AKTUALITATEA


| 2024-04-26 07:37:00

Eibarko Euskal Herria Bilduk ondoko hau adierazi nahi dio Eibarko herriari:

Asua Erreka kalean, goiko aldean gasolindegia jartzeko proiektua aurreikusten da,  Sucesores de F. Elcoro eraikina dagoen tokian, hain zuzen. Asua errekaren gainean dago eraikina. Aurretik ezaguna da orube horretan egon den tailerrean nikel eta kromo bainuak erabiltzen zituztela, eta ondorioz, lur horiek kutsatuak egongo direla.

Bestalde , gasolindegi hori low cost horietakoa izango da, eta egun hauetan prentsan irakurri dugu gasolindegi horiek gidariak erakartzen dituztela euren prezioengatik. Hori dela eta, Asua Errekan gasolindegia ipinita, ondorio logikoa izango da trafikoa handitzea.

Herri barruan gasolindegi bat jartzea guztiz desegokia da, aldez aurretik aipatutakoaz gain, etxebizitzak gertu daudelako eta gaur egungo joera guztiz kontrakoa delako, hots, etxebizitzetatik aldentzea.

Hori guztia kontuan hartuta, lizentzia eman baino lehen, interes publikoagatik,  Eibarko Euskal Herria Bildu Udal Taldeak zera proposatu dio Udalari:

- Udalak orubearen jabeei eskatzea lur horien tratamendua, dituzten metalak kentzeko, eta lur horiek lehengoratzeko.

- Udaleko teknikariek trafiko-azterketa egitea edo kanpo enpresa bat kontratatzea, ikusteko gasolindegiarekin zenbat ibilgailu gehiago ibiliko diren esparru horretan. Azterketa horrek jaso beharko luke egun dagoen ibilgailu-jariapenaren kontaketa gehi horrelako gasolindegiek, berez, eragiten dituzten fluxu berriak, eta ea horrek trafiko arazoak eragingo dituen. 

- Trafiko azterketak gasolindegi berriak trafiko eragozpen larriak sortuko dituela esanez gero, Udalak eibartarron interes publikoa aurretik jartzea, eta ez gasolindegi berriaren sustatzaileen interes pribatuena, eta ondorioz, gasolindegia jartzeko baimena ukatu dezala.