AKTUALITATEA


| 2023-12-12 09:03:00

Herriaren beharrak oso agerikoak dira EH Bildurentzat eta aurrekontuak dira tresna egokienak behar horiek asetzeko. Gauzak horrela, EH Bilduk herriaren premiazko beharren diagnostikoa egin du eta politikak horietara bideratzea eskatu dio PSEren udal Gobernuari.

Zaintzan sakondu behar dute PSEren politikek. Horretarako auzoak indartzea eta auzotarren arteko erlazioak sustatzea ezinbestekoa izango da.

Udalaren politikek espazio publikoa ere zaindu behar dutela uste du EH Bilduk. Parkeen berritzea eta aisialdirako gune berriak sortzea ezinbestekoa da Eibar bezelako hiri batetan. Espazio publiko gehiago eta hobea behar du herriak.

PSEren udal Gobernuaren politikek etxebizitzaren arazoari eta gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasuneri ere erantzun behar diela uste du EH Bilduk. Horrela, 2023ko aurrekontuan adostutako Eibarko Alokairu Sozialeko Etxebizitza Zerbitzuaren sorreraren lehen urratsak emateko prozesuari jarraipena eman beharko zaio.

Hezkuntzaren kudeaketa ere modu integralean hartzeko ordua dela argi du EH Bilduk. Eibarren eskaintzen diren formakuntzek hazi ahal izateko zailtasunak dituzte eta besteak beste, Haurreskola publiko berri baten beharra agerikoa da.

Euskarari espazio gehiago ematea eskatuko du EH Bilduk. Egunerokotasunean euskaraz aritzeko oztopoak gutxitzea eta euskara eskuragarri jartzea derrigorrezkoa da, Eibar herri euskalduna izatea ahalbidetzeko.

Kultura arloan, sormena eta sorkuntza bultzatzeaz gain, kultura kontsumoa sustatzea eta herritar guztientzat eskuragarri jartzea ezinbestekoa dela uste du. Bestalde, herriko jaien inguruan sakoneko hausnarketak eta berrikuntzak egiteko ordua dela uste du EH Bilduk.

Trantsizio energetikoan ere ausardia beharrezkoa da eta jauzi kualitatibo bat egiteko ordua da. Hondakinen birziklapenean ere berdin, are gehiago Eibarko birziklatze tasa negargarria ikusita.

Lehen sektorearen epe motzeko etorkizunarekin arduratuta dago EH Bildu. Errelebo generazionala bermatzeko eta negozio aukera berriak sortzeko politikak beharrezkoak dira. Gainera, honekin estu lotuta, Errebal eraikineko Merkatu plazaren espazioaren inguruko hausnarketa egitea ezinbestekoa da, bertako denda finkoek bi urte eta erdi daramatzate itxita eta.