Donostia beti izan da hiri turistikoa; arlo honek eragin ekonomiko eta sozial handia izan du haren bilakaeran. Lehen mailako destino turistiko aparta gara: hiriaren xarma, kostaldearen edertasuna, gastronomia, bertako kulturaren bereizgarritasuna, kokapen geografikoa ardatz atlantikoaren erdian, kultur programazioa....
Ikuspegi ekonomikotik turismoak gero eta pisu handiagoa du Donostian. 2016an turistek 1,3 miloi ostatu-gau egin zituzten Donostian (bi gau pertsonako) eta 2 miloi izan ziren egun-pasa etorritakoak (2015ean baino %10 gehiago). Eta joera, Europako hiri turistiko guztietan bezala, gero eta turista gehiago etortzea da.
Donostiako turismo sektoreak ezaugarri bereziak ditu, betidanik pisu turistikoen eskaintza oso handia1 izan delako, hotel eta pentsioekin alderatuta. Hala ere, datozen hilabeteetan, gutxienez, 20 hotel berri irekiko dira, %30 ohe gehiago eskainiz (+2.000 bistari baino gehiago) eta, diotenez, 300 lanpostu sortuz. Exceltur Espainiako turismo patronalaren arabera, Donostia bigarren hiri errentagarriena da estatu osoan (1. Bartzelona: 96€ ostatu-gelako; 2. Donostia: 86,5€; 3. Palma 68,7€).
Turismo sektorean jende askok2 egiten du lan gure hirian: hoteletan, tabernetan, jatetxeetan, dendetan... Sindikatuen arabera, lan baldintzen egoera sektore hauetan ez da batere ona: langile ugari hitzarmenik gabe, soldata baxuak, ordutegi oso aldakorrak, lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko ezintasunak...
Merkataritza: Orokorrean, hitzarmenik ez dago. Soldata baxuak izateaz gain, lanaldi partzialak -ez borondatezkoak- dira nagusi3. Era berean, jai egunetan lan egiteko sekulako presioa dago, batez ere turismoaren aitzakian.
Ostalaritza: Oso une onean egon arren, eta langile faltaren aurrean, kasu askotan kontratazio berriak oso baldintza txarretan egiten ari dira (soldata minimoak...). Eta jakina da oraindik ezkutuko ekonomia oso zabalduta dagoela sektore honetan.
Hotelak: Zerbitzuen externalizazioa, estrategia enpresarial gisa, oso zabalduta dago. Hiriko beste hotel askotan, besteak beste, garbiketa zerbitzua azpikontratatzea ohikoa da4.
Merkataritza ereduan ere badu eragina turismoak. Erdialdean merkataritza ereduaren homogeneizazio prozesua handia gertatzen ari da, estetikoki ere ondorio larriak dituena2. Beste aldetik, merkataritza gune handiak ireki nahi dituzte (Garbera zabaldu, Ilunbe, Belartza...). Azken finean, historikoki hiri honen komertzioak eskaini duen kalitatea galtzen ari da, masa-kontsumoaren mesedetan. Honek ere badu eragina sustatu nahi den turismo ereduan.
Inkesta sozio-ekonomikoen arabera, orain arte turismoa ez da arazoa izan donostiarrentzat. Balorazio onaren arrazoia, batez ere, turismoak eragiten duen inpaktu ekonomikoa da. Azken hilabeteetan, ordea, turismoari buruzko herritarren pertzepzioa aldatzen ari da. Kalean, lantokietan, aisialdi guneetan… gero eta gehiago entzuten ari gara Parte Zaharra masifikatuta dagoela, gero eta eragile gehiagok edozein preziotan negozioa egin nahi dutela, gero eta pisu turistiko gehiago daudela edota alokairuen prezioak are eta gehiago igotzen ari direla. Ikerketa zientifikoak ere agertzen hasi dira eta ildo beretik doaz3.
Laburbilduz, turismoari buruzko eztabaida pil-pilean dago, faktore askoren eraginez, urte gutxitan bisitari eta turisten kopuruak biderkatu baino gehiago disparatu egin direlako. Kontrolik gabeko hazkunde hau ez da uniformea; otsaileko ilunabarretan, hamaika auzotan bezala, jendetzarik ez dago Parte Zaharrean edo Erdialdean, baina hainbat sasoitan, masifikazioa nabarmena da. Ezagutu dugun turismo eredua aldatu egin da eta aro berrian murgilduta gaude. Gainera, hiperespezializazioa txertatzen ari da: hainbat eremu ekonomikotan, zonaldeko merkataritza soilik turismoari begira antolatzen ari da eta herritarrez husten ari dira bizitza normala ezinezkoa bihurtuz.
