Etxerik gabeko pertsonak neguan artatzen dituen La Sirena aterpetxeak ateak irekiko ditu gaur gauean, urtarrilak 19. EH Bilduk bi baldintza berriren berri izan du, inoiz eskatu ez direnak, lehentasunezko sarbidea izateko. Kezkaz ikusten dugu horrek erabiltzaileen artean sortzen duen segurtasun eza eta ziurgabetasuna, plaza bat bermatuta ez dutelako. Eneko Goia alkateari atzera egiteko eta zuzentzeko eskatzen diogu.
EH Bilduk jakin duenez, hirugarren sektoreko eragile eta langileei pertsona batzuk besteen gainetik lehenesteko irizpideak komunikatu zaizkie: Donostian erroldatuta egotea eta Udaleko Gizarte Ekintzan fitxa bat irekita izatea 2023ko azaroaren 14a baino lehen.
Baldintza horiek inoiz baino murriztaileagoak dira. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren 2008ko Gizarte Zerbitzuen Legearen aurkakoak dira. La Sirena "1.8 Gaueko harrera-zerbitzu" gisa katalogatuta dago, eta erregelamenduan jasota dagoenez, ez dute administrazio-baldintzarik aurkeztu edo bete behar.
EH Bilduk baieztatu duenez, gaur goizean, plazak erreserbatzeko txartelen banaketan, pertsona batzuei sarrera ukatu diete hirian erroldarik ez dutelako edo Gizarte Zerbitzuetan hauen berri ez dutelako. Kasu horietan, datuak hartu zaizkie edukiera beteko ez balitz; 100 plaza daude.
Kontuan izan behar da etxerik gabeko pertsonak direla eta, kasu askotan, ez dutela telefono mugikorrik; beraz, ezinezkoa da garaiz abisatzea, lekua egon arren. Gainera, Ondarretako La Sirenaraino joaten ari dira ezezko bat jasotzeko.
Honen aurrean, EH Bildutik eskatzen dugu:
- Zuzenketa bat eta pertsona batzuk besteen aurrean lehenesteko agindua bertan behera uztea. Ezberdintasunek ez dute kabidarik.
- La Sirena irekitzea negu osoan (azaroa-apirila) zehar, eta 100 ohe horien eskaria gainditzen den kasuetan, beste udal-baliabide batzuetan bitarteko gehiago jartzea,
batez ere egunik hotzenetan.