Ima Garrastatxu Durangoko alkate eta EH Bilduko hautagaiak Pinondo Plaza hobetzeko eta biziberritzeko eta haren atzean dagoen parkea durangarrentzako berreskuratzeko konpromisoa hartu du. Mañaria ibaira ematen duen parkea da, eta beste aldean Lariz dorrea du, gaur egun Andragune dagoen tokia. Modu horretara, ibaiaren erriberaren gune berri bat berreskuratzea da helburua.
Garrastatxuk gogorarazi duenez, “legegintzaldi honetan alde zaharrean Andra Mariko elizpea hobetzen ari garen bezala, datorren legealdirako Pinondo plaza hobetzeko konpromisoa hartzen dugu. Gune hau durangarrontzako topagune eder bat da, beraz Pinondo Plaza guztiontzat abegitsua eta zirraragarria izango den espazio batean bihurtzeko konpromisoa hartzen dugu.
Horretarako, alkateak gogorarazi du Udaletik lanean ari direla dagoeneko, eta proiektuaren diseinua dagoeneko lizitaziora atera dela. Proiektuaren diseinuan durangarrek parte hartu ahalko dutela gogorarazi du Garrastatxuk.
Ekintza planak funtsezko hiru arlo izango ditu ardatz:
· Espazioaren berritzea: Pinondo Plazaren garrantzi historiko eta kulturala ulertzea. Horren barruan sartuko dira gune horretako altzariak aldatzea, eremu berdeak berritzea eta zuhaitzak behar bezala zaintzea.
· Espazio inklusiboak: Pinondo Plaza pertsona guztientzako espazio inklusibo bihurtu nahi dugu. Mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzako espazio irisgarriak eta adinekoentzako atseden gune egokiak.
· Programa komunitarioak: Pinondo Plaza biziberritu nahi dugu, eta horretarako bere itxuraz gain, bertan eskaini ahal diren jarduerak landu nahi ditugu.
Garrastatxuk adierazi duenez, “Pinondo plaza Durangoko altxorretako bat da, inguru ikusgarriz inguratua. Santa Anako arkua, erreka, zuhaitz ikusgarriak, iturria, Etxe Zuria jauregia, … Pinondo leku magiko bihurtzen duten elementuak dira. Gogor lan egingo dugu merezi duen distira itzultzeko”.