Ondorioz, turismoa hiriaren agendan zentralitatea hartzen ari da. Gainera, datozen hilabeteetan Turismoaren Zuzendaritza Plana eta erabilera turistikoa duten etxebizitzen araudia berritu behar dira. Testuinguru honetan, hausnarketak berritu eta neurriak eguneratu beharko ditugu. Beraz, aukera paregabea dugu etorkizunari begira hiri honek zein turismo mota bultzatu behar duen denon artean erabakitzeko: herritarrak, eragile ekonomikoak eta Udala bera.
Eztabaida honek bi helburu izan behar ditu: alde batetik, Donostiako jarduera turistikoa hobetzea eta, bestetik, turismoa hiriaren ezaugarriei egokitzea. Turismoari eta haren ondorioei buruz herritarrok ditugun ikuspegiak ahalik eta gehien konpartitzea premiazkoa da. Garaiz gabiltza: Donostia ez da Venezia ezta Bartzelona ere, baina hiri horietan egindako akatsak geuk errepika ez ditzagun, behar beharrezkoa da eztabaida soziala lehenbailehen martxan jartzea.
Eztabaida honetan Udalaren lidergoa funtsezkoa da. Udalak hiriaren ondasun publiko eta komunaren defentsa sutsua egin behar du, epe luzeko ikuspegi estrategikoarekin jokatuz. Hau da, herritarrak eztabaidaren erdigunean jarri behar dira, eta horretarako hasieratik txertatu behar dira gogoeta prozesuan. Prozesuaren azken emaitza ekintza plana eraginkorra adostea izan beharko litzateke. EH Bilduren iritziz, Udalak (Udal Gobernua, udal taldeak eta Donostia Turismoa sozietatea) hiri mailako eztabaida integrala martxan jarri behar du, hiru hanka izango dituena:
Herritarrak: Donostiako auzo guztietan bizi direnak eta sektorean lan egiten dutenak
Hirigintza: etxebizitzaren arazoa eta turismoa lotuta doaz Donostian.
Sektoreko eragileak: turismo sektorea, ostalaritza, merkataritza, beste erakunde publikoak...
Esan gabe doa eztabaida honi EH Bilduk ekarpena egin nahi diola. Turismoak garrantzia handia du hiri ereduaren diseinuan eta, datozen aste eta hilabeteetan zabalduko den eztabaida honetan, EH Bilduren helburua donostiarren nahi eta beharren mesedetara egongo den turismo eredua sustatzea izango da. Era berean, turismoa sustatzeko edozein gehiegikeria egiteko prest daudenei esango diegu hori ez dela bidea, donostiarren bizi-baldintzak okertzeaz gain, turismoak berak lehiakortasuna galduko lukeelako.
Etxebizitzak atal berezia merezi du eztabaida honetan, etxebizitzaren prezioarekin lotura zuzena duelako turismoak -batez ere, alokairuarekin-. Alokairua %175 igo zen Donostian 2016an, neurri handi batean turismoaren eraginez.
Alokairuaren prezioaren igoeran eragin handia izan dute AirBnB-k eta etxebizitza alokatzeko internet bidezko gainerako plataformek. Eta esan behar da mobbing inmobilarioaren zantzuak ere agertzen hasi direla gure hirian. Hau da, etxebizitzak husteko eta bertan pisu turistikoak ezartzeko presioa areagotzen ari da zenbait eraikinetan. Baina Donostian etxebizitzaren prezioen arazoa ez da berria. Plataforma hauek eta pisu turistikoen burbuila kronifikatua dugun arazo hori areagotzen ari dira, ordea. Izan ere, azken urteotan, alokairuaren zein etxebizitzaren prezioaren garestitzearen ondorioz, gero eta donostiar gehiagok hiritik kanpora alde egin behar izan dute. Joera honek batez ere gazteengan du eragina, eta askok Astigarraga, Pasaia, Errenteria, Lasarte-Oria, Usurbil edota Hernanira joan behar izan dute bizitzera, han etxebizitza merkeagoa delako. Hau dena donostiarron etxebizitza eskubidearen urraketa nabarmena da.
