Hauteskundeetarako hiru egunen faltan, Ima Garrastatxu egungo alkate eta EH Bilduko hautagaiak datorren legegintzaldiaren lehen 100 egunetan aurrera eramango dituen konpromisoak aurkeztu ditu. Ekimen honen bitartez, Garrastatxuk durangarrekiko ‘kontratu’ bat sinatu nahi izan du, gobernura heldu eta lehen hiru hilabeteetan gauzatzeko.
Hamabi neurri horiek arlo ezberdinei eragingo dizkie, hala nola, osasungintzari, hirigintzari, indarkeria matxistari, jasangarritasunari, etxebizitza politikei, memoria historikoari, kulturari edota umeen aisialdiari dagokionez.
Garrastatxuren hitzetan, “kontratu antzeko bat sinatu nahi dut durangar guztiekin, alkatetzara helduz gero, datozen 100 egunetan martxan izango ditugun neurriekin”.
Hurrengo proiektuak martxan jartzeko konpromisoa hartu du Garrastatxuk:
Osasungintzan
- Osasun sailburuari deitu, Durangoko osasungintzaren egoera tamalgarria azaltzeko eta neurri zehatzak har ditzan lan mahai bat eskatzeko.
Hirigintzan
- Antso Estegiz, Muruetatorre eta Madalenako obrak hasi
- Merkatu berrirako proiektua jaso eta obrak lehiaketara ateratzea
- Trenaren trazatu zaharra berreskuratzeko obrak lizitatzera atera
Feminismoan
- Indarkeria matxistaren kontrako programa berria martxan jarri
Jasangarritasunean
- 750 plaka fotovoltaiko jarri udal eraikinetan
- Durango osoan LED argiak izateko obrak martxan jartzea
- Komunitate energetikoak martxan jartzeko lehen urratsak ematea
Etxebizitza politiketan
- Udalak jabetzan dituen 16 etxebizitza alokairuan ateratzea
Memoria Historikoan
- Gernikako Udalarekin lan mahaia sortzea bi herrien kooperazio historikoan sakontzeko
Kultura eta aisialdian
- Correos eraikina kultur etxe bihurtzeko proiektua bukatuta izatea
- San Inazioko haur parkea estaltzea