Zaintza politiketan sakondu beharra dagoela uste du EH Bilduk, baina adin guztien beharrei erantzunda. Gainera, Pertsona Nagusien Batzordean aztertutako txostenek ere gaur egungo Jubilatuen Etxeen eredua zaharkituta dagoela diote. EH Bilduren ustez, Torrekuan esperientzia berritzaile bat martxan jartzeko aukera bat galtzen ari da PSE.
Auzoen autonomia berreskuratu eta erdigunearekin duten menpekotasunarekin bukatu beharra dagoela uste du EH Bilduk. Horretarako ezinbestekoa da auzoak zerbitzuz hornitzea, biziberritzea, eta auzoetako bizilagunen kohesioa indartuko duten auzo etxeak sortzea. Adin guztietako eta familien beharrei erantzungo dieten auzo etxeak. Torrekua eraikina jauzi berritzaile hori emateko toki aproposa dela uste du EH Bilduk.
EH Bilduk konpromiso hori bere gain hartzeaz gain, pertsona nagusi autonomoendako etxebizitza komunitarioak eraikitzea lehentasunezkoa ikusten du. Defizit handia du Eibarrek gai honetan eta erantzun bat eman beharra dago udaletik. Etxebizitza komunitarioak, apartamendu ezberdinez osatutako etxe blokea izango litzateke, hainbat zonalde amankomunekin beraien arteko harremanak sustatzeko. Hamaika adibide daude beste herrietan, batzuk cohousing edo coliving formulak erabilita.
Ordua da zaintza politikak erdigunean jartzeko.