Marko legala:
EAEko Turismo Legearen arabera, etxebizitza turistikoak dira publizitatearen bitartez iragartzen direnak (edozein bidetatik) edo urtean jarraian 31 egun baino gehiagoetan jarduera turistikora zuzendutakoak. Izan ere, EAEn, beste leku askotan ez bezala, pisu turistikoak lege baten bidez araututa daude6. Eusko Jaurlaritzak lizentzia eman behar du etxebizitza jarduera ekonomikoarekin hasteko. Hala ere, Turismo Legeak argi eta garbi adierazten du lizentzia hori ez dela nahikoa, eta udal bakoitzaren araudia ere bete behar dela.
Donostiako pisu turistikoei buruzko araudia:
“Lehenengo solairuaren araua”: Donostiako Plan Orokorraren 59. artikuluak7 hirugarren sektorearen erabilerak arautzen ditu bizitegi-eraikuntzetan, eta pisu turistikoak kategoria horretan sartzen direnez, soilik lehenengo solairuetan ezar daitezke (edo beste solairu batean, baldin eta azpiko solairuan etxebizitzarik ez badago). Donostiako Hirigintza Departamentuaren txosten baten arabera8, gaur egun pisu turistikoen %25ak bakarrik betetzen du arau hau.
Donostiako eremu bakoitzean (adibidez, Parte Zaharra, Erdialdea...) okupazioaren % 60 etxebizitzentzat gorde behar da, eta beste %40a hirugarren sektorearen jardueretarako bidera daiteke. Izan ere, eremu horiek batik bat bizitzeko eremuak direla ulertzen da, eta helburu hori bermatzeko jarduera ekonomikorako %40ko muga ezartzen da araudian.
Turismoari begirako alokairuari dagokionez, nabarmendu behar da Donostian badagoela berezko fenomeno bat oso hiri gutxietan gertatzen dena: alokairura bideratutako pisu kopuru oso handia egon da betidanik, ostatuekin alderatuta. Izan ere, urtean zehar ikasleentzat eta udaran turistentzat etxebizitza osoa edo gela bat alokairuan jartzea ohitura zaharra da Donostian. Eta komeni da argitzea fenomeno honek ez duela zerikusirik azkenaldian sortzen ari den pisu turistikoen burbuilarekin, AirBnB eta bestelako plataformek eragindakoarekin.
Plataforma hauen bidez 1.500-1.700 pisu turistiko eskaintzen dira Donostian
Gehienak legez kanpo daude: jarduera ekonomikoengatiko zergak ordaindu gabe edota turismo-araudia bete gabe. Donostian AirBnB-k iragartzen dituen pisuen %13ak9 soilik du lizentzia.
“AirBnB pisuak” kontrolik gabe ugaltzen direnean ere ondorioak oso larriak izan daitezke hiriarentzat. Eremu zehatzetan mota honetako eskaintza pilatzen denean, etxebizitzaren prezioa asko garestitzen da. Eta eraikin batean asko pilatzen direnean, beste bizilagunentzat egunerokoa oso zail bilakatzen da eta eraikinak hustu egiten dira. Horrenbestez, herritarrek hiritik kanpora alde egin behar izaten dute.
“Konpetentzia desleiala” izan daiteke jarduera turistiko arautua dutenentzat (zergak ordaindu eta jarduera ekonomikoaren beste baldintzak betetzen dituztenak). Eta zerbitzu turistikoaren kalitaterako berme gutxiago eskaintzen dituzte.
Beste aldetik, AirBnB eta antzeko plataformak “modan” daude. “Ekonomia Kolaboratiboa”10 etiketapean ezagutu diren eragile berri hauek betiko multinazionalen eta higiezin agentzia handien esku hartzerik gabe ahalbidetzen dute etxebizitzen alokairua.
Halere, AirBnB eta antzeko plataformetan zerbitzua eskaintzen dutenen artean bi profil daudela argitu behar da. Bata, ekonomia familiarra hobetzeko gela bat alokairuan eskaintzen duena, adibidez. Bestea, pisu asko eskaintzen dituena (EAEn 20 jabek ia 2.000 ohe eskaintzen dituzte). Azken hauek oso arriskutsuak dira, praktikan hotel klandestinoak kudeatzen ari direlako. Interneten bidez egiten denez, fenomenoaren dimentsioa esponentzialki biderkatzen ari da eta, oreka galduta, ondorio kaltegarriak (prezioetan, demografian...) kontrolaezinak dira.
