AKTUALITATEA


| 2025-01-22 15:39:00

Ostalaritza lokalen arteko distantzia ezartzen duen ordenantzak argi dio: lokal batek ezingo du inoiz kategoria altuago batera aldaketa egin. Ordea, Hirigintza departamentuak horretarako baimena eman du araudia urratzen duen arren. Kaiko pasealekuko 11. atarian dagoen taberna baten lizentziaren harira, EH Bilduk Nekane Arzallus Hirigintza arduradun nagusiaren agerraldia eskatu du Lurralde Garapen eta Planifikazio batzordean, asteazken honetan.

Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak zuzenbidearen araberakoa ez den egoera baten ondorioz (kategoria-aldaketa) Hirigintza Sailari eskatu zion berrazter zezala erabilera-aldaketa bati buruzko baimen bat. «Eta berrikuspen-eskaera hori, hain justu, Hirigintzako ordezkariak berak bota zuen atzera», gogorarazi du batzordean Ricardo Burutaran zinegotziak. «Deigarria egiten zaigu eskaera ez onartzeko interpretazioa, are deigarriagoa egiten zaigu abstenitzeko betebeharra betetzen ez denean, eta, gainera, funtzionario horren esku-hartzea esanguratsua denean», gogorarazi du.

Zinegotziak, ordea, Hirigintza arduradun nagusi gisa, ez zuen baldintza horietako bat bera ere kontuan hartu. Elkarteak epaitegietan salatu zuen hori, udaleko zerbitzu juridikoek berriro ohartaraziz Hirigintzako ordezkariak hartutako erabakiek ez zutela oinarri juridikorik.

Publiko egin den kasuaren aurrean, EH Bildutik uste dugu ezin dela gertatu pertsona konkretu batzuengatik sortzen diren irregulartasunak edo espedienteen blokeoak edo tramitazio susmagarriak eragile edo oposizioko taldeen salaketan arabera aktibatzea. EAJ-PSEren Udal Gobernuaren ardura da Administrazioak modu eraginkor eta dinamiko batean lan egiten duela bermatzea, eta sinatzen den espediente orok araudia betetzen duela ziurtatzea.

Kasua larria da, baina are larriagoa da agerian uzten duelako Gobernu honen ezgaitasuna eta interes falta betearazteko dauden araudiak, baita interes orokorra beste guztiaren gainetik ez lehenesteko.

Bestela, sortzen den egoera, eta dagoeneko sortu da, herritarrak eta langileak haserrearaztea da, deskonfiantza eta babesgabetasuna sentitzea. Errotik moztu behar dira kudeatzeko eredu hauek. Horregatik eskatzen ditugu ardura politikoak, eta garbi dugu gobernu hau gai ez bada zerbitzu duinak eta gardenak emateko herritarrei, EH Bilduk jarraituko duela lanean Goiaren Gobernua mugiarazi arte eta EH Bilduk berak egiteko Gobernuak egiten ez duena.

Arzallusen agerraldia entzun ondoren, bi galdera jarri nahiko genituzke mahai gainean. Alde batetik, galdetu behar da ea kasu puntual baten aurrean gauden ala ez, eta, bestetik, ea norbaitek bere gain hartuko dituen dagozkion erantzukizunak, politikoak barne. «Lehenengo galderari erantzuteko modu bakarra esku-hartze guztiak egiaztatzea eta aztertzea da, konprobatzeko. Horrela bakarrik esan ahal izango da gehiago diren ala ez. Funtsezkoa da gogoeta egitea eta kontzientzia hartzea berriro gerta ez daitezen. Noraino iristen den argitu behar da», amaitu du.