AKTUALITATEA


| 2020-06-15 14:40:00

Gaur goizean, Donostiako Udaleko Gune Publikoen Udal Batzordean, Eneko Goiaren agerraldia egon da, EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk eskatuta, ekainaren 5ean metroaren pasantearen lanen ondorioz Zubieta kalean gertatutako istripuaren arrazoiak azaltzeko eta Udalak segurtasuna bermatzeko zer neurri hartu behar dituen galdetzeko. Baina alkateak ez ditu eskatutako azalpenak eman eta gertatutakoari garrantzia kentzen aritu da, bizilagunen eta tuneleko langileen segurtasunarekin aparteko urratsik egiteko konpromisorik hartu gabe.

Agerraldia hasi baino lehen, Reyes Carrerek, EH Bilduko bozeramailea, lanetan egindako akatsengatik erantzukizun politikoak eskatu ditu, eta Donostiako Udal Gobernuari eta Eneko Goia alkateari kaltetutako herritar guztien segurtasunarekin konpromisoa hartzeko eskatu die. Agerraldiaren premia eskatzeko, zera galdetu du Reyes Carrerek: "Seguru al daude Zubieta kaleko bizilagunak? Zein txosten teknikotan oinarritzen da alkatea arriskua pasa dela esateko? Zein txostenetan oinarritu zen hasiera batean Nekane Arzallus metroak zerikusirik ez zuela jakinarazteko? Zeinen interesak defenditzen ditu Udal Gobernuak, herritarrenak edo ETS-renak?”

Garbiñe Alkiza zinegotziak, bere aldetik, istripua guztiz saihesgarria zela esan du, eta datuak, txostenak eta salaketak jarri ditu mahai gainean. Alkizak edozein obratan alarma guztiak piztuko lituzkeen aurrekariak zerrendatu ditu, eta, aldi berean, metroko pasantearen obrekin zerikusia duen guztia estaltzen duen iluntasun -politika agerian utzi du:

  1. Langileen bideoak. Zuloa gertatu baino bi egun lehenago, sare sozialetan, Mirakontxako tuneleko langileek grabatutako hainbat bideo publikatu ziren. Bideo horietan, ur-bideak eta tunelaren zoruan bi metroko ur-metaketa ikus zitezkeen.

  2. Zubieta kaleko bizilagunen salaketak. Zubieta kaleko bizilagunek gutxienez 11 salaketa jarri dituzte ETSren aurrean, eraikinetan pitzadurak agertu direlako. Salaketa horietatik gutxienez 9 onartuak izan dira, eta ETSk erreparazio-konpromisoa hartu du. Salaketa horiek guztiak ETSren txosten batean jasota daude, eta EH Bilduren talde parlamentarioak Eusko Legebitlzarrean eskuratu ditu.

  3. ELAren salaketa: ELAk lan-ikuskaritzaren aurrean salatu du zuloa baino egun batzuk lehenago agertutako ur-bideen aurrean ez zela neurririk hartu eta horrek arriskuan jarri zituela langileak eta bizilagunak. Sindikatuaren arabera, zuloa eragin zuen luiziaz gain, beste luizi batzuk egon zirela pentsatzeko zantzuak daude. Mariezcurrena S.L., Zubieder, Campezo, Sacyr eta Cavosa enpresak osatzen duten UTEaren jardueraren inguruan jarritako salaketan, ondorioak askoz larriagoak izan zitezkeela adierazten du ELAk.

  4. Donostia Defendatuz-en salaketa. Zazpi eragilek osatutako koordinakundeak ohartarazi zuen, 2019ko otsailean, obren eraginez lur azpiko geruza hareatsua desegonkortu egingo zela, iragazketak tuneletara iritsiko zirela eta desegonkortze horrek kalte handiak eragingo zituela eraikinetako egituretan. Eusko Trenbide Sarea (ETS) berehala atera zen hau dena gezurtatzera: "horrelako baieztapenek nahasmena eta alarma eragin nahi dute" adierazi zuen ETSk, eta "koordinakundeak bultzatutako desinformazio-kanpaina" salatu zuen, "lurpeko tunelaren lanak lur harritsuan igarotzen baitira". Hala ere, eraikinetan etengabe agertzen ari diren pitzadurek eta ekainaren 5eko zuloak berak agerian utzi dute, desinformazio-kanpaina bat egonez gero, ETSrena dela.

  5. ETSren txostena: 2020ko martxoaren 3an, Red Ferroviaria Vasca – Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakundeak alegazio-idazki bat bidali zion Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeari. Izan ere, batzorde honengana joan behar izan zuen Easo kalearen eta Zubietaren arteko izkinan dagoen eraikineko bizilagun batek, obrei buruzko informazioa eskatzeko, eraikina egiturazko desegonkortasun larria jasaten ari dela ikusi ondoren. Duela 3 hilabete eskas egindako idazki horretan, ETSk adierazten du: "hiriguneko eta Amara auzoko marea-hareatzen gainean eraikitako eta Mirakontxa-Easo zatiaren trazaduraren inguruan kokatutako eraikinen gainean lurpeko obrak dituen eraginak simulatzeko eredurik” ez duela egin. ETSren arabera, arrazoia honako hau da: "Topoaren pasantearen bi tarteetan egin beharreko lurpeko obrak harkaitzetan egiten ari dira dira, eta indusketa-metodoa arroka osasuntsuan egiteko egokitu da". Hala ere, ekainaren 5eko zuloak agerian utzi du harria ez zela uniformea, eta asko kostatzen da sinestea ETSk horretaz ez dela jabetu. Hori dela eta, EH Bilduk eskatu du kanpo-enpresa batek txosten geotekniko independentea egin dezala, hori baita metroaren obren benetako arriskua ezagutzeko modu bakarra.