AKTUALITATEA


| 2020-07-09 12:45:00

Pasa den asteartean, uztailak 7, amaitu zen Zuhaizti kiroldegiaren kontzesioaren epealdia, azken 15 urteetan Fortuna Kirol Elkartea kudeatu duena. Reyes Carrerek eta Ricardo Burutaranek prentsaurrekoa eman dute gaur salatzeko zerbitzu publiko honen etorkizun iluna eta Eneko Goiaren gobernuaren kudeaketa txarra eta gardentasun falta. Izan ere, aurrekariak ikusita, egunetik egunera gero eta handiagoa da Zuhaizti kiroldegiaren kudeaketa pribatizatzeko arriskua.

Ricardo Burutaranen hitzetan, “lehenik eta behin, argi utzi behar da nor den kiroldegia eta igerilekua ustiatzeko kontratua berritu ez izanaren erantzule bakarra: hemen ezin da hitz egin ‘istripu tekniko’ batetaz edo Udal Gobernuak bere erantzukizunak ez onartzeko erabiltzen duen beste edozein aitzakiaz. 2020ko uztailaren 7aren data duela 15 urtetik ezagutzen zen. Beraz, Eneko Goia da kudeaketa negargarri honen arduradun nagusia”.

Burutaranek ohartarazi du “interes pribatuak” egon daitezkeela gertatzen ari den guztiaren atzean. “Egunotan argitaratzen ari diren informazioak egiazkoak badira, enpresa pribatu batek kiroldegia kudea dezake, baina zerbitzuaren kudeaketa eredua aldatzeko eta kudeaketa pribatizatzeko erabaki politikorik hartu gabe, eta, bigarrenik, lehiaketa publikorik egin gabe” salatu du EH Bilduko zinegotziak.

Izan ere, Zuhaiztiren kudeaketaren pribatizazioa bigarrena izango litzateke hilabete gutxietan, Loiolako Erriberetako kiroldegiaren kudeaketa enpresa pribatu bati esleitu ondoren (EH Bilduren aurkako botoekin). Reyes Carrereren hitzetan: "kirol zerbitzu publikoen kudeaketa hiri honetako altxor preziatua da, zeren eta 40.000 pertsona baino gehiagok erabiltzen dute Kirol Txartela. Fortunak dioen bezala Zuhaizti defizitarioa bada, nola kudeatuko du enpresa pribatu batek etekinik ematen ez duen zerbitzu bat? Erantzuna argia da: zerbitzuaren kalitatea eta lan baldintzak murriztuz etekin ekonomikoa atera ahal izateko". Hauek horrela, Altzako kiroldegia pribatizatzeko benetako arriskuaz ohartarazi du EH Bilduk.

EH Bilduren iritziz, udal kirol zerbitzuak, lehentasunez, udalak berak kudeatu behar ditu. Edo salbuespen moduan, kasu honetan gertatzen den bezala, irabazi asmorik gabeko erakunde batek kudeatu behar du. “Hori da gure eredua, eta Zuhaiztiren etorkizunari dagokionez, abisatzen dugu ez dugula onartuko pribatizazio norabidean doan irtenbiderik” adierazi du Carrerek.

EH Bilduk gardentasuna eta argitasuna eskatu dio udal Gobernuari. Reyes Carrereren hitzetan, “Zuhaizti kiroldegiaren eta igerilekuaren ustiapen-kontratua kristalinoa izan behar du, eta kontratu publiko guztiek igaro behar dituzten kontrolak pasatu behar ditu. Hori da modu bakarra Donostiako herritar guztien interes kolektiboen gainetik interes pribatu zehatzak ez direla lehenetsiko bermatzeko”.

Carrerek bukatu du adieraziz “enpresa pribatu batek Zuhaizti kiroldegia kudeatzen hastea oso albiste txarra izango litzateke hiriarentzat. Irabazi-asmoa duen enpresa batek zerbitzua kudeatzeak ondorio negatiboak izan ditzake bai langileentzat, bai zerbitzuaren erabiltzaileentzat. Izan ere, Eneko Goiaren alkatetzan beste zerbitzu publiko batzuekin ikusi dugun bezala, onura ekonomikoa atetik sartzen denean, zerbitzu publikoaren kalitatea eta lan-baldintza duinak leihotik ateratzen dira”.