Gure lehen hitza pentsionistak konpromisoa eskertzeko da.
Garai konplexu hauetan, prezioek izan duten gorakadak gehien kalteturiko sektoreen artean pentsionistak daude. Bizitza-kostuaren hazkunde etengabeak adineko eta pentsiodun gero eta gehiagok bere oinarrizko beharrizanak asetzeko gero eta zailtasun gehiago dituzte: kalitatezko elikadura, gaur egun doakoak ez diren zaintza zerbitzuen kontratazioa, etxebizitza gastuei aurre egitea…
Donostiako Udalak ematen dituen Gizarte Larrialdietarako Laguntzei dagokienez (AES), gero eta 65 urtetik gorako pertsona gehiagok eskatu behar dituzte gure hirian eta RGIaren kasuan berdina gertatzen da. 3 eskaeretatik bat pentsionistek egiten dute. Eta kolektibo horren barruan, emakume pentsionistak dira diru-laguntza gehien behar dituztenak.
EH Bildu saiatu da bida batetik edo bestetik pentsionisten egoera hobetzen. Esate baterako, Madrilen, pentsio baxuenak, besteak beste, alarguntasun pentsioak duintzeko urratsak eman ditu. Eta EH Bilduk lortutako akordio honi esker, alarguntasun pentsio bat ere ez dago probrezia mailaren azpitik. Alargunen pentsioa %17 eta %30 artean gehituko da, hau da, 40 eta 126 € gehiago jasoko dituzte hilean 2024an.
Euskal Herrian ere pentsio baxuenak 1.080 eurora osatzearen alde egiten dugu. Horretarako, pentsio-osagarriaren kudeaketa Gipuzkoako Foru Aldundiari transferitzea proposatzen dugu. Gaur egun, Lanbideren bulegoetan egiten da, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren Legearen esparruan, eta osagarri hori gutxienez 1.080ra arte gehitzea proposatzen dugu. Horrela, Lanbideren bulegoak deskongestionatuko lirateke, ez baitu zentzurik lan-munduan sartuko ez diren pentsiodunak bertan artatzeak, eta aukera ematen die aldundiei ofizioz pentsioen osagarria modu eraginkorragoan tramitatzeko.