AKTUALITATEA


| 2023-01-25 11:17:00

4 milioi euro baino gehiagoko balioa duten 37 emendakin partzial erregistratu ditu EH Bilduk. Kultura eta sormena;  Aisialdia, herriko eragileak eta Parte-hartzea; Gizarte Ekimenak;  Hirigintza eta Irisgarritasuna; Landa eremua eta Lehen Sektorea; Energia eta udal langileria dira EH Bilduk azpimarratu nahi izan dituen gaiak. Negoziaketarako eta akordio batetara iristeko prestutasuna ere azaldu du EH Bilduk.

45.800.000€ inguruko aurrekontu zirriborroa aurkeztu du PSEk 2023 honetarako, 2022koa baino %6 handiagoa. Pertsonal eta Gastuen kapituluek izango dituzte igoera handienak. Hirigintza eta Obra saileko aurrekontuetan jaitsiera eman da zirriborroan, ziurrenik aurreko urteetatik oraindik garatu gabe dauden proiektuak aurrera atera ezinean dabilelako Udal Gobernua. Deigarria da aurten ere eskilara eta igogailuen mantenimendurako partida milioi erdi inguruan estankatuta geratzea, karga handia udal kutxentzat.

Berrikuntza handiegirik ez dago 2023ko aurrekontu zirriborroan. Berrikuntza deigarriena behingoz Andretxea Berria azaltzea da. 2018an burutu zen fatxadaren atontzea eta 2021ean EH Bilduk bultzatuta, barruko espazioen obrekin jarraitzea adostu genuen. PSEk ez zuen presa handiegirik eta. Behingoz, 2023 honetan, badirudi Eibarko mugimendu feministak eta berdintasunaren alorrean dabiltzan eragileek merezi duten espazio berri, duina eta ikusgarria martxan izango dutela.  

Kirol Patronatoa ere, 40 urteren ostean, behingoz desegin eta udalean integratuko da. Hau izango da udalera txertatuko den azken Patronatoa.

Azpikontratazio maila ere oso altua da, azken urteetan errepikatu dugun bezela. Hainbat garbiketa, etxez etxeko laguntza zerbitzua edo eta hezitzaileen zerbitzuek gorakada nabarmena izango dute. Enpresa pribatuei esleituko zaizkie kontratu guzti hauek. Etxez etxeko zerbitzuaren gorakadak ordea badu bere alde ona. Enpresako langileek lan hitzarmen ona sinatu dutelako enpresarekin beraien lan baldintzak hobetzeko eta horrek aurrekontuan ere isla izango du. Gainera, alderdi politikoentzako dirulaguntzetan eta zinegotzion dietentzat ere dirutza bideratzea planteatzen da, nahiz eta partida izoztuta egon. EH Bilduk azken bi partida hauek erdira jaistea proposatu du.

Nahiz eta EH Bildurentzat pertsona nagusi autonomoentzako etxebizitza tutelatuen parkea kokatzeko, edo eta belaunaldien arteko erlazioak sustatzeko etxebizitzak kokatzeko eraikin aproposena izan, PSE temati dabil Torrekua Jubilatuen etxean bakarrik bilakatzearekin eta hori ere jaso dute aurrekontuan.

Ingurumen sailean ere gorakada mantentzen da. Ia 700.000€ bideratzea planteatzen dute honetarako. Iaz berri pozgarritzat hartu genuen baina kontu handiz ibili beharko gara, 2022 urte bukaerako errealitatea gordinagoa izan delako, eta nahiz eta urte hasierako intentzioak horiek zirela saldu, azkenean erdia baino gutxiago bideratu dute Ingurumenera, 270.000€. Espero dugu 2023 honetan hori ez errepikatzea.

Energia eta erregai gastuetan igoera eskandalagarria emango da. Eibartar askok pairatzen duten bezela. Honi buelta emateko ordua heldua da. Hainbat proposamen egin ditugu horretarako. Iaz energia eta erregaietarako 765.000€ aurreikusi ziren bitartean, aurten, 2.000.000€ planteatzen dira. Beldurgarria.

