2022an EH Bilduren eta Espainiako Gobernuaren artean sinatu zen akordioa gauzatzeko eskura dituen mekanismo guztiak martxan jarri gabe jarraitzen duen Udal-gobernu baten aurrean gaude: La Cumbren doako lagapena memoria historikoa berreskuratzeko eta Estatu indarkeriaren biktimak gogoratzeko. Eta ez du egiten behar den borondatea ez duelako.
Juan Karlos Izagirre bozeramaileak Pertsonentzako Zerbitzuen batzordean gaur defendatu duen interpelazioaren ondoren, EAJren geldotasuna eta prozesua oztopatzeko duen jarrera berresten ditugu. Nola ulertzen da bestela joan den otsailaren 18tik gordeta izatea dokumentu bat zeinari erantzun bat ematea izapide hutsa den? Nola ulertzen da gainerako taldeek horren berri ez izatea? Nola ulertzen da dagokion batzordeetan horri buruz ez hitz egitea eta talde memorialistei horren berri ez ematea? Eta, gainera, Gobernuari entzun behar izan diogu horrela gobernatzea «gardentasunez» gobernatzea dela. EH Bildurentzat kontrakoa da, opakotasunez eta alderdikeriaz gobernatzea da, alegia.
Eta harrigarria da EAJko ordezkariaren ahotan entzutea inork galdetu ez duelako ez dutela informaziorik eman. Nola galde daiteke inork existitzen zela ez zekien zerbaiti buruz? Sinestezina da Gobernu bat arduraz jokatzeko gai ez izatea, eta inork dokumentu horri buruz galdetu ez zuelako aitzakia jartzea. Hau al da EAJren gobernatzeko modua? Gardentasunez, iniziatibaz eta arduraz jokatzeko eskatzen diogu. Azken finean, egoerak eskatzen duen mailan egon dadila.
Diskurtso hutsa entzun dugu; zehaztasuna falta izan da, ez dago datarik, ez daturik. «Lan xeheaz» hitz egin da, aldez aurreko lana eginda dagoenean, eta Espainiako Gobernuarekin akordio bat ere badagoenean. Orain aipatzen ari garena izapide administratibo hutsa da: Espainiako Gobernuarekin adostutako lagapen-zirriborroa eta erraz egiteko beste hiru dokumentu. EH Bilduren aburuz, hau guztia prozesua luzatzeko aitzakiak baino ez dira, EAJko ordezkaria ez da ezer zehazteko gai izan. Batzordearen ostean, Izagirrek deitoratu egin du «hau bezalako aukera bat urte bateko epean ez gauzatzea, besterik gabe, jatorrian EH Bilduren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordio bat dagoelako».
Nolanahi ere, EH Bilduk lanean jarraituko du La Cumbre errealitate izan dadin memoria historikoaren zentro gisa, Estatu indarkeriaren biktimen errealitatea jaso dezan eta Aiete auzorako, Donostiarako eta Euskal Herri osorako topagune izan dadin.