Air BnB Donostian datuetan11:
2017ko urtarrilean, 1.400 pisu
Gehienak Grosen, Erdialdean eta Parte Zaharrean
140 euro/gaua pisu osoan // 50 € gela bat
Homeway: 300 pisu Donostian
Laburbilduz, araudia betetzen duten pisu turistikoak egon arren, legez kanpoko pisu asko dago Donostian.
“Lehen solairuaren araua”, oro har, ez da betetzen ari. Pisu batzuek Eusko Jaurlaritzaren baimena lortu dute, baina udal araudia betetzen ez dutenez, Turismo Legea urratzen ari dira (Legeak udal ordenantzak ere bete behar direla zehazten baitu).
Eusko Jaurlaritzaren lizentziarik gabeko pisu asko daude Donostian (AirBnB-n %13ak soilik du lizentzia, adibidez)
Askok ez du dute zergarik ordaintzen jarduera ekonomikoarengatik (iruzurra egiten ari zaio, beraz, Foru Ogasunari; 600 bat espediente irekita omen daude, baina datu ofizialik ez dago)
Donostia lan egiteko, bizitzeko eta disfrutatzeko hiria. Turismoa oso jarduera ekonomiko garrantzitsua da Donostian, lanpostuak sortzen ditu eta aberastasun iturria da. Hala ere, turismoaren garapenak eragin handia du hirian eta herritarren bizimoduan; batez ere prezioetan, kontsumo ereduan eta etxebizitzan. Beraz, turismoa arautu behar da, turismoa hirira egokitu behar delako.
Hiri kohesioa: Turismoak herritar guztiengan eta auzo guztiengan du, era batean edo bestean, eragina; haren eragin ekonomikoa, soziala eta kulturala erabat zeharkakoa da gure hirian. Beraz, turismo politika berriak ezartzeko orduan, auzo turistikoak/ez turistikoak dikotomia gainditu behar da, nahiz eta neurri zehatzak auzo bakoitzean desberdinak izan.
Kalitatea vs. kantitatea: Masifikazioa txarra da donostiarrentzat, turistarentzat eta turismoarentzat. Hortaz, marketin kanpainek Donostiak bultzatu nahi duen turismo ereduarekin bat etorri behar dute. Ekonomikoki, sozialki eta inguruaren aldetik iraunkorra den eredua bultzatu behar dugu. Gure hiriaren balio erantsia ez da kantitatea, baizik eta kalitatean eta aktore guztien arduran oinarritzea.
Birbanaketa: Jarduera ekonomikoak sortzen duen aberastasuna zuzen banatzeko mekanismo publiko zein pribatuak martxan jarri behar dira. Birbanaketarako hainbat tresna daude: zergak, lan-errentak eta hirian sortzen diren harreman ekonomiko, sozial eta enpresarialak. Hau da, eremu pribatuak etekina ateratzeaz gain (turismo sektorea, bertako ekoizleak eta hornitzaileak...), herritar guztien bizi kalitatea hobetzeko erabili behar da sortutako aberastasuna: zerbitzuak, eskaintza kulturalak, azpiegiturak, inbertsioak...12
Langileen baldintzak: Ez da nahikoa iragartzea zenbat lanpostu sortzen diren turismoari esker. Lan baldintzen kalitateari buruz ere hitz egin behar da. Izan ere, lan baldintzak dira turismoak sortzen duen aberastasuna birbanatzeko tresnarik eraginkorrenetariko bat. Horregatik, lan baldintzen arloan gure hirian egiten diren praktika onak saritu behar dira: bertako lan hitzarmenak sustatzea (edo enpresakoak badira, hobeak izan daitezen), sektorearen irabazien araberako soldatak izatea, genero aldetik sektorean dagoen segregazioa gainditzea, lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko ordutegiak bultzatzea, eta abar.
Desestazionalizazioa Kalitatezko turismoa sustatzeko tresna izatez gain, langileen baldintzak hobetzeko tresna ere bada. Enplegua iraunkortzeko aukera ematen du, ekonomia urte osoan suspertzen baitu.