Bestalde, ekialdea biziberritzeko EH Bildu eta PSEren akordioan jasotako ekintzak aurrera jarraituko dute 2023an: lan aktibazio eta orientaziorako udal enplegu bulegoa martxan jarriko da; erdigunetik kanpoko lokal komertzialak biziberritzeko ekintzak errepikatuko dira aurten ere; Barakaldo, pasealeku berria eta Electrociclos lotuko dituen igogailua gauzatuko da; eta Barakaldo eta Barrena kaleetako haur parkeak bertako haur, familia eta hezkuntza eragileen bitartez diseinatzeko parte-hartze prozesuak ere egingo dira. Gainera, aurrekontutik kanpo, Jaurlaritzarekin egindako akordioaren ondorioz, Gabilondo eraikina eraberritzeko 5 milioi euro inbertituko dira. Beste 3 milioi, EH Bilduk Madrilen Murrategi auzoa modu integralean zaharberritzeko lortu ditu eta hau ere, 2023an gauzatzen hasiko da.

Esan bezela, EH Bilduk negoziaketarako eta akordioetara iristeko bere prestutasun osoa azaldu nahi dio PSEren Udal Gobernuari. Aurrekontuetan funtzionatzen duen PSE-PNV koalizioak utziko al dio EH Bilduri horretarako aukerarik 2023 honetan? Gogoratu beharra dago, iazko PNVren aurrekontuari emandako baiezko borobilak EH Bilduren negoziatzeko aukerak eta egindako proposamen guztiak alboratu zituela. Espero dugu aurten egoera berdina ez errepikatzea. Aurten estrategia berdina jarraituko ote du koalizioak?

Ondokoak dira EH Bilduren 37 proposamenak:

 

KULTURA ETA SORMENA (145.000€)

REGENERART Eibarko Kaleko Arte Festibala sortzea: 50.000€/urtean

Baiona, Zaragoza, Reus, Tutera, Ordes, Estepona, Morlaix, Saint Brieuc… hamaika eredu daude Euskal Herrian, Espainia eta Frantziako estatuetan. Urteroko kaleko arte festibala antolatzea proposatzen dugu. Artearen bitartez hiria zaharberritzea eta degradatuta dauden hiriko zonaldeak birgaitzea dira ekimenaren helburuak. Gainera, birgaitze honek turismoa ere erakarri dezake etorkizunean. Museo eta Marrazketa eskolako arduradunek ekimena bere gain hartzea planteatzen dugu. Festibalak gainera, urtean hainbat fatxada atontzeaz gain, gainerako ekintzak izango lituzke: musika emanaldiak, hitzaldiak, etab.

EIBAR ENTZUN! Musika lehiaketa sortzea: 80.000€/urtean

Barakaldoko “Hiriko Soinuak” ekimena hartu dugu eredu bezala. Proiektu kulturala da, artista musikalak bilatu eta promozionatu, industria musikalarekin lehen hartu emana erraztu eta orohar, sormen eta kultura musikala bultzatzeko asmoa duena. Horretarako, Euskal Herriko talde eta bakarlariei zuzendutako lehiaketa antolatuko da urtean behin, Eibartik datozen proiektuei ere arreta eta babes berezia emango diena. Jokoan egon daitezkeen sarien artean: disko profesional baten grabazioa, arrakasta handiko talde erreferente batekin batera Eibarko Udalak ekimen honen baitan antolatuko duen jaialdian jotzeko aukera, etab.

TXONTA auzoko tailer huts batetan UDAL ARTE ESKOLA kokatzeko bideragarritasun proiektua idaztea: 15.000€

Eibar bezalako hiri batek Arte Eskola bat merezi du, kultur etxetik berezita eta bere entitate propioa izango duena. Arte Eskola kokatzeko toki aproposena Txonta auzoa dela uste dugu. Arte Eskolak, indarrean dauden marrazki, zeramika eta musika ikasketez gain, dantza, antzerki, bertsolaritza, hitza eta txikientzako ikasketa multidisziplinarrak eskainiko lituzke. Errenteriako adibidea jarraituta. Jakin badakigu, anbizio handiko proiektua dela, horregatik lehenik eta behin, Txonta auzoko tailer huts batetan Arte Eskola irekitzeko bideragarritasun proiektua idaztea proposatzen dugu. Ugartetxea tailerra izan daiteke aukera bat, baina auzoko tailer huts egoki bat identifikatu eta bertan bideragarritasun proiektua egiteko prest gaude.

