AKTUALITATEA


| 2022-10-28 11:43:00

Hiriarentzat eta herritar guztientzat estrategikoa den proiektu honek eztabaida publiko argia eta zentzuduna behar duela uste du EH Bilduk. Eibarren dauden kokaleku posible guztiak aztertu eta autobus geltokiaren behin betiko kokalekua herritarrek erabakitzea proposatu du EH Bilduk.

EH Bilduk argi utzi nahi du asteburuan publikatutako albistearekin, PNV errealitatea eta iritzi publikoa manipulatzen ari dela. Eta kontziente dira horretaz. Deigarria da ere komunikabideek horrelako baieztapen bat gainontzeko alderdiokin ez kontrastatzea.

Hirigintza Plangintzako Aholku Batzordean jorratzen dira hirirako eta auzo bakoitzerako HAPO berrian dauden alternatibak. Saio batetan, besteak beste, Matxariarako alternatibak landu ziren. Aholku Batzordea eztabaidarako foroa da, kontsulta organoa, eta kide anitzek osatzen dute edo osatu beharko lukete behintzat. 21 toki posibleetatik 11 kidek parte hartu zuten bilera hartan, horietatik 6 ordezkari politikoak eta 5 eragile sozialak. Zer zilegitasun du PNVk horrelako ondorioak ateratzeko?

Batzorde horretan hamaika proposamen aztertu, eztabaidatu eta pentsatzen dira. Horretarako da Aholku Batzordea. Arriskutsua da foro horretan egindako debate bat publiko egitea hartutako erabaki finko bat balitz bezala, errealitatea manipulatzeko. Gainera, horrelako praktikekin foro horretan parte hartzen duten pertsonen etorkizuneko iritzia murriztera irits daiteke.

Gauzak horrela eta Hirigintza Plangintza berrirako, EH Bilduk autobus geltokirako kokaleku posibleak aztertzea eskatu du. Lau aukera daude hirian: dagoen lekuan mantentzea, Otaolan, Azitainen edo Matxarian kokatzea. Eibarrentzat eta herritar guztientzat hain estrategikoa den proiektu batek debate handiagoa eta publikoa behar duela uste dugu. Kokaleku posible guztien alde onak eta txarrak ezagutzea, bakoitzak dakartzan hiriaren peatonalizaziorako aukerak aztertzea, eta aukera posible guztiek zehazki suposatuko luketen inbertsio ekonomikoa ezagutzea merezi dute herritarrek. Ondoren, egokiena den kokaleku posiblea aukeratzea. Azken hitza, beraz, herriak izatea.

EH Bildu bere partetik, aspaldi prest azaldu da Matxariako kokaleku posiblea aztertzeko. Baina argazki muntaia irreal batek ez digu balio, suposatuko lukeen kostu ekonomikoa jakin gabe, beste administrazio batek Udala diruz lagunduko duen jakin gabe. Hainbat alditan eskatu diogu informazio hau PNVri eta ez dira gai konkretatzeko. Beraz, momentuz, kea saltzea da.