Berdintasuna sustatuko duen turismoa: Turismoko sektorearen langileen artean emakumeen portzentajea oso altua da, eta alde horretatik lan baldintzen hobekuntza berdintasuna sustatzea ere bada. Beste aldetik, masifikazioaren ondorioz sexu erasoak biderkatu egin daitezke eta horri aurre egiteko politika prebentiboak eta biktimei laguntzeko protokoloak areagotu eta hobetu behar dira.
Euskal kultura/Euskara: Kalitatezko turismoa sustatzeko elementu zentrala bertako kultura berezitua izatea da. Exotismoaren erakargarritasunetik haratago, nortasun berezitu bat izatea Donostiako marka turistikoaren elementu zentrala da. Horixe da Donostiaren balio erantsia, “eguzkia+hondartza” turismoarekin alderatuta. Kalitatezko turismoa sustatu nahi badugu, ezin dugu geure hiria proiektatu hiri estandar gisa, nortasunik gabekoa. Donostia “Euskal kulturaren hiria” bezala proiektatu behar dugu, “Basque Country” markaren baitan kokatua, beste hiriburu eta herrialdeekin elkar-konektatua. Eta kulturari buruz ari garenean, bertako hizkuntza, gastronomia, ohitura eta abarri buruz ari gara, era integral batean ulertuta.
Fluxuen deszentralizazioa: Hiriaren auzo batzuetan dagoen masifikazioari aurre egiteko, bisitarien fluxuak hiriko eta herrialdeko beste toki batzuetara ere bideratu behar dira.
Bertako produktuen eta bertako merkataritza: Donostiako ostalaritzak, ahal den heinean, bertako produktuak eskaini behar ditu. Era berean, merkataritza zentro handiak eta merkataritzaren homogeneizazioa sustatu ordez, bertako merkataritza eta denda txikiak sustatzearen alde gaude, baita kalitatezko turismoa sustatzeko tresna gisa ere.
Turismo iraunkor eta arduratsua: eragile guztion ahotan dagoen kontzeptu bat da, eta jatorrizko esanahia galdu duela esan daiteke. EH Bilduren iritziz, iraunkorra izateko, turismoak hiraren izaera fisiko eta sozialarekin arduratsua izan behar du. Alde batetik, turismoak gure Amalurraren babesarekin bateragarria izan behar du eta, beste aldetik, ezin dugu hiriaren idiosinkrasiarekin bat ez datorren turismo jarduerarik erreproduzitu. Beraz, jarduera turistikoaren inpaktu ekologikoa (zentzu zabalean ulertuta: natura, ondarea, ohiturak, ekonomia...) kontrolpean mantendu behar dugu. Hiri zaindua nahi dugu, zentzu guztietan.
Legez kanpoko pisurik ez: udal araudia betetzeaz gain, denek Eusko Jaurlaritzaren baimena eduki eta Ogasunarekin egunean egon behar dute.
“Lehen solairuaren araua” mantentzeko eta betearazteko konpromisoa: gaur egun udal ordenantza hau betetzen ez dutenak zigortu behar dira (ehunka dira).
Iruzurrari aurre egiteko Hirigintza departamentuarentzat bitarteko gehiago (adibidez, behatze unitate berezia sortu).
Hiri errentamenduren legea aldatzeko eskatu, alokairuzko prezioei muga jartzeko, hiriko egoera ekonomikoari egokituta. Tokiko erreferentzia indizea sortzea proposatzen dugu Donostiarako.
Proposamena da Donostia hainbat eremutan banatzea, TAO edo terrazen araudiarekin egiten den moduan. Eremuak malguak izango dira.
1. eremua: Masifikatua (Parte Zaharra, Erdialdea -San Martin eta Bulebar artean- eta Gros (itsasotik Catalunya plazaino)
Establezimendu gehiagorik ez da irekiko (hotelak, ostatuak..)
Ikuskatzaile gehiago pisu turistikoen araudia betearazteko
Etxebizitza eskubidea bermatzeko kuota berria eremu osoan: %70 bizitzeko - %30 jarduera ekonomikorako (Gaur egun %60-%40 da)
Masifikazioa neurtzeko sistema iraunkorrak ezartzea
Saturazio eremuen etengabeko berrikuspena
Terrazen ordenantzaren baldintzak egokitzea, baita ere auzotarren bizi kalitatearen neurrira
2. eremua: Masifikazio Arriskuan (Groseko gainontzeko kaleak, Antigua, Amara Berri -Pio XII arte- eta Egia (Plaza Haundi/Martin Santos arte)
Ikuskatzaile gehiago pisu turistikoen araudia betearazteko
Terrazen ordenantzaren baldintzak egokitzea, baita ere auzotarren bizi kalitatearen neurrira
Establezimendu gehiagorik ez da irekiko (hotelak...)