 

AISIALDIA, HERRIKO ERAGILEAK ETA PARTE-HARTZEA (891.100€)

IPURUAKO AUZO ETXEAN ezinbesteko inbertsioak egitea: Galdara eta barandak jartzea: 20.000€

Pixkanaka badabil Ipuruako Merkatu Plaza martxan. Eraikinaren erabileraren inguruan sortutako auzo elkarteak antolatu ditu hamaika ekimen eta antolatzen jarraitzeko asmoa ere badu. Baina horretarako eta bertaratzen diren erosotasun eta segurtasunerako, aspaldi eskatzen ari diren bi gutxieneko atonketa edo inbertsio behar ditu eraikinak: eraikina berotzeko galdara bat jartzea eta lehenengo solairurako segurtasunerako baranda bat jartzea. Horretarako 20.000€ bideratzea planteatzen dugu.

IPURUAKO AUZO ETXEAN urtean zehar programatzen dituzten ekintzen antolaketarako dirulaguntza hitzarmena sinatzea: 15.000€/urtean

Pixkanaka badabil Ipuruako Merkatu Plaza martxan. Eraikinaren erabileraren inguruan sortutako auzo elkarteak antolatu ditu hamaika ekimen eta antolatzen jarraitzeko asmoa ere badu. Programazioaren antolaketan laguntzeko, IMP elkartearekin dirulaguntza hitzarmena sinatzea planteatzen dugu eta hitzarmen horretan urtero 15.000€ bideratzeko konpromisoa jasotzea.

AURREKONTU PARTE-HARTZAILEAK martxan jartzea: 815.000€

Auzokako aurrekontu parte-hartzaileak martxan jartzeko saiakera bakarra egin zuen Udal Gobernuak 2018an. Geroztik ez da auzokako aurrekontu parte-hartzaileen arrastorik egon aurrekontuetan. Jakin badakigu, hainbat arrazoiengatik esperientzia txarra izan zela lehen saiakera hura. Bost urte beranduago, ordua da esperientziari buelta bat eman, prozesu parte-hartzaileak berreskuratu eta aurrekontuetan urtero egonkortzeko. Horretarako, Obra Sailaren gain egon beharrean Informazioaren Gizarte eta Gobernu Ona Sailaren esku egotea planteatzen dugu. Ez hori bakarrik, aurrekontu parte-hartzaileetarako 800.000€ bideratzeaz gain, beste 15.000€ prozesu parte-hartzaileen dinamizazioa kontratatzeko planteatzen ditugu, hainbat udaletan arrakastaz egiten den bezala.

KATUBELTZ ELKARTEARI DIRULAGUNTZA HANDITZEA: 3.000€ gehiago urtean

Hainbat urteetan 3.000€ko dirulaguntza jaso eta gero, Katubeltz elkarteak kale katuekin egiten duen lanketarekin modu duinago batetan jarraitu ahal izateko, dirulaguntza bikoiztea planteatzen dugu. Hau da, 6.000€/urtean jasotzea elkarteak. Gainera, elkarteak ondo baino hobeto azaldu zizkigun gainontzeko udalek gai honen lanketarako bideratzen dituzten aurrekontuak eta elkartean sortutako beharrak.

EIBARKO AEK-ARI DIRULAGUNTZA HANDITZEA: 5.100€ gehiago urtean

Eibarko AEKak hainbat ekimen antolatzen ditu euskararen sustapenerako herrian. Ikastaroak euskararen ezagutzarako, baina baita erabilera handitzeko sustapenerako ekintzak. Horietako asko eta asko, Udalarekin elkarlanean. 24.900€ jasotzen ditu AEKak Udalaren partetik, baina 2008 urterarte dirulaguntza 30.000€koa zen. Beraien jarduna modu duinago batetan aurrera eraman ahal izateko, premiazko eguneraketa baten premia duela hitzarmenak uste du EH Bilduk. Horretarako, urtean 5.100€ gehiago ematea planteatzen dugu, hau da, Udalak 30.000€ko hitzarmena sinatzea AEKakin.

