AKTUALITATEA


| 2024-07-04 11:23:00

EH Bilduk defendatu du Udalaren eta Telpark enpresaren arteko akordioak ez diola modu eraginkorrean heltzen hirigunera ibilgailuen sarrera murrizteko beharrari, eta kontzesionarioari bakarrik egiten diola mesede. Neurri askoz integralagoak eta iraunkorragoak ditugu eskura, eta, horretarako, nabarmen murriztu behar dira txandakako plazak, disuasio-aparkaleku gehiago eta hobeak eskaini behar dira eta garraio publikoaren bidez Donostiara iristea sustatu behar da. Ildo horretan, EH Bilduk disuasio-aparkaleku berri bat proposatu du Intxaurrondon, solairu bakoitzeko 250 plazako edukierarekin.

Udaro bezala, datozen asteetan larrituko den egoera sufritzen ari gara: zirkulazio-kaosa hiriaren erdialdean. Testuinguru horretan, joan den ostiralean ezagutu genuen Udalaren eta Telpak enpresaren arteko akordioa, Okendo, Cervantes plaza (Kontxa) eta Bulebarreko lurpeko aparkalekuak kudeatzen dituena, eta guztira 1.750 plaza dituena, hiriaren erdigunean trafikoa murrizteko. EH Bilduren ustez, neurri horiek puntualak dira, ez dira nahikoak, eta ez dute konponbide orokorrik planteatzen ibilgailuen sarrera geldiarazteko.

«Ez dugu uste Udal Gobernuak aparkalekuen tarifa % 23 igotzeak auto gutxiago erakarriko duenik, ezta disuasio-neurria denik ere», defendatu du Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramaileak.

Neurri berean, Izagirrek gogorarazi du bizikleten, patineteen eta motozikleten aparkalekuen % 5 erreserbatzeko neurria ez dela nahikoa, eta, hain zuzen ere, motozikletentzat iragarritakoetako batzuk jada indarrean daudela gaur egun, eta, beraz, ez dutela aldaketarik suposatzen.

Era berean, negoziazio horietan ez dira kontuan hartu EH Bilduk txandakako plaza kopuru esanguratsua murrizteko egindako proposamenak; izan ere, plaza horiek egoiliarren plaza bihurtuko lirateke, eta, horrela, espazioa liberatuko litzateke azaleran. «Logistika-eremuak erreserbatzeko proposamena ere ez da kontuan hartu, txandakako plaza gehiago kenduta», gaineratu du Izagirrek.

Tarifen igoera iragarri baino egun batzuk lehenago, Gobernuak jakinarazi zuen Erdialderako sarbideak berriro itxiko direla aparkatzeko plazen eskaera handia denean zirkulazioa kolapsatutzat jotzean. Dinamika hau ez da berria, aurreko urteetan ere ezagutu baikenuen, eta ondorioa da arazoa beste auzo batzuetara eramaten dela. «Aurreikus daitekeen efektu logikoa da hori, periferian ez baita disuasio-plazarik eskaintzen, kalitatezkoa eta erdigunera garraio publiko bermatua eta jarraitua duena». Are gehiago, Udal Gobernuaren neurri berriekin, Ilunbeko autobus anezka edo lanzadera, orain arte doakoa, ordainpekoa izatera pasako da. Ez dirudi disuasio-aparkalekuak sustatzeko neurria denik.

Badakigu Udal Gobernuak harremana izan duela Telkpark kontzesionarioarekin udaz uda sortzen den arazoari irtenbideak bilatzeko. «Argi dago negoziazio horiek ez direla emankorrak eta onuragarriak izan ez hiriarentzat ezta donostiarrentzat ere», dio Izagirrek. «Orain arte ezagututakoaren arabera, onuradun bakarrak diru-sarrerak handituko dituzten emakidadunak dira», gaineratu du.