3. eremua
Programazio kulturala indartzea: (adibidez, Larratxon, Miramongo anfiteatroan, Ametzagañan... ) eta Alde Zaharreko eskaintza mugatzea.
Eskaintza kulturala iragartzeko orduan, txertatu “garraio publikoan nola iritsi” atala.
Merkataritza txikia indartzeko plan espezifikoak auzoetan
Auzoen arteko garraio-sareak hobetzea
Jarduera turistiko ekonomiaren ondorioz, hiriko ondasun publikoak erabiltzen dira (kaleak, plazak, Donostiako azpiegiturak, zerbitzuak eta, zergatik ez, baita hiritarren abegi ona ere) etekin ekonomiko pribatu oso handiak ateratzeko.
Gaur egun ez da kuantifikatzen zein den turismoaren benetako eragin ekonomikoa donostiarrengan. Hau da, zenbat bidaiari etorri diren adierazten da, zenbat diru utzi duten, zenbat lanpostu sortu diren... Baina erakartzen den aberastasun hori nora doan (ea hemen gelditzen den edo multinazional baten poltsikora doan) eta nola birbanatzen den ez da neurtzen. Gure iritziz, turismoaren benetako eragina jakiteko beste neurgailu batzuk13 zehazteaz gain (turismoarekiko herritarren pertzepzioa edo sektoreko langileen soldata, adibidez) turismoaren bitartez sortzen den aberastasuna ahalik eta sektore eta herritar gehienengana iristeko bitartekoak eta protokoloak jarri behar ditu Udalak.
Lehenik eta behin, aberastasunaren birbanaketan lan baldintzek duten garrantzia kontuan hartuta, Turismoko sektoreko enpresen etekinen igoerak langileen soldatetan eta lan baldintzetan ere eragina izan behar du.
Zerga berriak Eusko Legebiltzarrak onartu behar ditu eta Batzar Nagusiek arautu, baina argi geratu behar da zerga turistiko espezifikoen bitartez jasotzen den dirua hirian inbertitu behar dela.
Tasa turistikoa: hoteletan, pentsioetan, campingetan... gaua pasatzeagatik. Tasa hau proportzionala izan eta izarren arabera ordaindu beharko litzateke.
IBI turistikoa: Pisu turistikoei IBI berezi bat ezartzea aztertzeko eskatu Batzar Nagusiei.
Internet bidezko plataformak: iruzurraren iturri.
Diputazioarekin hitzarmena sinatzea, internet bidezko plataformen bitartez etekin ekonomikoa lortzen dutenen datuak elkar trukatzeko, iruzurrari aurre egitea helburu. Ikuskatua izateko irabazien minimo bat ezarri beharko litzateke.
Internet bidezko plataformen jarduera fiskala eguneratzea Gipuzkoako Foru Ogasunarekin.
1. Kontzientziazio kanpainak: Herritarren artean turismo sostengarriaren aldeak azaltzeko, iruzurraren kalteak azalarazteko...
2.Marketing kanpainak: erakarri nahi diren sektoreengana zuzendu behar dira; adibidez, udaratik kanpo turistak erakartzeko. Eskaintza segmentatu behar da, eta masa-turismoaren sustapena alde batera utzi behar da.
Gipuzkoako museo guztientzako bono-bakarra sortzea (txertatu “garraio publikoan nola iritsi”)
Gipuzkoako Foru Aldundiren “Explore San Sebastian Region” estrategia aldatzea, Gipuzkoako turismoa baino gehiago Donostiakoa sustatzen ari delako.
Informazio turistikoa banatzen den leku guztietan Gipuzkoako mapak, ibilbideak, helbideak eta abar Donostiako maparekin batera banatzen direla ziurtatzea.
Herrialdeko norabideen seinaleak hobetzea Donostiako kaleetan, irteeretan eta herrialdekoa ere aztertzea
Inguruko herriekin koordinazio mahaia sortzea, politikak eta programak koordinatu eta bateratzeko.
1. Udaratik kanpoko eskaintza turistikoa sustatzeko estrategia diseinatzea
2.Ekimen kulturalak programatzen dituzten eragileei udaratik kanpo programatzeko proposatzea.