EIBARKO KLUB DEPORTIBOARI EZ-OHIKO DIRULAGUNTZA EMATEA ARTXIBOAREN DIGITALIZAZIOAN LAGUNTZEKO: 33.000€

Eibarko Klub Deportiboaren 100.urteurrenaren atarian, artxibo guztiaren digitalizazio lanetan ari da elkartea. Eibar eta eibartarrentzat altxor handia da artxibo hau eta digitalizazioak ekarriko dizkion aukerak hamaika dira. Horretarako, Eibarko Udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bezela, digitalizazio lan horiek diruz laguntzea planteatzen dugu eta horretarako elkarteari 33.000€ bideratzea.

 

GIZARTE EKIMENAK (1.035.000€)

EIBARKO ETXEBIZITZA SOZIALAREN ZERBITZUA SORTZEA: LEHEN URRATSAK: 15.000€

Etxebizitzaren arazoak hainbat ertz ditu Eibarren. 1000 etxebizitza huts baino gehiago daude herrian, baina gazteak ezin dira emantzipatu. Jatorri ezberdineko eibartarrek ere zailtasun handiak dituzte alokairuzko etxeak lortzeko. Inmobiliarietan ere ez dago eskaintza nahikoa eta prezioak oso altuak dira. Gainera, Bizigune eta Alokabide zerbitzuak ez dabiltza ondo. Horretarako, Eibarrek bere etxebizitza sozialaren zerbitzu propioa sortzeko lehen urratsak ematea planteatzen du EH Bilduk. Etxebizitza huts guzti horek eskaintzeko helburuarekin eta herritarren etxebizitza eskubidea bermatzeko espekulazioetatik kanpo. Horretarako, lehen urratsak eman ahal izateko 15.000€ sinboliko bideratzea proposatzen dugu.

UDALAK BERE JABEGOKO ETXEBIZITZA PARKEA HANDITZEA: 1.000.000€

Aurreko proposamenarekin lotuta, Eibarko Udalak bere jabegorako etxebizitzak erostea planteatzen dugu. Urgentzia, larrialdiak edo eta desjabetzeak eman direnean Udalak bere jabegoko etxebizitza nahikorik ez duela argi geratu delako. Hirian lursailak eta mendian ere lur pribatuak erosteko partidak dauden bezala, Udalak etxebizitzak erosi eta hainbat premia egoeratan eskaini ahal izateko 1.000.000€ko partida bat sortzea planteatzen dugu.

PERTSONA NAGUSI AUTONOMOENTZAKO ETXEBIZITZA TUTELATUEN PARKEA ERAIKITZEKO BIDERAGARRITASUN PLANA IDAZTEA: 15.000€

Gizarte Zerbitzuen Mapa jarraituta, Eibarrek Gizarte Zerbitzuen eskaintzan dituen defizitak agerian uzten ditu. Bi defizit garrantzitsuenak behin betiko etxerik ez duten pertsonentzat aterpetxea eta pertsona nagusi autonomoentzako etxebizitza tutelatuak dira EH Bildurentzat. Askotan jarri dugu mahai gainean behar hau eta urteetan esan dugu Torrekua anbulatorio zaharreko eraikina zela zerbitzu hau eskaintzeko aproposena. Baina PSEk baditu beste plan jakin batzuk eraikin horrentzat. EH Bilduk argi duena da co-housing edo co-living formulak jarraitu behar dituela eskaintza honek eta apartamentuen parke bat izan behar dela, ezin direla herrian sakabanatuta eskaini, bere zentzu guztia galduko luketelako. Horretarako, bi alderdion artean eraikin aproposena aukeratu eta bertan pertsona nagusi autonomoentzat etxebizitza tutelatuen parkea eraiki eta kokatzeko bideragarritasun plan bat idaztea proposatzen dugu.

