AKTUALITATEA


| 2020-01-27 09:37:00

Prekarietatearen aurrean, bizi-baldintza duinak aldarrikatzen ditugu. Urtarrilaren 30ean kalera aterako gara erabaki politikoen erdigunean bizitza jartzeko eta hauek ez egoteko elite ekonomikoen interesen menpe. Kalean izango gara herri duin batean, bizitza duin bat aldarrikatzeko. Azken urteetan hartu diren erabaki politiko zein instituzionalek herritarren bizi baldintzei eragiten diete zuzenean. Prekarietatea da milaka herritarren bizia baldintzatzen duen elementu nagusia. Eta hori gertatzen da elite ekonomikoen interesak herritarren interesei gailentzen zaizkielako. Ereduak asko dira; adibidez, lan erreforma edo pentsioak ez gaurkotzea. Baina horien izebergaren punta baino ez dira. Gaur egungo sistemak gehien daukaten pertsonak saritzen ditu gutxien daukatenen kontura. Langileen bizitza gero eta prekarioagoa da haien baldintza ekonomikoei, lan baldintzei, pertsonen zaintzari eta osasunari eraginez.

 

Izan ere, Jaurlaritzaren arabera probrezia %46 igo da Euskal Autonomia Erkidegoan azkeneko urteetan eta 200.000 pertsona pobrezia arriskuan daude; pentsionisten erosteko ahalmenak %6 egin du behera eta sinatzen diren kontratuen %92 behin-behinekoak dira, besteak beste.

 

Gipuzkoako langabezi tasa %8,59koa den bitartean, Eibarko langabezi tasa %12,26koa da, Gipuzkoako altuenetarikoa. Gainera, nahiz eta herritar batzuen errenta per capitak gora egin duen, pobrezia mailak ere gora egin du gure herrian. Beraz, Eibarren, gizarte arrakala gero eta handiago eta nabarmenagoa da. Dirusarrerak Bermatzeko Errentari (RGI) dagokionez, 751 espediente daude altan gure herrian eta horietatik %42a pentsioak eta soldatak osatzeko dira. Langile eta pentsiodun pobreak. Gainera, Larrialdietarako Dirulaguntzak aztertuta, Eibarko pobreziaren aurpegi nagusienetako bat emakumea, alarguna eta pentsioduna dela baieztatu dezakegu.

 

Agerikoa da badaudela arrazoiak Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak deitutako greba orokorrean parte hartzeko eta EH Bilduko kideok ere bertan izango gara. Unea heldu da prekarietatean oinarritutako sistema bati erantzuteko eta, bizi-baldintzak erdigunean jarriz, haien herritarrak zaintzen eta babesten dituen herri baten alde egiteko.

 

 

Eibarko EH Bildu