EH Bilduk garbi du garraio publikoetako tarifa sistema bateratua izugarrizko aurrerapausoa izan zela eta egun Donostian garraio publikoak milaka erabiltzaile izatearen arrazoietako bat dela hau. Zentzu horretan, ez dugu ulertzen nola den posible Gipuzkoako Foru Aldundiak gaueko tarifa kentzea Donostiarekin eta Donostiako zein Gipuzkoako zerbitzu emaile nagusienarekin aldez aurretik kontatu gabe: Dbus.
Gipuzkoako garraio publikoen tarifak Garraio Agintaritzaren batzarrean erabaki ohi dira, non Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak parte hartzen duten, besteak beste. Gauzak honela, Donostiako EH Bilduk Donostiako Udalari eskatzen dio Garraio Agintaritzaren bilera bat eskatu dezala, aipaturiko tarifa aldaketak Donostiako autobus linea erabiltzaile guztiei mesede egin diezaien eta tarifa homogeneoak sustatu eta adostu daitezen. Ez baita ulergarria Donostian gaueko zerbitzu bat hartzen duen herritar batek Dbusen 2,65€ ordaintzea Añorgara heltzeko, eta Lurraldebusen, deskontuak barne, 0,59€ Hernanira heltzeko.