BERDINTASUN SAILEAN LAGUNTZA PSIKOLOGIKOA ESKAINTZEKO PARTIDA SORTZEA: 5.000€

Berdintasun sailak indarkeria matxistaren biktimei laguntza psikologikoa eskaintze die. Baina laguntza psikologiko hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartez bideratzen da. Aldundiak ordu eta diru kopuru jakin bat du horretarako Udal bakoitzarentzat. 2022an agortu egin zen Eibarko Udalak Gipuzkoako Aldunditik biktimei eskaini ahal izateko laguntza psikologiko guztia. Berriz ere egoera hau gerta ez dadin, Eibarko Udalak ere indarkeria matxistaren biktimei laguntza psikologikoa eskaintzeko partida sinbolikoa izatea planteatzen dugu.

 

HIRIGINTZA ETA IRISGARRITASUNA (1.893.000€)

BARRENA ETA BARAKALDO KALEETAKO HAUR PARKEAK BERRITZEA: 300.000€

PSEk eta EH Bilduk sinatutako Ekialdea Biziberritzeko akordioan, Barrena eta Barakaldoko haur parkeak bertako haur eta familien eta Urkizuko eskolaren parte-hartze ariketa bidez berritzea adostu genuen. 2022an ez da gauzatu parte-hartze ariketa eta 2023ko aurrekontu zirriborroan berriz ere jaso da aurten egiteko. Parte-hartzea eta gero parkeen berritzea egin beharko litzateke bertan jasotako ondorioekin eta obra hauek ez daude 2023ko aurrekontuan jasota. Aurten egitea planteatzen dugu.

HERRIKO HAUR PARKEAK BERRITZEKO ETA ESTALTZEKO PLANA: 60.000€

Familia eibartarren eskaera historikoa da haur parkeak berritzea eta estaltzea. Eibarren parke estalien gabezia oso agerikoa da. Parke batzuk nahiz eta itxuraz zaharkituta ez egon, ohiko parkeak dira eta familiek berrikuntzak eskatzen dituzte. Beste herri batzuetara begiratzearekin nahikoa da. Parkeak berritu eta estaltzeko plana idaztea planteatzen dugu. Barrena eta Barakaldoko parkeak berritzeko jarraituko den prozesua ardatz hartuta. Gainera aurten, gutxienez parke bat estaltzea planteatzen dugu. Adibidez, Amañan Berdintasunaren Pasealekuan kokatuta dagoen parkea. 

Hilerria tamainaz txikitu eta URKIN AISIALDIRAKO GUNE BERRIA sortzea: 800.000€

Urteak dira hilerriaren erabilera asko aldatu dela. Adibidez, 3700 nitxoetatik 1800 hutsik daude gaur egun. Urteak dira ere, udalak urtero urtero 50.000-60.000€ hilerrian obra txikiak egitera bideratzen dituela, inongo etekinik atera gabe. 2023an, 100.000€ planteatzen dira. Ordua da beraz, hilerria tamainaz txikitzeko eta aisialdirako gunerik ez duen Urki auzoan aisialdirako gune berri duin bat sortzeko. Horretarako, hilerria txikitzeko, aisialdirako gune berria sortzeko eta proiektu berrian aparkalekuak kokatzeko aukerak aztertuko dituen proiektua egin, eta gero, obra gauzatzea planteatzen dugu.

BIDEBARRIETA KALEARI KOEXISTENTZIA itxura ematea: 300.000€

Gero eta gune gehiago daude koexistentzia itxura dituztenak, Eibarko hirigunean batez ere. Estetikoki laguntzeaz gain, komertzio txikia sustatzeko baliagarria den itxura aldaketa da. Koexistentzia gune gero eta zabalagoak izateko helburuarekin, Bidebarrieta kaleari itxura aldaketa egitea planteatzen dugu. Hain zuzen ere, San Andres eliza paretik hasi eta Urtzaileko bidegurutzeraino.

