AKTUALITATEA


| 2023-05-16 09:47:00

 

EH Bilduk zaintza Durangoko Udalaren politiken erdigunean jartzea proposatu du, eta horretarako hainbat proiektu berri proposatu ditu. Besteak beste, Ima Garrastatxu alkate eta hautagaiak Bakardadearen Aurkako Plana sortzea edo gaur egun Pablo Pedro Astarloa kalean dagoen Adinekoen Etxea handitzeko aukera aztertzea proposatu du.

Horretarako, lehenik eta behin, EH Bilduk Zainketen Diagnostiko Partekatua jarriko du abian, herritarren beharrak identifikatzeko. “Gure lehentasuna behar gehien duten durangarren bizitzak hobetzea da, adibidez, mendekotasuna duten herritarrentzako zerbitzuak indartuz, gazteen osasun mentala zainduz edota bakarrik bizi diren adinekoei lagunduz”, Garrastatxuk azaldu duenez.

Azken atal hori –bakardadean bizi diren adinekoena– izango da landu beharreko proiektu nagusietako bat, Bakardadeari Aurkako Plan bat egin eta abian jarriko baita. Helburua izango da bakardade arazoa duten pertsonak identifikatzea eta, ondoren, pertsona horien bizitzak hobetzeko eta duintzeko plan bat diseinatzea eta abian jartzea.

Garrastatxuren arabera, “gehien behar dutenak zaintzea da gure ardura. Pandemiak zaintzak zein garrantzitsuak diren konturarazi gaitu, eta Udalak beharrezkoak diren mekanismoak eta tresnak jarri behar ditu martxan, Durangon zaintza arazoak dituen inor egon ez dadin. Durangon erreferente izan nahi dugu arlo honetan”.

Hauek dira EH Bildu Durangok hartzen dituen konpromisoak:

· Zainketen diagnostikoa

Zainketen Diagnostiko Partekatua abian jartzea, durangarren zaintza beharrak identifikatzeko. Mendekotasun egoeran dauden durangarrei zuzendutako zerbitzuak indartuko ditugu, gazteen osasun mentala zainduz edo bakarrik bizi diren adinekoei lagunduz.

· Zaintzaileak zaintzea

Zaintza lanak feminizatuta, ohituta eta prekarizatuta daude. Gure helburua zaintzaileen lan baldintzak duintzea da. Horretarako, prekarietate egoeran dauden zaintzaileen ahotsa entzuteko prozesu bat irekiko dugu.

· Hautatu gabeko bakardadeari aurre egiteko plan bat egin eta abian jartzea

Diagnostiko partekatu baten bidez, bakardadea pairatzen duten pertsonak identifikatuko ditugu. Ondoren, pertsona horien bizitzak hobetzeko eta duintzeko plan bat diseinatu eta abian jarriko dugu.

· Belaunaldien arteko bizikidetza etxebizitzak

San Agustin Ospitalea adinekoentzat eta gazteentzat izango da, berau eraberritu eta egokitu ondoren. Bi belaunaldien bizikidetza sustatuko dugu, batetik, eta bakoitzaren autonomia, bestetik, etxebizitza duinak eskainiz.

· Zaintzara bideratutako udal zerbitzuak sortzea

Zaintzaren Diagnostiko Partekatuan identifikatzen ditugun beharrei aurre egiteko, zerbitzu publiko berrien sorrera aztertuko dugu.

· Zainketa komunitate bat ehuntzea

Talde gisa zaintzeak duen garrantziaz jabetzen den komunitate bat ehuntzea ezinbestekoa da garai hauetan. Herriko taberna eta jatetxeekin ‘Taberna Lagunkoiak’ bezalako proiektu bat osatu den bezala, merkatari, elkarte eta auzoekin elkarlanean elkar zaintzeko aukera gehiago jarriko ditugu martxan.