Duela bi urte, EH Bilduko udal taldeak akordioa lortu zuen Udal honetako Alkatetzarekin Arrandegi eraikinaren eta, oro har, Bretxaren inguruan. Laburbilduz, akordioaren ardatza hau zen:
- Eraikin hori kudeatzeko enpresa-talde bati egina zitzaion lagapena etetea eta zuzeneko kudeaketa publikoa berreskuratzea.
- Parte Zaharreko bizilagunekin adostea sortuko ziren espazioen banaketa eta erabilera.
Ordurako, Udal Gobernuak 2011-15eko legegintzaldian erabakitakoaren zati bat aurrera eraman zen, hala nola Osakidetzako osasun-zentro berria eta kirol-kantxa, nahiz eta bi horiek aldaketak izan zituzten jatorrizko proiektuekin alderatuta, hasieran esleitutako azalera murriztuz eta anbulatorioaren kasuan Bengoetxea kaleko EAG bertara aldatzea eragotziz.
Parte Zaharreko bizilagunek gimnasio publiko bat, eguneko zentro berri bat eta auzoko elkarteentzako guneak instalatzea lehenetsi zuten instalazio horietan. Alkatetzarekin izandako negoziazioetan, eguneko zentroa Arkoak eraikinera lekualdatzea proposatu zen, baita bertan instalatuko zen gimnasio pribatua Kirol Txartelarekin erabiltzeko aukera ere.
Tamalez, astelehen honetan egindako Sustapeneko azken Administrazio Kontseiluan itzali egin da hartutako akordio horiek bete ahal izateko itxaropen-zantzu oro, eta, beraz, gure erantzukizunetik, aurkeztutako proposamenak EH Bilduk ez ditu babestu.
Hartu diren erabakien ondorioz, egoera honakoa da:
- Arrandegi eraikineko lehen solairuan ostalaritzarekin zerikusia duen jarduera bat egingo da, prestakuntzarako, inklusiorako eta abarrerako aukera gisa saldu nahi bada ere.
- Jarduera hori esku pribatuetan geratuko den susmoa areagotu egiten da, eta, beraz, zuzeneko kudeaketa publikoaren konpromisoa ere ez litzateke beteko.
- Ez da beteko espazio horien erabilerak Parte Zaharreko beharrei erantzuteko akordioa, eta baztertu egiten dira gimnasio publikoa eta eguneko zentro berria. Arkoak eraikineko erabilera horiek ere baztertu egin dira. Kirol Txartela ezin izango da erabili gimnasio pribatuan, eta eguneko zentro berri bat planteatzen zen azaleraren zati batean merkataritza-jarduera pribatu bat egongo da.
- Baserritarrak Arrandegi eraikinaren barruan kokatuko dira, beren borondatearen aurka, nahiz eta orain konpentsatzen saiatuko diren, baldintza egokiekin. Gainera, beren harremana aurrerantzean ez da Udalarekin izango, Sustapenarekin baizik. Gauza bera gertatuko da Arkoak zentroan instalatuko den merkataritza-jarduera pribatuarekin ere, adostu gabeko erabakiz baten bidez, duela bi urte adostutakoa bete gabe, alegia.
- Eta hutsik geratzen diren finkatzaileen espazioak merkatu tradizionalarekin zerikusirik ez duten jardueretarako erabiltzeko aukera zabalik geldituko da.
Hau da, emandako hitza eta duela bi urte lortutako akordioak ez dira inola ere errespetatzen, eta kaltetuak Parte Zaharreko bizilagunak eta zuzeneko udal-kudeaketa dira.
EH Bilduk berriro salatu nahi ditu politika egiteko modu hauek, betetzen ez diren akordioetan eta betetzen ez diren promesetan oinarrituta. Gure aldetik, berretsi nahi dugu lanean jarraituko dugula politika-eredu hau udal honen kudeaketatik eta, oro har, kudeaketa publikotik desager dadin.