3.Turismo MICE indartzea (kongresuak, feriak, erakusketak, formazio saioak...) Non? Kursaal, Miramar, parke teknologikoak, Eureka! Zientzia Museoa, San Telmo, Unibertsitateak...
4.Kirol ebentoak programatzea udaratik kanpo.
Gastronomian kalitatea zaintzea, Donostiako nortasunaren ezaugarri esanguratsua den heinean.
Bertako produktu eta “esperientzia gastronomikoei” buruzko mapa, Donostiatik kanpo ere.
Euskara/euskal kultura ezagutzeko zirkuituak sustatzea.
Euskararen presentzia ziurtatzea, beste hizkuntzekin batera, marketing kanpainetan, kalean, turismo ferietan...
Euskara/euskal kulturaren eskaintza eta praktika urte osoan ziurtatzea, sasoi gorenetan ere: gutxieneko kuotak ezarri, oro har, eta haur-gazteentzako irizpideak ziurtatzea.
Donostiako ondare arkitektonikoa zaindu eta dimentsio turistikoa ematea: tokian tokiko azalpen-kartelak, atlas digitalak sortu edo/eta mantendu...
Hizkuntza paisaia zaintzeko eta tokiko nortasuna mantentzeko neurriak jasoko dituen ordenantza sortzea: karteldegiaren ezaugarriak, hizkuntza-irizpideak...
Espazioa erabiltzeko ohiturak mantentzea: espazioaren erabilera arautzeko ordenantza berria.
Jarrera sexistak, homofoboak, arrazakeria edo gehiegikeriak ekiditeko kanpaina espezifikoak hainbat hizkuntzatan.
Turistei zuzendutako indarkeria matxistaren aurkako protokoloa.
“Ezetz ezetz da” kanpaina hainbat hizkuntzatan.
“KM 0” politikak sustatzea: bertako produktuak bertako ostalaritzan.
Turismoaren inpaktua neurtzea: energia kontsumoa, aldaketa klimatikoa, garraioa (karbono-aztarna).
Sektoreko enpresetan egiten diren praktika onak saritzea: paisaia eta bioaniztasuna zaintzeko praktikak, ekonomia zirkularra, garraioak murrizteko, energia aurrezteko enpresa-politikak...
Turismoaren inguruko behatokia: eszenatokiak aurreikusteko, masifikazioa saihestea eta hiria zaintzea helburu. Mahaia osatu: hiritarrak, turistak, sektorea, Udala... Hainbat adierazle mota kontuan izango lituzke gogoeta egiteko: herritarren pertzepzioa turismoaz, neurgailu ekonomiko klasikoak, turistaren asebetetze maila, ingurumen-inpaktua, berdintasuna...
“Ekonomia kolaboratiboaren” eragina aztertzeko lantalde berezia osatzea (plataformak, herritarrak, sektorea, Udala...)
Programazioa deszentralizatzeko eta desestazionalizatzeko ideia etengabe lantzeko talde bat sortzea (auzo elkarteak, ostalaritza, kultur mundua...). Helburua da irudimena erabiltzea Parte Zaharrean eta inguruan dagoen masifikazioari aurre egitea.
Sektorean ekonomia soziala sustatzeko programa.
Salmenta-turismoa: bertako produktuak eta merkataritza sustatzeko neurriak.
Modaren industria sustatzea. Bertako diseinatzaileei ikusgarritasuna ematea.
Natura turismoa sustatzea: ekosistemaren zaintzarekin lotutako jarduera turistikoak sustatzea.
Udal mailako koordinazioa finkatzea hainbat arlok mahai beraren bueltan lan egin dezaten: turismoa, garraioa, kultura, hirigintza, sustapena, mugikortasuna, ingurumena...
1Zaila da zehaztea zenbat ostatu-plaza eskaintzen diren Donostian pisu turistikoetan. 2016an Donostiako Sustapenak egindako txosten batean adierazten zen 4.458 ohe daudela, 961 etxebizitzatan. Baina 2016ko ekainean, CEHATek (Confederación Española de Hoteles y Alojamientos) adierazi zuen Donostian 14.254 ostatu-plaza eskaintzen direla pisu turistikoetan.
