AKTUALITATEA


| 2021-09-23 12:31:00

Alokairuko etxebizitzak eta zuzkidurako bizitokiak baremazioaren bidez esleitzeko prozedura aldatzeko prozesuan murgilduta dago Donostiako Etxegintza. Jakina denez, 2016ko Euskal Etxebizitza Legeak zenbait irizpide edo baremo ezarri zituen zozketa-sistema aldatzeko, herritar guztien etxebizitza-eskubidea objektibotasun handiagoz bermatu ahal izateko. Duela urte batzuk ezarri zen Donostian baremazio-sistema hori, eta orain berrikusten ari da.

Donostia da etxebizitzarik garestiena duen euskal hiria eta, beraz, etxebizitza eskubidea bermatzeko arazorik handienak dituena. EH Bildu eta beste eragile sozial batzuk ohartarazten ari dira pertsona askok, gehienak gazteak, beren auzoak utzi eta beren bizi-proiektuak inguruko herrietara eraman behar izan dituztela, horrek Donostia bezalako hiri zahartuarentzat duen eraginarekin.

Bada, fenomeno hori geldiarazten saiatu beharrean, Eneko Goiaren Udal Gobernuak, baremazio-sistema berriaren bidez, are gehiago zaildu nahi du gazteei babestutako etxebizitza bat eskuratzea. EAJ-PSEren proposamena aurrera ateratzen bada, 35 urtetik beherako donostiarrak ezin izango dira alokairuko etxebizitza babestuen kupo orokorrera sartu, eta zuzenean joango dira zuzkidurazko etxebizitzetarako itxaron-zerrendara. Baina etxebizitza-eredu honetan 5 urtez baino ezin dute bizi, luzapenik egiteko eskubiderik gabe. Gure galdera da: nora joango dira gero? Donostiatik kanpora? Estatuko etxebizitzarik garestiena duen hiri honetan, etxebizitza eskubidea bermatzeko arazorik larriena duen hiri honetan, arazoa konponbidean jarri beharrean kontrako norabidea hartu dute EAJ-PSEk .

Aipatutako irizpide hori kendu eta gazteek etxebizitza babestuen ereduen artean aukeratzeko eskubidea izatea proposatzeaz gain, EH Bilduk beste proposamen bat egin du gure hiritik alde egin behar izan duten pertsonen itzulera errazteko.

Jarraian, EH Bilduk egin dituen 8 proposamenak zerrendatuko ditugu:

Lehenengo proposamena. Gehitzeko proposamena. 5.2. puntua: "Onuradun izateko baldintzak. Hiriaren lotura". Honako hau dioen beste bat gehitzea proposatzen da: "Ohiko bizilekua Donostian gutxienez urtebetez izan duten pertsonak, baremazioa egin aurreko azken 15 urteetan, eta, hainbat arrazoirengatik beren bizilekua Donostiatik kanpo eraman ondoren, Donostiara itzuli nahi dutenak".

Bigarren proposamena. Aldatzeko proposamena. 7.5 puntua- Etxebizitzak eta/edo ostatuak esleitzeko berariazko kupoak: 35 urtetik beheitikoak, ardurapeko seme-alabarik gabe. Testu hau aldatzea proposatzen da, honela uzteko: "Kupo honetara aurkezten diren pertsonek aldez aurretik adierazi beharko dute etxebizitza bat edo zuzkidurako bizitoki bat nahi duten. Ekipamendutarako etxebizitza bat hartu nahi dutela adierazten ez badute, etxebizitza bat nahi dutela ulertuko da".

Hirugarren proposamena. Kentzeko proposamena. 7.9 puntuari. Bigarren paragrafoa. Testua honela geratuko da: "Kupoetan eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen adierazten diren egoerak agiri bidez egiaztatzen dituzten pertsonak eta bizikidetza-unitateak bakarrik sartuko dira bertan. Justifikatuta ez badago, zuzenean 9. kupoan sartuko dira."

Laugarren proposamena. Aldatzeko proposamena 8. puntuari “Baremazioan puntuak esleitzea”. Honako hau dioen lekuan ordezkatu: 2. ADINGABEAK ARDURAPEAN - 15 puntu; hau esan behar du: “2. 23 URTETIK BEHERAKO EDO MENDEKOTASUN-EGOERAN DAUDEN PERTSONAK"- 15 puntu."

Bosgarren proposamena. Aldatzeko proposamena. 8.1.1. puntuari. Baremazioan puntuak esleitzea. 1. (Mugikortasun murriztua), 2. (Genero indarkeria), 3. (Adimen urritasuna), 6. (Familia ugariak), 7. (Guraso bakarreko familiak) eta 9. (Kupo Orokorra) kupoetarako. Aldatu 2 eta 4 PUNTUAK. Honela dio:

2. zk. 16.000.01 €- 25.000,00 €: 33 puntu, “30 puntu” esan behar du.

4. zk. 30.000,01 € - 35.000,00 €: 17 puntu, “15 puntu” esan behar du.

Seigarren proposamena. 8.2. artikulua aldatzeko proposamena. Ardurapean dauden adingabeak. Gehieneko puntuazioa: 15. Testua honela geldituko da: "23 urtetik beheitikoak edo mendekotasun egoeran daudenak. Honako hauek hartuko dira kontuan: etxean erroldatuta dauden 23 urtetik beherako seme-alabak eta legezko tutoretza edo familia-harrera duten pertsonak, edo judizialki zaintza partekatuko araubidea edo bisita-erregimena aitortuta dutenak; eta etxean bizi diren 23 urtetik gorako pertsona ezinduak."

Zazpigarren proposamena. 19. puntuko lehen paragrafoari gehitzeko proposamena. Baremazioa berritzea. Lehenengo lerroaldearen amaieran honakoa gehitzea: "Berritze prozesuaren hasiera eta datak posta elektronikoaren, SMSen edo antzekoen bidez jakinaraziko zaizkie eskatzaileei".

Zortzigarren proposamena.- 19. puntuko hirugarren paragrafoari gehitzeko proposamena. Baremazioa berritzea. "Eskatzaileek eskatuta, PFEZren azken kanpainan ezohiko diru-sarrerarik izan bada, azken hiru urteetan jasotako diru-sarrerak kontuan hartzeko eska daiteke, kontuan hartu beharreko errenta-maila zehazteko."