AKTUALITATEA


| 2023-05-23 09:11:00

Ima Garrastatxu Durangoko alkatea Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko ahaldun nagusigaiarekin batera izan da astelehen honetan Urki Hegoaldeko errepidean. Obra horiek, bien hitzetan, jauzi kualitatiboa ekarriko dute Durangoren garapen industrial eta ekonomikoari dagokionez, errepide alboan Eguzkitzako industrialde berria sortuko baita.

Urki Hegoalde errepidearen laugarren eta azken faseko obrak aurreko astean hasi ziren, eta 3.556.000 euroko aurrekontua dute. Durangoko Udalak azken 12 urteetan egin duen inbertsiorik handiena izango da. Garrastatxuk gogorarazi duenez, inbertsio garrantzitsu horrek Eguzkitzako empresa gunea garatzea ekarriko du, eta horrek enpresa berriak erakarriko ditu Durangora, enplegu berria sortuz.

Horretarako, alkateak adierazi du dagoeneko badaudela Durangon finkatzeko interesa agertu duten enpresak, sektore berriak eskainiko dituen aukera berriak direla eta. Horrez gain, azken fasea 10 urte baino gehiagoz atzeratu izana deitoratu du Garrastatxuk.

Haren hitzetan, “Durango ia esklusiboki hirugarren sektoreari eskainitako udalerria da, industriarako ia lekurik ez duelako. Urki Hegoalde errepidea, eta, ondorioz, Eguzkitzako enpresa sektorea, duela ia hamar urtetik egon beharko lirateke martxan, eta horiei esker Durangok enpresa berriak jaso ahalko lituzke, baina utzikeria horrek hainbat aukera galtzea eragin du. Obra hauek hastearekin batera, Durango erreferente izateko ekimena berreskuratuko dugu, baita enpresaren sektorean ere”.

Bestalde, Casanovak azpimarratu du beharrezkoa dela industria politika ekintzailea abian jartzea, Durangoko eta Durangaldeko biztanleen premiekin bat etorriz. Proposamen hau EH Bilduk egungo eredu industrialari buruz egin duen diagnostikoan oinarritzen da. Bertan, euskal industriaren sendotasunaren pixkanakako joera negatiboa antzeman du, berrikuntza industrialerako estrategia berrien eskasia dela eta.

Casanovak adierazi du Durangaldea eskualde historikoki industriala dela, eta bertan metalurgiak pisu handia izan duela bere ekonomian. “Pisu espezifiko hori alde batera utzi gabe, erakundeetatik errealitate hori osatu behar dugu sektore estrategiko berrien alde eginez, hala nola industria teknologikoen alde. Urrats berri bat emateko eta garai berrietara egokitzeko garaia da, eta ziur nago Eguzkitzako polo berria oso lagungarria izango dela helburu hori lortzeko”.