AKTUALITATEA


| 2025-09-12 11:58:00

Bizitegi-krisiaren testuinguruan, eta Donostiako herritarren arazo nagusia etxebizitzara sarbidea izanik, EH Bildun kezkatuta gaude azken urteotan hiriko hainbat tokitan etxebizitza esklusibo eta luxuzkoen sustapenak ugaritu direlako. Gros, Parte Zaharra eta Antigua dira auzo tentsionatuenak; azken urteetan biztanleria galtzen joan dira pixkanaka, eta joera hori gero eta handiagoa da. Gentrifikazioa errealitate bat da.

Urteak dira krisi hau pairatzen ari garela, eta honi muturreko egoerak gehitzen zaizkio, hala nola gero eta herritar gehiago dago kale egoeran eta etxegabetze arriskuan daude hainbat familia.

EH Bilduren iritziz, gertatzen ari dena kanpoko interesen alde egiten duen hiri eredu baten ondorioa da, higiezinen eta turismoaren sektoreak lehenetsiz. Gogoeta egin beharko genuke gaur egun Donostian zenbat etxebizitza publiko eta zenbat etxebizitza ari den eraikitzen luxuzkoa edo esklusiboa izenekoa.

Groseko bizilagunen kasua ezagutu dugu, Bermingham, Zabaleta eta Segundo Izpizua kaleetakoa, kontratu mugagabeak dituzten hamarna bat familia, duela urte batzuetatik hona promotore baten presiopean bizi direnak beren etxeak uzteko eta erabat espekulatiboa den higiezin-proiektu bati bide emateko. Herritar horiek higiezin-sare baten biktima dira. Helburua: etxebizitza merkantzia bihurtzea gehien eskaintzeko duenari saltzeko.

Ostiral honetan EH Bilduk eta kaltetutako familiek batera egindako agerraldian, Ricardo Burutaran zinegotziak sustatzen ari den hiri ereduari buruz eta administrazio publikoek etxebizitza eskubidearen zaintzan duten paperari buruz hausnartu du. «Gobernu arduratsu batek herritarren alde jarri behar du, eta haiek babestu behar ditu, haien eskubideak bermatu behar ditu politika eraginkor eta aurrerakoien bidez. Ez du balio diren edo ez diren eskumenekin aitzakiak jartzeak, urratzen ari den oinarrizko eskubide batez ari garelako, gure hirian bertan», adierazi du.

Borondate politikoa badago, Udal Gobernuak bitartekari lana egin dezake, inplikatu egin daiteke eragiketa horien ondorioak saihesteko, izan ere ondorio horiek oso larriak direla uste dugu EH Bildutik. Ez bakarrik egoerari nekez eusten dioten hamarna familientzat, baita, noski, mahai gainean alternatibarik gabe alde egin behar izan duten bizilagun guztientzat ere.

Beharrezkoa ikusten dugu funts putreen argazki zehatzagoa egitea, baita luxua eta esklusibotasuna sustatzen duten eta Donostian jarduten duten higiezinen enpresa horien argazki zehatzagoa ere. Hori dela eta, datorren astelehenean, hilak 15, Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi delegatuaren agerraldia eskatu dugu, Azorak hirian duen etxebizitza-parkeari buruzko informazioa jasotzeko, besteak beste.