AKTUALITATEA


| 2023-05-11 10:45:00

Ima Garrastatxu Durangoko alkate eta EH Bildu koalizioko hautagaiak hauteskunde programaren proiektu nagusiak aurkeztu ditu ostegun honetan, duela lau urte hasitako aldaketan sakontzeko eta durangarren ongizatea sustatzeko helburuarekin. Horretarako, koalizioak datozen lau urteetarako proposamen politikoa zehaztu du.

Programa zazpi bloke nagusitan banatzen da, eta, horrez gain, auzoetarako hainbat neurri jasotzen ditu. EH Bilduren ekintza ildo nagusiak Eusko Jaurlaritzarekin trenak askatutako lurren inguruan adostutako gizarte proiektuen garapenean eta auzoetarako baliabide berriak eskaintzean oinarritzen dira.

Lehenik eta behin, koalizioak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzarekin lortutako akordioari esker, alokairu sozialeko erregimenean babes ofizialeko 240 etxebizitza aurreikusten dituen Etxebizitza Plan bat ezarri ahal izango dela. Plan honen bidez, etxebizitza eskuratzeko arazoari alternatiba bat eskaini nahi dio EH Bilduk. Era berean, eta akordioaren puntuetako bat izanik, tren geltoki zaharreko orubean 34.000 metro koadroko parkea ahalbidetu nahi du Garrastatxuk, bost futbol zelairen baliokidea. Gainera, trenaren lehengo ibilbidea bide berde bihurtuko da, eta San Agustingo ospitale zaharra eta Pinondo Etxea berreskuratuko dira helburu sozialetarako.

“Aipatutako neurri hauek ez dira promesa hutsalak, Eusko Jaurlaritzarekin adostu ditugun proiektuak dira, eta, horrek, aldi berean, 18 pisuko bost dorreen proiektua atzean uztea dakar. Hauteskunde hauetan durangarron esku egongo da, lehen gobernatzen zutenen eskutik hormigoiz beteriko iraganera itzuli, ala etorkizunari izaera sozial handiko proiektuekin begiratzea. EH Bildu da etorkizuneko proiektu horiek behar bezala garatzeko bermea”, Garrastatxuk adierazi duenez.

Bestalde, legegintzaldi honetan aurrera eraman diren hainbat proiekturi jarraipena emateko asmoa du EH Bilduk. Horien artean daude Kapitanena (San Fausto), Juan de Itziar, Muruetatorre eta Errotaritxuenako auzoguneak, dagoeneko esleitu direnak edo eraikitzen ari direnak. Era berean, merkatu berria, Madalena plaza berria eta Correos eraikin zaharreko kultur etxe berria.

"Madrilen ministro batekin diru laguntza bat sinatzen nengoela, beste alderdi politiko bateko alkate batek esan zidan pandemiak bideorri guztia aldarazi digula bi urtez, eta legegintzaldi honek beste urtebeteko luzapena merezi duela. Durangoren etorkizuna eraldatuko duten proiektu ugari ditugu datozen urteetarako. Horregatik, funtsezkoa da Udalean jarraitzea, aurreko legegintzaldietan bezala, ahanzturan gera ez daitezen", azpimarratu du Garrastatxuk.

Beste lehentasunetako bat pertsonen zaintza izango da, batez ere adinekoena. Horretarako, alkateak Bakardadeari aurre egiteko Plan bat sortzea edota Pablo Pedro Astarloa kalean dagoen Adinekoen Etxea handitzeko aukera proposatu du. Horretarako, EH Bilduk Zainketen Diagnostiko Partekatua jarriko du abian, durangarren beharrak identifikatzeko.

Klima aldaketaren arazoari dagokionez, EH Bilduk konpromisoa hartu du azken hilabeteetan Udalean onartu den Energia Plana betetzeko. Dagoeneko hasi dira 750 eguzki panel inguru instalatzen hainbat udal eraikinetako teilatuetan, eta Landako Guneko teilatuan beste 416 panel jartzeko proiektu bat lantzen ari da Udala, 350.000 euroko inbertsioarekin, aurtengo Aurrekontuetan aurreikusita dagoena.

Gainera, Energia Komunitate kooperatibak sortzea proposatu du Garrastatxuk, hala nahi duten durangarrak energia berriztagarriz hornitu ahal izan daitezen.

Hauteskunde programak tokiko ekonomia, berdintasuna, hezkuntza, osasuna, euskara, ingurumena, kultura, kirola eta haur eta gazteentzako eskaintza indartzearekin lotutako hainbat proiektu ere biltzen ditu.

Garrastatxuk azpimarratu duenez, "duela lau urte udal honen norabidea aldatu genuen, jendearengana hurbildu eta bere behar eta asmoei erantzuna eman nahian. Hauteskunde hauetan aurkezten dugun programaren helburua Durangorako bilatzen dugun aldaketa sendotzea da. Proiektu ugari ditugu garatzeke eta durangarren bizitza hobetzen jarraitu nahi dugu".