SAN JUAN KALEKO ATZEALDEA KONPONTZEA: 100.000€

Urteak dira San Juan kaleko atzealdeak premiazko konponketa baten beharra duela. Hainbat alditan eskatu du ere EH Bilduk. Berdintasunaren pasealekuak egunean erabiltzaile pila bat ditu, Ardantza kalea eta Amaña bitartean oinez ibiltzen direnak. San Juan kaleko atzealde hau, San Juan eta Mekola bitartean dagoena, zati arriskutsua da, irristakorra eta zuloz betetakoa. Behingoz konpontzea planteatzen dugu.

URKI AUZOAN IGOGAILU BERRI BAT kokatzeko proiektua idaztea: 30.000€

Irisgarritasun planean argi dago jasota. Urki auzoko irisgarritasun bertikala parte handi batetan konpondutzat eman ahal izateko, igogailu berri baten beharra dago. Sansaburu kalea eta Urki kaleko kota altuena lotuko lituzkeen igogailu berria izango litzateke, Arrateko Andra Mariko eskolan ere geraleku batekin. Igogailua egin ahal izateko bideragarritasun proiektua idaztea planteatzen dugu.

ESKILARA MEKANIKOAK IGOGAILUENGATIK ALDATZEKO PLANA idaztea: 15.000€

Irisgarritasun planean ere gomendio argia dago jasota: udalak eskilara mekanikoak igogailuengatik aldatu beharko lituzkela. Eskilara mekanikoek ez dituzte irisgarritasun arazoak guztiz konpontzen. Igogailuek askoz hobeto bermatzen dute irisgarritasun hori, igo eta jaisteko aukera ematen dutelako, besteak beste. Gainera, eskilara mekanikoen mantenimendua igogailuena baino askoz garestiagoa da, honek udaleko diru kutxarentzat suposatzen duenarekin. Beraz, eskilara mekanikoak igogailuengatik aldatzeko plana idaztea proposatzen dugu, lehentasunak markatuko dituen aldaketa kronogramarekin. Plan hori Irisgarritasun planera gehitzea aproposa izango litzateke, gainera.

MIRASOL ETXERA SARBIDEA KONPONTZEA: 80.000€

Mirasol etxea Egogain egoitzaren atzealdean kokatuta dago. Bertarako sarbidea oso korapilatsua da eta bertan bizi diren bizilagunek askotan eskatu dute sarbidea konpontzeko premia. Segurtasuna hobetzeko, anbulantziak etxeraino heldu ahal izateko etab. 2022an sarbidea konpontzeko proiektua idatzi behar zuen Udal Gobernuak. EH Bilduren eskaera, bizilagunen lasaitasunerako, proiektua egin eta gero, aurten, sarbidea behingoz konpontzea da.

KARABANEN APARKALEKUA, URAK HUSTUTZEKO TOKIA ETA BIZIKLETAK GARBITZEKO ESPAZIOA ITZION: 100.000€

Gero eta herritar gehiagok erabiltzen dituzte karabana eta autokarabanak, baita eibartarrak ez direnak ere. Gero eta herri gehiagotan hauek aparkatzeko toki publikoak daude hainbat zerbitzuekin. Behar handiena, aparkaleku publiko txiki bat eta urak hustu ahal izateko espazio bat sortzea da. Kokaleku aproposena saihesbidearen irteera bat izatea uste dugu. Horretarako, Itzioko parkeko aparkalekua Karabanentzako espazio honetan bilakatzea proposatzen dugu. Gainera, bizikletak garbitzeko beste toki batekin osatuta.

BIZIKLETA ELEKTRIKOAK GORDE EDO ETA APARKATZEKO APARKALEKU SEGURUAK: 50.000€

Gero eta eibartar gehiago dute bizikleta elektrikoa, baina bizikletak aparkatzeko ohiko aparkaleku eta sistemek ez dute hauentzat balio, izorratzeko arriskua dutelako edo ez direlako seguruak. Gauzak horrela, hirian bizikleta elektrikoak aparkatu ahal izateko aparkaleku edo eta gordailu seguruak sortzea planteatzen dugu.