2Exceltur-en datuen arabera, 2016an hotel-establezimenduetan 3000 enplegu eragin zituen eta Eustat-en arabera, ostalaritza-sektorean 6.424 enplegu eta txikizkako merkataritzan 8.753 enplegu eragin zituen Donostian.
3Inditex: oro har, langile guztiak lanaldi partzialean daude; horrela egutegia eta ordutegiak aldatzeko malgutasunez joka dezake enpresak, langileen interesen kaltetan.
4“Las Kellys” (las-ke-limpian) fenomenoa Donostiara iristen ari da. Barcelona eta Madrilen oso zabalduta dagoen mugimendua da (https://laskellys.wordpress.com/barcelona/). Hemen ere, azpikontratutako langile hauen baldintzak gero eta okerragoak dira: orduko 11€ kobratzetik 7€ kobratzera pasatu dira azkenaldian, ELA sindikatuaren arabera.
5Iñaki Gaztelumendi adituaren arabera (DV 2017/05/09 paperean), Donostian espazio publikoaren “banalizazioa” ematen ari da, eta hori oso arriskutsua da, hiri-espazioaren kalitatea Donostiaren nortasunaren ezaugarri nagusietarikoa baita. Gaztelumendik 2012-2016 Turismo Plana idatzi zuen eta plan berriaren elaborazioan ere parte hartzeen ari da.
62016ko abenduaren 1ean, “Parte Zaharrean Bizi” elkarteak antolatutako hitzaldi batean, Oskar Garcia Turismo graduatuuak adierazi zuen Parte Zaharrean bizi diren 6.000 biztanleen %98ak uste du auzoa turistaz saturatuta dagoela.
7“Apartamentu turistikoak” beste lege-figura batean sartzen dira eta multzoka kudeatzen dira; eraikin bakar batean pisu bat baino gehiago elkartzen direnean erabiltzen da termino hori. Donostian apartamentu batzuk badaude, baina batez ere Mediterraneoan gertatzen den fenomenoa da. Guk, horregatik, “pisu turistikoa” terminoa erabiliko dugu.
8Iturria: El Idealista PDF. Honek esan nahi du, adibidez, 80m2-ko etxebizitza baten hilabeteko alokairua 168 € garestitu zela 2016an (abenduan: 13,6 €/m2) Eta 2017an bide beretik doa PDF. EH Bilduk azterketa egin du.
92016ko uztailean Eusko Legebiltzarrak Turismo Legea onartu zuen: EAJ eta EH Bildu alde; PSEk baiezko kritikoa eta PP abstentzioa. Aldeko botoa emateko, EH Bilduren baldintzetariko bat izan zen, edozein kasutan, udalen araudiak eta ordenantzak kontuan hartu behar zirela. Artikulatuan zehazki adierazten da bertan jasotakoa aplikatu behar dela “eragotzi gabe beste organo batzuek beren eskumen-eremuan izan ditzaketenak”. Hau da, jarduera turistikoa abiarazi nahi duenak udal araudia ere bete behar du. Turismo Legea.
10Donostiako Hirigintza Ordenatzeko Plan Orokorra: 59.artikulua, 168. orrialdean
Badirudi, udal gobernuak uda baino lehen ordenantza berritu nahi duela DV 207/04/11
13“Ekonomia kolaboratiboa” bezala ezagutzen da, baina bere eragin sozial kaltegarria ikusita, ez dirudi oso “kolaboratiboa” denik. Etxebizitzak partekatzeko eta benetako kolaborazioa sustatzeko “FairBnB.coop” plataforma sortzen ari da, baita Euskal Herrian ere.
14http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2017/01/29/vecinos/alquileres-turisticos-ofrecidos-por-airbnb-el-precio-de-los-alquileres-subio-un-17-en-2016-en-donostia-en-pleno-boom-turistico
15Oso adierazgarria da, adibidez, Bretxako “Arraindegi” eraikinarekin gertatzen ari dena. Turismoak sortzen duen aberastasuna auzotarren bizi kalitatea hobetzeko erabili ordez, masa-turismo gehiago sustatzeko erabili nahi dute. Izan ere, aurreko legealdian Parte Zaharrerako azpiegiturak kokatu nahi ziren bertan (anbulategia, kiroldegia, haurtxokoa, eguneko zentroa...) eta, aldiz, legealdi honetan Udal Gobernuak auzorako aurreikusitako azpiegiturak murriztu eta ostalaritzarako 800m2 gehiago kokatzeko proiektua aurkeztu du.