AKTUALITATEA


| 2022-05-16 11:50:00

Aranzadi Elkarteak Polloeko mausoleo frankistan 17 miliziano eta gudarien ehorzketa demostratzen duten zenbait dokumentu historiko argitaratu ditu gaur. Donostiako EH Bilduko udal taldeak Giza Eskubideen Batzordean aurkeztutako ekimen instituzional batetik abiatu den azterlana da. Izan ere, joan den azaroan ekimena aurkeztu genuenetik, gaiaren jarraipena egin dugu bileraz bilera, eta, horri esker, ekimena ondo bideratu ahal izan da.

Ekimen horrek, iaz Ategorrietako langileen sarraskiaren 80. urteurrenaren ospakizun ofizialak bezala, Donostiako EH Bilduren dinamikari erantzuten dio, Eneko Goiaren Gobernuak gure hiriko oroimen historikoaren gaia jorratzeko duen pasibotasunaren aurrean.

Pozten gara EH Bilduk sustatutako azterketa egin izanaz eta gure hirian Frankok egindako krimen eta errepresioari buruzko egiaren beste zati bat ezagutu izanaz. Ildo berean jarraituko dugu lanean.

Hau da, hitzez hitz, 2021eko azaroan EH Bilduk erregistratu zuen ekimena, Aranzadi Elkartearen ikerketa ahalbidetu duena:

2021eko azaroaren 12an, Polloeko hilerrian dagoen “gurutze frankistari” buruzko artikulu bat argitaratu zuen Irutxuloko Hitza hedabideak. Itsaso Bikuñak sinatutako idatzian, besteak beste, aipatu monumentuak Iturrino anaia falangistak eta 1936ko kolpistak ohoratzen dituela gogorarazten zuen, baita “Memoria Historikoaren Legea aplikatuz gero, gurutze horrek dagoeneko kenduta” egon beharko lukeela ere.

Halaber, ondorengoa ere irakurtzen genuen artikuluan:

“Iñaki Egaña historialariak beti pentsatu izan du gurutze horren azpian 1936ko fusilatu errepublikarren gorpuzkiak aurki daitezkeela, eskarnioa handiagoa izan dadin, espresuki. Ikerketa baten arabera, 2008tik 2011ra bitartean, Donostiako Udalak hilerria eraberritu zuen, eta hobi komun nagusia suntsitu zuen, hiriaren defentsan borrokan hildako milizianoen gorpuzkiekin (1936ko uztaila-iraila). Gorpuzkiak Hezurtegi Nagusira bota zituzten, inolako komunikazio ofizialik gabe eta hiriko memoria historikoaren elkarteei jakinarazi gabe.”

Zentzu honetan, fusilatuen gorpuzkirik dagoen ikertu behar da, eta eginkizun hauetarako Aranzadi elkartea da instituzio egokia. Bestalde, hondatutako hobiari edo hobiei buruzko ikerketa abiatu behar da.

Horiek horrela, hau eskatzen dugu:

Donostiako Udalak hiriko hainbat historialarik burututako ikerketei jarraipena eman diezaiela aipatu eremuan fusilatuen gorpuzkiak ote dauden argitzearren, eta aldi berean, abiatu ditzala monumentu frankista eraisteko beharrezko izapideak.

Donostian, 2021ko azaroaren 30ean