UDALBUS GERALEKUETAN MARKESINAK JARRI: 50.000€

Udalbusak herrian egiten duen ibilbidean, hainbat geralekuetan ez dago markesinarik, batzuetan bakarrik daude. Ibilbidea osatzen joan eta ahalik eta leku gehienetan markesinak jartzea proposatzen dugu.

AMAÑA ESKOLAKO PATIOAREN ERABERRITZEAREKIN BUKATU: 8.000€

2022an Amaña Eskolako patioaren obra egin da. Oso pozik dago bertako hezkuntza komunitatea egindako patioaren eraberritzearekin. Baina azken gauza batzuk gauzatu gabe geratu ziren (zati bat estaltzea, tobogana…) aurrekontua agortu zela esanda. Obra osoaren proiektuarekin bukatu ahal izateko 8.000€ besterik ez dira falta eta hori bideratzea proposatzen dugu.

 

LANDA EREMUA ETA LEHEN SEKTOREA (46.000€)

Eibarko lehen sektoreak biltzen dituen EKOIZLEAK ETA HAUEN PRODUKTUAK EZAGUTARAZTEKO GIDA EDITATZEA: 6.000€

Eibarko lehen sektoreko ekoizleak eta hauek ekoiztu eta saltzen dituzten produktu sorta ezagutarazteko gida bat editatzea beharrezkoa dela uste dugu. Hainbat herritarrek ez dutelako informaziorik herrian ekoiztu eta saltzen diren produktuez. Informazio hori zabaldu beharra dagoela uste dugu, herrian dugun lehen sektorea balorean jarri eta bide batez, indartzeko. Gida paperean eta online formatuan editatzea planteatzen dugu.

LANDA EREMU ETA AUZOETARA GARRAIO PUBLIKOA GERTURATZEKO AZTERKETA egitea: 10.000€

Landa auzoetan bizi diren bizilagunek askotan azaldu duten beharra da garraio publikoaren azterketa egitea. Udal garraio publikoa ez da eraginkorra landa auzoetako bizilagunentzat eta azterketa baten beharrean dagoela uste dugu, landa auzotarrei ere merezi duten zerbitzua eskaini ahal izateko. Azterketa egitea planteatzen dugu garraio publikoan gabeziak konpondu eta zerbitzua hobetze aldera.

ELIKADURA SUBIRANOTASUNA, LEHEN SEKTOREA INDARTU ETA ERRELEBO GENERAZIONALA BULTZATUKO DITUEN AZTERKETA egitea eta honek HAPO berrian isla izatea: 15.000€

Eibarko landa eremuko lurren erabilera aztertzea du helburu lanketa honek. Lurren erabilera zehaztea, zenbat lur bideratzen diren elikagaien ekoizpenera eta elikagaiak ekoizteko lur gaitasunaren azterketak jasoko lituzke. Ikerketa honek elikadura subiranotasuna ardatz, lehen sektorea indartuko eta sektore horretan hain premiazkoa den errelebo generazionala sustatuko luke. Ordua da, lehen sektorea ekonomikoaren beste hanka bat bezala aintza hartzeko. Gainera, azterketa horren emaitzak berritzen ari den HAPOan isla izan beharko luke. Ikerketa hau da planteatzen dugun eredua: http://www.aldiri.eus/wp-content/uploads/2020/07/A36_DEF-18-21-otxoa-iparragirre.pdf

LEHEN SEKTOREAN ERRELEBO GENERAZIONALA SUSTATZEKO PLANA: 10.000€

Ordua da lehen sektorea ere garapen ekonomikoaren beste ardatz garrantzitsu bat bezala aintzat hartzeko. Herrian hilzorian dagoen ekonomia da eta premiazko politika eta laguntzak bideratu behar dira administrazioetatik. Garapen Ekonomikoko sailetik hamaika programa bideratzen dira Industria eta Komertzioa sustatzeko baina lehen sektorea beti hankamotz geratzen da. Errebal Merkatu Plazan postuak bete ahal izateko zailtasunak eta Sanandres azokan postuen jaitsierak arazo honen isla bakar batzuk besterik ez dira. Errelebo generazionala landu eta sustatzeko plan bat idaztea proposatzen dugu.

