AKTUALITATEA


| 2021-06-10 12:13:00

Zoritxarrez, azken asteetan, Donostian, kirol arloan, indarkeria matxistaren salaketa batzuk ezagutu dira.

Testuinguru honetan, Udal Gobernuak udan kirol arloan emakumeen aurkako sexu eta genero indarkeriaren aurkako kanpaina bat aktibatzeko asmoa du, jai inguruneetarako egin ohi den kanpainaren alternatiba gisa.

EH Bilduren ustez, ez du zentzu handirik kanpaina hori udako hilabeteetara mugatzeak; izan ere, garai horretan, kirol modalitate federatu gehienak ez daude aktibo, eta eskola kirola erabat geldirik dago. Gure ustez, kiroleko sexu indarkeriaren eta abusuen aurkako lan horrek irismen eta eraginkortasun handiagoa izan dezan, urte osoan zehar hedatu beharko litzateke; izan ere, udako hilabeteetara mugatzen bada, mezuak ez du eraginik izango kirolari gehienengan.

Bestalde, oso garrantzitsua da eskola garaian kirol abusua espezifikoki lantzea. Biztanleria hori oso sentsiblea da abusatzaileekiko, eta abusua, askotan, estalita geratzen da ustezko kirol errendimenduarekin, jarduera fisikoarekin eta osasunarekin lotutako jarrera faltsuen ondorioz.

Kirolean sexu indarkeria desagerrarazteko, urrats sendoagoak eta ausartagoak egin behar dira arlo horretan, milaka baitira Donostian modu batean edo bestean jarduera fisikoa egiten duten neskak eta emakumeak.

Emakume kirolarien aurkako sexu jazarpena eta abusu psikologiko eta fisikoak osotasunean landu beharreko tabu bat dira. Oso errealitate konplexua da, eta adar asko ditu: diskriminazioa eta hizkera sexista komunikabideetan, entrenatzaile / masajista / zuzendariek abusuzko eta jazarpenezko harremanak izatea emakume kirolari / epaile / entrenatzaileekin, aukera falta, eta abar.

Horretarako, kirolariei eta haien ingurukoei zuzendutako prebentzio kanpainak egiteaz gain, behar-beharrezkoa da gobernu honek gure hiriko kirol erakunde guztiei berdintasun plan bat prestatzeko laguntza eta orientazioa ematea, eta plan hori aplikatzera behartzea. Berdintasun plan horrek barnean izan behar du sexu jazarpenaren eta abusuaren aurka egiteko protokolo bat, kirol jarduera osoan (entrenamenduan eta lehiaketan) aplikatu beharrekoa, eta, kudeaketari dagokionez, klubaren eta gure hiriaren errealitate sozioekonomikora egokitua.

Horiek horrela, interpelazio erregistratu dugu datorren asteleheneko Udal Batzordeetan berdintasun zinegotziak erantzun dezan.