak hirian garatzeko. Eraikinak mota horietako enpresentzako coworking espazio handi bat izateko aukera irekiko luke.

Formakuntzari dagokionez ere, hainbat aukera irekiko lituzke Udalak eraikina bere gain hartzeak. Batetik, Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutoaren egoitza berria izan ahalko litzateke. Lanbide, Debegesa eta Udalak eskaintzen dituen hamaika ikastaroetarako espazio egokia ere bada. Hizkuntza Eskola Ofizialak ere espazio arazoak ditu Eibarren eta zerbitzua hiritik joan baino lehen, bertan kokatzeko aukera aztertu beharko litzateke. Bukatzeko, Helduen Hezkuntza Ikastetxea ere leku egokiago baten premian dago.

Gainera, eraikina STEAM eta teknologia zaletasunak bultzatzeko polo berritzaile bezala erabiltzea ere proposatu dugu. Badaude horrelako ekimenak hainbat hiritan, Leongo FabLab adibidez. Hainbat ekintza puntual egiten dira hirian STEAM eta teknologia zaletasunak bultzatzeko baina ardatz handirik gabe. Eibarren horrelako polo bat sortzeak zaletasun horiek era integral batetan garatzeko aukera emango luke eta baita herritarren artean ezagutarazi. Fabrikazio digitalerako materiala herritarren eskura jartzeko aukera ere irekiko luke horrelako polo berritzaile batek.

Beraz, aparkalekuak berreskuratzeaz gain, Corte Inglesaren eraikinari erabilera zehatza ematea da EH Bilduren apustu sendoa.