GIZARTE ZERBITZUAK LANDA AUZOETARA GERTURATZEA: 5.000€

Landa auzoetako bizilagunak udal Gizarte Zerbitzuetatik oso urruti daude eta ezjakintasuna handia da. Ez dituzte ezagutzen udalak, zein beste administrazioek, eskaini ahal dituzten gizarte zerbitzuak edo eta prestazioak. Informazioa zabaltzeko, gizarte zerbitzuei buruzko hitzaldi sorta antolatzea proposatzen dugu. Gainera, landa auzoetako errealitatea ezagutzera emateko, Gizarte Zerbitzuetako profesionalei ere (gizarte langileak, etxez etxeko laguntzako profesionalak, etab) formakuntza berezia eskaintzea ere proposatzen dugu.

 

ENERGIA (100.000€)

UDAL AGENTZIA ENERGETIKOA SORTZEA: 60.000€

Energiaren auzia gaur egunean pil-pilean dagoen gaia da. Aurrekontuetara begiratzea besterik ez dago. Energia eta erregaien partida guztiak zenbatuta, hauek 2 milioi euroko gastua suposatuko dute. Edo ez dago familien beharrei begiratzea besterik. Energiaren fakturek gora egin dute etengabe. AES eskatzaileetan ere, etxebizitzako ohiko energia gastuak ordaintzeko dirulagunzak igoera izugarria izan dute. Ordua da gai honetan Udalak ere esfortzuak egin eta eredugarri izatea. Horretarako Udal Agentzia Energetikoa sortzea planteatzen dugu, hainbat funtzio izango lituzkena: Bai udal eraikinetan, herrian bertan eta herritarren artean, efizientzia energetikoa landu eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko; aholkularitza zerbitzua eskaintzeko bai herritarrei zein udal teknikarie; askotan ahazten dugun kontsumo murrizketa lantzeko; Gizartekintzako langile eta erabiltzaileekin pobrezia energetikoa landu eta murrizteko; udal eraikinetan eguzki plakak bezelako energia berriztagarriak ezartzeko; edo eta nola ez, hirian zehar komunitate energetikoen sorrera sustatzeko. Aurreko guzti hau gainera, Eibarren kokatuta dagoen EHUko Energia Berriztagarrien Graduko arduradun eta ikasleekin landu daiteke elkarlanean.

FORMAKUNTZA LANGABETUENTZAT, EGUZKI PLAKEN MUNTAIA ETA MANTENIMENDUA. ETA GIZARTERATZE ENPRESA BAT SORTZEKO AUKERAK AZTERTZEA: 40.000€

Langabezian dauden pertsonentzat formakuntza berezia eskaintzea planteatzen dugu. Eguzki plaken muntaiak gero eta demanda handiagoa du baina profesional kopurua ez da oso handia. Horretarako formakuntza eskaintzea planteatzen dugu, hainbat eredu kontutan hartuta: Usurbilen eskaintzen den gradua edo Lanbide bitartez Portugaleteko San Roquen eskaintzen den 400 ordutako formakuntza ere (Montaje y Mantenimiento de Instalaciones Solares Fotovoltaicas). Formakuntza eskaintzeaz gain, Debegesarekin elkarlanean gizarteratze enpresa bat sortzeko aukera ere aztertzea proposatzen dugu.

 

 

BESTELAKO KONPROMISOAK

EIBARKO KULTURA MAHAIA SORTZEA

 

UDALTZAINGOA EGONKORTZEKO ETA EIBARKO LAN POLTSA SORTZEKO HAUTAKETA PROZESU PROPIOA EGITEA

 

PERTSONA NAGUSIEN TEKNIKARIA KONTRATATZEKO HAUTAKETA PROZESUA HASTEA

 

HEZKUNTZA TEKNIKARIA KONTRATATZEKO HAUTAKETA PROZESUA HASTEA

 

ERREBAL ETA COLISEO ERAIKINETARAKO DINAMIZATZAILE SOZIOKULTURALA KONTRATATZEKO HAUTAKETA PROZESUA HASTEA