AKTUALITATEA


| 2021-06-23 12:58:00

Hiriko eremu horretan, jarduera ekonomiko jakin batzuen mesedetan herritarren gozamenerako erabili izan diren espazio publikoak pausuz pausu galtzen ari dira. Zentzu horretan, eremuaren pribatizazioan urrats bat gehiago emateko ad hoc argudioak erabiltzen ari diren beldur direnen kezka partekatzen du EH Bilduk. Gure ustez, administrazio publikoek jarrera argia erakutsi behar dute espazio publiko horren erabilera publikoa babesteko.

Gogoratuko denez, Eusko Jaurlaritzaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak Donostiako kaiko arrapalaren sarbidea mugatzea erabaki zuen 2020ko uztailaren 24an. Jaurlaritzak ohar batean azaldu zuenez, COVID-19aren hedapena saihesteko hartu zuten neurria.

Erabaki honek hautsak harrotu zituen Parte Zaharreko eta kaiko bizilagunen, eta oro har, kaiko erabiltzaileen artean. Izan ere, ez zen hori izan inguru horretan espazioaren erabilerari ezarri zitzaion mugapen bakarra, besteak beste, Klub Nautikoaren inguruak ere itxi egin baitziren. Uretara sartzeko sarbide guztiak ixteko erabakiaz gain, hainbat guneren pribatizazioa edo arrantza debekatu izana ere salatu zuten bizilagun eta erabiltzaileek. Zentzu honetan, sinadura bilketa bat abiatu zuten “guztion plaza den kaiaren pribatizazioa salatu eta Jaurlaritzari bilera bat eskatzeko”.

Azkenean, Jaurlaritza eta bizilagunen arteko bilera hori iazko irailean egin zen, eta bertan, berriro, adierazi zitzaien orduan hartutako neurriek COVID-19ak eragindako testuinguruari erantzuten ziotela.

Urte bete igaro den honetan, eta hondartzetako garaia irekitzearekin batera, kaiko bizilagunek salatu dute berriro ere arrapala hesitu egin duela Eusko Jaurlaritzak, eta oraingoan erabilitako argudioa “jarduera nautikoen segurtasuna bermatzeko” izan da. Argudio aldaketa honek kaiko bizilagunen kezkak areagotu ditu, izan ere, erabakiaren atzean bestelako helburu batzuk ohartzen baitituzte.

2020ko irailean EH Bilduk aurkeztutako interpelazioari erantzunez, Eneko Goia alkate jaunak kaiko bizilagunen eta Jaurlaritzaren artean mediatzeko konpromisoa agertu zuen, bera ere orduan sortutako egoerarekin ez-ados zela adieraziz. Hala ere, Udal Gobernuak ez du publikoki esku hartu kasu honetan, gauza jakina denean inguruko bizilagunek eta donostiar askok kaiarekiko duten atxikimendua.

Horregatik guztiagatik, biharko osoko bilkurari begira, EH Bildu udal taldeak premiazko interpelazio bat erregistratu du, Udal Gobernuak azal dezan zer jarrera duen kaian ezarri diren debekuen aurrean.