AKTUALITATEA


| 2021-09-09 12:17:00

Covidaren osasun pandemiak krisi ekonomikoa ekarri du lotuta. Hainbat sektore ekonomiko suertatu dira kaltetuak baina baita hainbat eta hainbat eibartar ere. Gainera, aspaldi dabil EH Bildu dirusarreren arabera ordaintzen diren zergak eskatzen. Justizia soziala bakoitzak bere dirusarreren araberako zergak ordaintzea izango litzateke. Ez da justua IBIa unibertsala izatea, edozein izanda ere etxebizitza horrek dituen dirusarrerak. Baina zergak arautzen dituzten legeetan aldaketa sakonak eman beharko lirateke hori ahalbideratzeko eta oraindik urrun gaude horretatik.

Gauzak horrela, datorren urterako tasa eta zerga debatean, etxebizitzaren gaineko zerga, IBIa ordaindu ahal izateko dirulaguntza ildoa martxan jartzea planteatu du 2022ko aurrekontuetatik aurrera. Laster hasiko da PSEren udal gobernua 2022ko aurrekontuaren zirriborroa zehazten eta dirulaguntza ildo berri hau bertan jasota egotea eskatu du EH Bilduk.

Badaude dirulaguntza hauek martxan jarri dituzten udal batzuk. Eibarren Pasaiaren adibidea jarri dugu mahai gainean. Bertan, 2009an jarri zituzten martxan IBIa ordaintzen laguntzeko dirulaguntza hauek.

Etxebizitza hutsen gaineko IBIaren errekargua mantentzea

Gainera, etxebizitza hutsen gaineko IBIaren errekargua mantentzea planteatu dugu, Etxebizitza legean jasota dagoen etxebizitza kanona modu efektiboan bildu arte.

Hainbat gauza daude aklaratzeke kanon horri buruz eta PSEk ez du inolako argibiderik eman. Jaurlaritzak markatutako kanona adibidez, 2 urtez jarraian hutsik dauden etxebizitzek ordaindu beharko dute, ordu arte IBIaren errekargua indarrean jarrai dezala planteatu du EH Bilduk.