Eta errealitatea EH Bildutik askotan errepikatu duguna da: trafiko arazoak modu globalean planteatu behar dira, Erdialdean eta beste auzoetan sortzen direnak kontuan hartuta, eta periferian irtenbide alternatiboak eskainiz erdigunera auto pribatuz iritsi nahi dutenak uxatzeko.

EH Bildurentzat hiru oinarri nagusi ditu konponbideak. Lehenengoa da hiriko erdiguneko txandakako plazak murriztea eta horrelako aparkaleku gehiago ez eraikitzea, bisitarientzat erdigunera auto pribatuz iristeko erakargarriak baitira.

Bigarrenak lehenarekin lotura du, eta disuasio-aparkaleku nahikoak, seguruak eta kalitatezkoak eskaintzea da, garraio publikoarekin konektatuta, erdigunera modu eroso eta azkarrean iritsi ahal izateko.

Hirugarrenik, gure hirira garraio publikoan iristea sustatu behar da, hori bultzatuz eta hobetuz. Horri dagokionez, gogorarazi behar dugu gure hirira garraio publikoan sartzen den bisitari-kopurua % 30etik % 10era murriztu dela bi urtean.

Zer neurri zehatz proposatzen ditu EH Bilduk zentzu horretan? Lehenik eta behin, eta hiriko erdiguneko aparkalekuei dagokienez, emakidadunekin berriro negoziatu behar dela defendatzen dugu, txandakako plazen murrizketa askoz ere handiagoa izan dadin. Martxoan mugikortasun jasangarrirako dekalogoa aurkeztu genuenean, solairuen araberako murrizketa proposatu genuen.

Txandakako plazen murrizketa horrekin batera, bizikletentzako plazak handituko dira, horietako asko egoiliarrentzako plaza bihurtuko dira eta beste batzuk garraio jasangarriaren bidez gainazalean banatzeko erabiliko dira.

Ildo beretik, hiriko aparkalekuen etorkizuneko publifikazioa planifikatzea planteatzen dugu, Txofrerekin hasita, berehala egin beharko litzatekeena, emakida amaituta baitago.

Bigarren proposamenak aurrekoarekin batera joan behar du nahitaez, eta disuasio-aparkalekuak gehitzean datza. Izan ere, gaur egungoek oso plaza gutxi eskaintzen dituzte Erdialdeko aparkalekuen aldean (340 plaza Ilunbekoak eta 220 plaza Igarakoak, eta 1.750 plaza, berriz, egungo aparkalekuek). EH Bilduk hainbat disuasio-aparkaleku proposatzen ditu hiriaren mendebaldean: Aritzetan, Dbuseko linea berri batekin konektatua, eta Igara, Miramon eta Zuatzu industrialdeetan aparkalekuak erabiltzea.

Bigarren proposamen horretan, eta ildo beretik, proposamen zehatz bat iragarri dugu gaur: hiriko ekialdean, zehazki Intxaurrondon, Guardia Zibilaren kuartelaren ondoan, Siustegi gisa ezaguna den zonaldean, solairukako disuasio-aparkaleku berri bat eraikitzeko proposatzen dugu. 10.000 m2-ko lursail publiko bat da, eta bertan hainbat solairuko aparkaleku bat eraiki liteke gainazalaren gainean, edukiera biderkatuz, solairu bakoitzean 250 plazatik gora eraiki daitezkeelarik. GI-20 saihesbidearen ondoan kokatzen da, bere funtziorako egokia. Gogoratu dezagun GI-20 errepidearen eraldaketak etorkizunean disuasio-aparkaleku berriak eraikitzea ahalbidetuko duela.

Ezin ditugu akats berberak errepikatu udaz uda. Hiriko erdigunea arintzeko aukera errealak ditugu eskura, mugikortasunaren arloan hobetu beharreko beste neurri askoren artean. Ikuspegi orokorrarekin eta herritarren interesa defendatuz planifikatu eta jardun behar dugu.