EH Bildu Durangok, Ima Garrastatxu alkatea buru, durangarrekiko zortzi konpromiso nagusiak aurkeztu ditu, herria modu parte hartzailean eta gizartearen premiekin bat egingo duen herri programa osatzeko.
Besteak beste, udaletxeko lau hormetatik haratago lan egiteko, auzoen papera indartzen jarraitzeko, Durango gozagarriago bat bihurtzeko, zerbitzu sozialak berrindartzeko, herriko ekonomia berpizteko edota herri feministago, ekologistago eta euskaldunago bat eraikitzeko konpromiso argia erakutsi du Garrastatxuk.
“Legegintzaldi honetan, gure herriko sektoreekin ildo zuzena izaten saiatu gara, durangarron beharrak zeintzuk diren ezagutzeko eta modu ahalik eta emankorrenean erantzuteko. Konpromiso argia daukagu amesten dugun Durango hori gauzatzeko, eta horretarako lantalde ikaragarri bat daukat alboan”, Ima Garrastatxu egungo alkate eta hautagaiak azaldu duenez.
Hauek dira zortzi konpromisoak:
1. Herriarekin gobernatu.
Udalak elkarteekin konpartitzen dituen kontseiluak edo foroak bezalako espazioak indartuko ditugu. Udala eta herritarrak gerturatzeko Herritarren Txarleta eta Ataria jarriko ditugu martxan udal zerbitzu guztiak eta udalarekin harreman guztiak elkartuz.
2. Durango herritarrontzat berreskuratu.
Erreferendum bidez erabaki genuen Durangoren erdiguneari buruz, lau urte hauetan Durangoko ondarea berreskuratu eta herritarren esku jarri dugu: Ezkurdiko Frontoia edo Andra Mariko elizpea berritzea adibidez. Bide horretan jarraituko dugu Correos Kultur etxe bilakatuz, esaterako.
3. Auzo biziak.
Auzoetan ere espazioak berreskuratu ditugu eta horietan Auzoguneak sustatuko ditugu. Auzoetako jaien edo Jolas Egunen bidetik, auzoguneak auzo bizitza sustatzeko tresna izango dira: auzo elkarteentzako espazioa, auzotarrek elkar ezagutzekoa eta proiektu ezberdinei bide emateko guneak.
4. Herri bizia, aktiboa eta gozagarria.
Ezkurdiko frontoia zabalik, merkatu plaza bizi-berritua, kirol eta aisialdirako aukerak, kultur eskaintza zabala eta tokiko merkataritzaren aldeko apustua. Durango eraikinak, azpiegiturak eta kaleak baino gehiago delako guretzat, horretan jarraituko dugu.
5. Ondo bizitzeko herri bat.
Udalak eskubide sozialak defendatu behar ditu. Etxebizitza eskuragarria sustatzeko alokairu sozialeko 240 etxebizitza izango ditugu Durangon eta Pinondo eta San Agustineko ospitalea ere etxebizitza eskubidea bermatzeko baliatuko ditugu, etxebizitza intergenerazioneletarako proiektu bat garatuz. Zerbitzu publikoak eta udal zerbitzuak ere indartuko ditugu, ekintzen bidez. Zaintza ere erdigunera ekarri nahi dugu, eta horretan martxan jartzeko Durangoko zaintzaren diagnostikoa egingo dugu.
6. Denon Durango.
Zahar zein gazte, bakoitzaren nahi eta beharrei erantzutez egindako herria nahi dugu. Jatorri anitzetako durangarron artean elkar ezagutu eta komunitatea osatu nahi dugu. Indarkeria eta diskriminaziorik gabeko herri bat nahi dugu: indarkeria matxistarik gabekoa, antiarrazista, LGTBI-fobiaren aurkakoa.
7. Durango ekologikoa.
Energia berriztagarriak sustatuko ditugu bai udaletik, eta bai durangarrekin energia komunitateak sustatuz. Durangoko inguru naturala, erreka, basoak eta berdeguneak zainduko ditugu, mugikortasun jasangarria bultzatuko dugu.
8. Herri feminista eta berdintasunaren aldekoa.
Herri feministaren bidean ekiten jarraituko dugu, aipatu ditugun zaintzaren herri diagnostikoaren bidez, edo Indarkeria Matxistaren Aurkako Plan Integrala garatuz eta sakonduz. Mugimendu Feministarekin aliantzak jorratzen jarraituko dugu.