Gaur pentsakor nago.
Lagun batek bideo hau bidali dit goizean eta konturatu naiz zehazki gaur duela hiru urte, 2019ko ekainaren 15ean, Agur bat dantzatu nuela jendez eta esperantzaz betetako plaza honetan.
Egun horretan aldaketa politiko historikoa ekarri genuen Durangora, 40 urtetako politika egiteko eta ulertzeko modu bakarra aldatzeko, eta horrek esperantza sortu zuen herrian. Orain, hiru urteren ostean, testu hau idazten nagoen bitartean plaza berbera ikusten dut bulegoko leihoko zirrikitutik. Arratsaldeko zazpiterdiak dira, eta plazako joan-etorriak entzuten ditudan bitartean argi suabea, musika pixkat eta bulego honetan ohikoa ez den lasaitasuna ditut lagun.
Hiru urte hauetan dena eman dugu; negar eta barre asko egin dugu. Baina batez ere Udalean sortu dugun lantalde zoragarria da altxorrik ederrena. Gehienbat talde gaztea da, baina sekulako ilusio eta eskarmentuarekin; jatorri ezberdinetakoa eta, zergatik ez, iritzi ezberdinekin. Eta benetan uste dut aniztasun hori dela indartsu bihurtzen gaituena. Ozen esan dezaket ezin harroago sentitzen naizela talde honen parte izateaz.
2019ko ekainaren 15ean hasi ginen gobernatzen. Hartu genuen lehen neurria gure soldatak jaistea izan zen. Nire kasuan %40a jaistea erabaki nuen, nire aurreko lanean kobratzen nuen berdina jasotzeko. Anekdotikoa den arren, Durangorentzat nahi dugun herri ereduaren islada ere bada, eta lan hori norberarengandik hasi behar da, eredu izanez.
Aldaketa guztiek esfortsu bat suposatzen dute, batez ere sektore batzuetatik (gutxietatik, zorionez) Durangora “hondamendia” ekarriko genuela iragarri ostean. Pasadizo bezala esango nizueke nola, Alkatetzara iritsi eta oso gutxira, Pasiotik urgentziazko bilera bat eskatu ziguten, zenbait pertsonek esan zietelako Pasioa bertan behera utziko genuela.
Zenbait sektorek gure herrian ezarri nahi izan duten beldurraren politikaren adibide bat da. Ez da bakarra. Guk, berriz, beldurrari irribarre batekin erantzuten diogu.
Bide luzea dugu aurretik, baina hiru urte hauetan saiatu gara erakusten kudeaketa on batetik, hurbiltasunetik eta lankidetzatik Durango hobe bat eraiki daitekeela, guztiontzako lekua eginez eta ez Udala bunker batean bihurtuz. Nahi izan duzuenean nire bulegoko ateak beti egon dira irekita, eta sinetsidazue, lau pareta hauen artean mota guztietako egoerak bizi izan ditut. Nire partetik, espero dut nire esku zegoen guztian lagundu izana.
Orain, hiru urteren ostean, atzera begiratu eta konturatzen naiz 36 hilabete hauetan mundu mailako pandemia bat sufritu dugula eta eraikitzera baino, sektore oso konkretu batzuetatik suntsitzera bideratu diren erasoak sahiestu behar izan ditugula. Dena den, erakutsi dugu EH Bildutik Durangorentzako daukagun proiektua ez dela puntuala ez behin behinekoa. Are gehiago, Durango partehartzaileago, jasangarriago, euskaldunago, feministago, anitzago eta sozialago bat eraikitzeko epe luzerako proiektua dela gurea.
Horregatik, irribarre batekin jarraituko dugu esku artean ditugun proiektuak aurrera eramaten. Askotariko proiektuak dira, eta guztiek helburu berdina dute: zuon guztion bizitzak hobetzea.
Nahiko nukeena baino gehiago luzatu naiz, baina aurresku hartatik eta egun historiko hartatik hiru urtera zelan sentitzen naizen islatzeko balio izan dit. Zuon guztion alkate izatea plazerra izaten ari da.
Eskerrik asko guztiagatik. Egunez egun lanean jarraituko dut daukadan onena emanez, ez izan zalantzarik.
Ima Garrastatxu Urbaneja
Durangoko alkatea