AKTUALITATEA


| 2021-06-02 09:51:00

EH Bilduk beti dauka presente zailtasun larriak dituztela herriko gazteek modu duinean emantzipatzeko. Gauzak horrela, 2015ean gazte eibartarrak emantzipatzen laguntzeko dirulaguntza martxan jartzea proposatu genuen. Geroztik, bataz beste urtean 60 gazte inguruk jaso dute alokairua ordaindu ahal izateko dirulaguntza hau.

 

Hasiera batetan partida urtean 50.000 eurokoa zen bitartean, orain 18.000 eurokoa besterik ez da, Jaurlaritzako Gaztelagun programatik kanpo geratzen diren gazteak laguntzen direlako. Baina oso argi dauka EH Bilduk 18.000 eurok ez dituztela inolaz ere gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunak konponduko.

 

Eibarren etxebizitzarekin arazo oso larria daukagu. Gazteek prekarietate egoera orokortua bizi dute eta zailtasun handiak dituzte emantzipatu eta alokairu pribatuengatik eskatzen duten dirutza ordaindu ahal izateko. EAEko prezio altuenetarikoak. Zer esanik ez, gaztea arrazaliziatua baldin bada.

 

Gure ustez laguntza hauek behar beharrezkoak dira, baina hortaz gain beharrezkoa ikusten dugu herrian alokairuaren aldeko politikak sustatzea. Administrazioak ezin du beste alde batetara begiratu eta neurri integralak eta eraginkorrak hartu beharko lituzke. Ausartena eta eraginkorrena, legez alokairu pribatuen prezioak mugatzea izango litzateke, Katalunian onartu dan moduan, baina Espainian eta Jaurlaritzan PSE eta PNVk ez dute nahi izan. Ordua da baita, Jaurlaritzak Etxebizitza Legea bere osotasunean gordeta duen kajoitik atera eta aplikatzeko; bertan jasota dagoen etxebizitza hutsen errekargoa ere martxan jartzeko. Eraikiko diren etxebizitza publikoetako gehienak gazteentzako etxebizitza dotazionalak izatea ere sustatu beharra dago. Hori zen Txontako 200 VPOko proiektuarekin EH Bilduk zuen kezka handienetariko bat. Beraz, egin ahal diran esku hartze asko daude eta alokairua ordaintzen laguntzeko dirulaguntza hau, horietako bat besterik ez da.

 

Aukerak zabaldu behar dira alokatu nahi eta erosi ezin edo nahi ez dutenentzat. Bakarrik, lagunekin, bikotearekin, komunitatean, etab. bizi nahi dutenentzako. Alokairua etxeko kide bakoitzaren diru sarreren arabera ordaindu nahi dutenentzako. Alokairua osoa partekatu nahi dutenentzako. Bizitzeko aukerak askotarikoak dira. Alokairu duinak behar ditugu. Era berean, esan beharra dago egun Eibarren dauden laguntzak ez dietela erantzuten alokairuen prezioei ezta etxebizitza horietan bi pertsona baino gehiagok elkarbizitzea erabaki dutenei. Gainera, gure herrian ematen diren eskubide urraketak alboratzeko errentariarekin eta etxe-agentziekin lanketa egitea beharrezkoa ikusten dugu. Etxebizitza duin baterako eskubidea denena baita.

 

1000 etxebizitza huts baino gehiago ditugu herrian. Aukera bezala ere ikusten du EH Bilduk. Gure alokairu sozialerako lanketa publiko lokal propio bat sortzeko aukera ematen digulako.