AKTUALITATEA


| 2021-06-01 12:02:00

Lehenik eta behin gogoratu behar da Santa Klara uhartea babes bereziko eremua dela Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren arabera. Izan ere, irizpide orokorra "ekosistemaren kontserbazioa, esku-hartze antropikoa mugatuz, ezaugarri morfodinamikoen kontserbazio zorrotza eta landarediaren kontserbazio aktiboa sustatuz" izan behar da. Beraz, Santa Klara uhartea balio handiko eremua da naturaren kontserbaziorako ikuspegi batetik.

Hori dela eta, egitasmoaren berri izan genuenean, bi udal taldeek Eneko Goia alkateari eskatu genion beharrezko neurriak har zitzala uhartearen ingurumena babesteko, haren babes bereziko kategoria kontuan hartuta, eta aurkez zezala uharteko proiektu eskultorikoaren ingurumen-inpaktuari buruzko txosten bat, ingurunea babesten dela ziurtatzeko.

Itsasargiaren obrak hasi eta bi astera, 2019ko urriaren 19an, proiektuaren inguruan sortutako kezkak aztertu eta argitu arte obrak geldiaraztea eskatu genuen. Zehazki, hiru plan martxan jartzeko proposatu genuen, lanekin hasi aurretik: (1) ingurumen-plan bat egitea, itsasargiaren obren eta eskulturaren eraikuntzaren eragin ekologikoa baloratzeko; (2) itsasargiaren barruko industria-ondarea aztertzeko plan bat; eta (3) plan ekonomiko bat, eskultura egiteko lanen kostu osoaren inguruan, gardentasun ariketa gisa.

Baina Donostiako Udal Gobernuak, prentsan han eta hemen adierazi duenaz gain, ez du berariazko planik aurkeztu. Ikus ditzagun kudeaketa modu honen ondorioak:

Obraren inpaktua: ikusi ditugu itsasargiaren inguruetan, baina baita igoeran ere eta beste hainbat eremutan, lanek eragin dituzten txikizioak. Alkateak behin eta berriz esaten zuen esku-hartzeak eraikinaren barrualdeari bakarrik eragingo ziola, baina ez da horrela izan. Horren adibide da azken asteetan hondakinen kudeaketa arduragabea egin dela, hondakinak errez eta hondakinen ordenantzaren arau-hauste larria eginez. Gainera, jokabide honek eragin handia izan du uhartean habia egiten duten hegaztiengan, ugaltze-garai batean, eta hondakinak nahita erretzeak eragindako keak asfixia eragin die hegaztien kumeei. Azken kapitulua da

Ondarea: egitasmo honek ez du bete PEPPUC (Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia). Izan ere, itsasargia C mailako babes-maila batekin katalogatuta zegoen, eta horrek fatxadak babestera behartzen zuen. Hala ere, lehen ez zegoen ate bat ireki dute fatxadan. Hala ere, ondarearen babeserako kolektibo eta adituen ohartarazpenen aurrean beste aldera begiratu du Udal Gobernuak. Uharteko itsasargian egindako esku-hartzea nazioarteko ondarearen babesari buruzko batzarretara ere eraman dute, egin behar ez denaren adibide gisa.

Xahuketa ekonomikoa: Nabarmentzekoa da kostua bost milioi eurokoa izango dela. Urte hauetan, etengabe, partida berriak onartu dira. Duela astebete baino ez, obra burututa, Udal Gobernuak beste 246.000 eurotan handitu zuen partida bat Hondalearako. Eta gaur bertan, Tokiko Gobernu Batzordean, beste 183.500 euroko partida berri bat onartu du ekainetik urrira bitarteko marketin-kanpaina bat egiteko (komunikabideen plana, aurkezpen-ekitaldiko gastua eta zehaztu gabeko 15.000 euroko partida bat). Uste dugu ez dela onargarria 1,5 milioiko hasierako kostua planteatzea eta azkenean bost milioi ordaintzea.

Baina badago beste kontu bat: partida berriak onartzerakoan, Udal Idazkariak bere iritzia eman behar du, eta esan beharra dago partidak handitu diren bakoitzean udal Idazkariak eta Kontu-hartzaileak legez kontrako ohartarazpen ugari egin dutela, Kontratazio legearen urraketak, alegia. Honen aurrean, Udal Gobernu honek behin eta berriz beste aldera begiratu du. Gaurkoan berriro salatu behar dugu jokabide hau.

Etorkizuneko kudeaketari buruzko kezka

Behin eta berriro eskatu dugu Santa Klara uhartearen kudeaketa egoki baterako plana.

Lanak hasi zituztenean ere, lanen jarraipenerako plan berezi bat eskatu genuen. Kasurik ez ziguten egin, dena ongi eta neurtua zegoela adieraziz. Eragileek azken oharrean adierazi dutenez, udal gobernuak uhartea eta Hondalearen kudeaketaren eredu zirriborro bat aurkeztu die. Donostiako Udalbatzako oposizioak ez du zirriborro horren berri. Ez dakigu kudeaketa planik dagoen ez eta horretarako asmorik ba ote duen ere, ez baitigute ezer aurkeztu.

Kezka hori areagotu egin zaigu orain, Hondalea publikoari irekitzekotan diren honetan. Iragan astean, esaterako, talde ekologistek salatu zuten uhartetik ikusgai zegoen ke-torrea. Eta horri buruzko urgentziazko interpelazioa eraman genuenean azken Udalbatzara, ez zuten urgentzia onartu, eta horrenbestez, ez zuten azalpenik ere eman.

Udal Gobernuak Hondalearekin dituen asmoak oso agerian geratu dira azken asteotan. Donostiara turismo gehiago ekartzeko dispositibo berri bat bilakatu dute.

Zentzu honetan, Donostia Turismoak turismo arloko estrategia berriei buruzko jardunaldia antolatu zuen apirilean, eta gonbidapenean horrela irakurtzen da: “Bestalde, jardunaldian, Cristina Iglesias artistaren Hondalea proiektua aurkeztuko dute; hots, Donostia nazioartean posizionatzeko baliagarria izango den ekimen artistiko berria.

Agerikoa da kontrolik gabeko erabilera batek ingurunean dituen ondorio kaltegarriak. Nazioartean baina baita gurean ere, erakunde ezberdinek horretaz alertatu eta neurriak hartzen ari dira. Gipuzkoan bertan ‘flysch’-en eta Txingudiko paduran agerikoak dira etengabeko esplotazio ekonomikoaren ondorioak.

Errealitatea da aurtengo sarbideak nola kudeatuko diren baino ez dakigula. Hala ere, dagoeneko hasi gara zenbait erabaki ikusten, eta pentsatzekoa da itsasargiaren irekitze-aldia luzatu egingo dela, denboralditik kanpoko bisita pribatuekin. Hau da, hasieran herritarrei helarazten ari zaien mezuaren kontra, azkenean sarbideetarako neurrietan gero eta salbuespen gehiago egingo dira eta gero eta kontrol lasaiagoa egingo da, eta horrek, beraz, inpaktu handiagoa izango du babestutako ingurune horretan.

Gure ustez, beharrezkoa da bisitetarako epe ertain-luzeko irizpideak argitzea, irekiera mugatuz udako hilabeteetarako. Ezinbestekoa da erabilera espezifikoen plana egitea, uhartearen babesa bermatuz. Era berean, uhartearen balio paisajistikoa, ekologikoa eta geologikoa kontuan hartuta, gaur egun LPSk babes berezi zorrotzekotzat katalogatua, Santa Klara-Igeldo eremua Natura 2000 Sarean integratzeko beharrezko urratsak eman behar dira.