AKTUALITATEA


| 2023-12-04 15:50:00

EH Bildu Durangok gogor kritikatu du gobernu taldeak (EAJk eta PSEk) 2024ko Aurrekontuetarako proposatutako jaitsiera, besteak beste, Hezkuntza (-%39,5), Kirola (-%17) eta Ingurumena eta Garapen Iraunkorra (-%36) arloetan. Horrek herritarrentzat hain garrantzitsuak diren gaietan orain arte egiten ziren proiektu eta ekimen zehatzak ezabatzea ekarriko luke.

 

Erabaki horiek kasu jakin batzuetan murrizketa dakarte, hala nola gazteen alokairurako laguntzak 20.000 euro murriztea. EH Bildu Durangotik kezkaz bizi dugu Merkataritza (-%6), Haur eta Gazteria (-%8) edo Mugikortasuna (-%11) partidak ere jaitsi izana, eta 2023tik gehien igo den partidetako bat Goi Kargudunena izatea (+%25), alkatearen eta alkateordeen soldata igoera neurrigabeak direla eta.

 

"EH Bildutik eskua luzatzen diogu udal gobernuari akordioak lortzeko, baina argi daukagu egungo gobernuaren aurrekontu-proposamenak ez diela erantzuten herritarren beharrei, guretzat funtsezkoak diren arloetan murrizketa handiak eginez. Alkateak soldata % 66 igotzen duen bitartean, Hezkuntza eta Ingurumeneko partidak % 39,5 eta % 36 jaisten dira, hurrenez hurren, eta horrek erakusten du zein urrun bizi diren gure bizilagunen eguneroko arazoetatik ".

 

Bestalde, EH Bildutik ez dugu begi onez ikusten herritarrei zein herriko eragileei eskaintzen zaizkien dirulaguntzetan murrizketak egin izana. Murrizketa hauen adibide dira komunitateetan eguzki-panelak ezartzeko diru laguntza kentzea edo baserritarrekin sinatutako hitzarmena ezabatzea, aurreko legegintzaldian merkatuko plaza sustatzea eta dinamizatzea landu baitzen.

 

"Azken urteotan baserritarrekin batera lan egin dugu dinamizazio kanpaina ezberdinetan. Alferrik izango da merkatu plaza berriaren proiektua garatzea edo etorkizunean birmoldaketa lanak egitea, bidean baserritarrei laguntzen ez badiegu".

 

 

2024ko aurrekontuari begira, EH Bilduk 381.300 euroko 5 zuzenketa aurkeztu ditu, honako hauek:

 

- Frontoi irekia eta erabilera anitzeko kantxak Txibitenan. 200.000 €

o Partida bat, kirolgune ireki eta doakoetan inbertitzeko.

- "Durango Kardio Babestua". 41.300 €.

o Desfibriladoredun puntu-sare bat sortzeko urteko partida.

- SOLOKO Elkartearekiko hitzarmena berreskuratzea. 20.000 €

o Baserritarren merkatua dinamizatzea eta bultzatzea.

- Energia-komunitateak sortzea. 100.000 €

o Energia-komunitateak garatzea autokontsumoa bultzatzeko eta proba piloturen bat abian jartzeko.

- HERRI HEZITZAILE. 20.000 €

o Hezkuntza-komunitatea sustatzea (Udal Eskola Kontseilua, Hezkuntza Foroa)

 

"Aurrekontu hauek elkarteen eta herritarren egunerokotasunarekin duten konpromiso eskasak kezkatzen gaitu. Gobernuaren lehen 100 egunekin egin zuten bezala, non aurkeztutako ekintza gehienak aurreko gobernuak jada abiarazitakoak ziren, egungo gobernu-taldeak 2024rako Aurrekontuak aurkeztu ditu, eta murrizketa handiak egin ditu gai garrantzitsuetan, hala nola iraunkortasunean edo kirolean”.

 

EH Bilduk jakin badaki Durango ez dela oso independentea bere diru-sarrerekin,

 Aldundiaren ekarpenen mende baitago. 2024rako Aldundiaren ekarpena 1,6 milioi igo da diru-bilketa handiagoaren ondorioz, "baina ikusiko dugu zer egoeratan gauden jaisten denean, udalaren gastu arruntak nabarmen igo baitira, % 5,20 2023tik 2024ra, ia 2 milioi euro".

 

EH Bildutik, 2024ko Aurrekontuak eztabaidatu eta negoziatzeari begira, ezinbestekotzat jotzen dugu urte hasieran konprometituta zeuden eta egungo gobernuak atzean utzi nahi dituen proiektuak gauzatzea, besteak beste, Kapitanena baserriko San Fausto auzo etxearen proiektua (1.022.150 €) eta Zirarmendienta espaloia birmoldatzea (234.339,59 €). Era berean, trenaren bidea urbanizatzeko prozesua abiatu genuen (950.000 €). Horretarako, 200.000 euroko konpromisoa hartu genuen 2023ko aurrekontuetan, eta 750.000 euroko soberakina 2023an.

 

Bestalde, 2023ko aurrekontu parte-hartzaileetan auzoak hobetzeko herritarrek helarazi zizkiguten proposamen guztiak gauzatzea ere eskatzen dugu, hala nola:

 

- Pinondo plazako urbanizazioa 260.000 €

- Zebrabideak hobetzea erdialdea 100.000 €

- Hobekuntzak Madalena ermitan 100.000 €

- Ibaizabal haur-parkea 100.000 €

- Otamotzena haur-parkea 50.000 €

- San Fausto haur-parkea 88.000 €

- Tabira uretako haur-parkea 88.000 €

- Bidegorriak egokitzea eta handitzea 100.000 €

 

EH Bildutik badakigu aipatutako proiektu guztiak bideragarriak direla horretarako borondate politikoa badago behintzat, 2023rako Aurrekontuetan bazeuden, baina EAJk eta PSEk azalpenik gabe geldiarazi dituzte. Horregatik guztiagatik, berriz ere eskua luzatzen diogu gobernu-taldeari, 2024rako aurrekontuak birbideratzen saiatzeko eta herritarrek eta elkarteek Durangoren etorkizunerako proiektu garrantzitsuak gal ez ditzaten.