Leire Vargasek berak idatziriko poema errezitatuz hasi du ekitaldia, Matxalen Erzillaren biolontxeloa lagun, San Agustin antzokia beteta zegoela.
Ima Garrastatxuk ireki du ekitaldi politikoa. Parez pare ditugun erronka handiez hitz egin du: “etxebizitzaren arazoa, klima larrialdia, zaintza krisia… erronka globalak dira, baina Durangon ere asko dugu egiteko gai hauetan”. Garrastatxuk aipatu du hamarkada hau erabakiorra izango dela, eta zentzu horretan, politika publikoak egiterakoan norabidea argi izatea ezinbestekoa izango dela. “Durango oso herri anitza da, eta horrenbestez, norabide hori partekatua izan beharko da”. “Horretara etorri gara gaur, Durangoko lehenengo indar politikoa garen heinean horrela dagokigulako, norabide argi bat proposatzera. Eta norabide hau herritar, elkarte eta alderdiekin partekatuko dugu, herri elkarrizketa bat irekiz”. “Ahalmena badago ditugun erronkei aurre egiteko, baina anbizioa eta norabide argi bat falta dira”.
Aritz Bravo zinegotzi ohiak hartu du hitza jarraian. “Agortutako eredu bati jarraitu dio urte askoan Durangoko Udalak, eta gaur egun ere agortutako eredu horri jarraitzen diote”. Azaldu du orain arteko politikekin ez zaiela parean ditugun erronka sozial eta ekonomikoei soluziorik eman. “Norabide berri baten oinarria izan behar da politika neoliberalak gainditzea. Onartzea etxebizitzaren arazoa ez duela merkatuak soluzionatuko, eta instituzioek esku hartu behar dutela. Onartzea larrialdi klimatikoan gaudela eta deshazkundea bultzatu behar dela. Onartzea zaintzaren auzia lotuta doala zerbitzu publikoen indartzearekin.”
Hilabeteen lantzen ibili diren proposamena puntuz puntu azaldu dute Martin Arrasate eta Ane Abanzabalegik. Etorkizunerako norabide horren ardatzak hurrengoak dira:
Durango bizigarria. Ongi bizitzeko herri bat. Hiriginzta pertsonen zerbitzura jarri behar da, etxebizitzaren egoeran eskuartuz eta krisi klimatikoaren aurrean Durango Berdeago baterantz pausoak emanez.
Durango bizia. Herri honetako elkartegintzari aitortza egin behar zaio, Kultur ekosistema eta auzoetako metabolismoa zainduz eta komertzio txikia biziberrituz.
Denona izango den Durango. Feminismotik eta zaintzaren krisiari aterabideak topatuz. Inor atzean utziko ez duen herria, bere jatorria, hizkuntza edo aniztasun funtzionala dena delakoa izanda.
Eta norabide berri horretan pausuak emateko hurrengo tresnak proposatu dituzte:
Elkarlana. Durangoko udalean ez da gehiengo absoluturik egongo, eta beraz, alderdi ezberdinen arteko adostasunak egon beharko dira.
Komunitatea. Baina elkarlana ez da soilik alderdien artean, Durangoko komunitatea osatzen duten elkarte, herritar eta instituzioen artean diseinatu beharko dira etorkizuneko proiektu estrategikoak, Durangoren ongizatea denon helburua izanik.
Parte hartzea. Eta horretarako parte hartzeko tresna berriak sortu beharko dira: Erabaki garrantzitsuen inguruko galdeketak eginez eta, arloz arlo, foroak, kontseiluak eta erabakitzeko boterea izango duten espazioak sortuz.
Amaitzeko, “Norabide bat” dinamikaren baitan, Durangoko herritar, elkarte eta alderdiekin hitz egitera doazela azpimarratu dute. “Uste dugulako planteatzen dugun norabide berri honek kontsentsu zabala duela gure herrian, baina baita besteen ekarpenek norabide hau aberastuko dutelako”.
“Erronka berriei elkarrekin aurre egiteko gobernantza berri bat inauguratzeko ordua da Durangon, garai berri bati hasiera emateko momentua da”.