AKTUALITATEA


| 2022-11-30 12:56:00

2023ko abuztuaren 27an 130 urte beteko dira Londres Hotelaren inguruan Guardia Zibilak hiru herritar tiroz hil zituela. Gertakari hauek Gamazada edo Sanrokada izenez ezagutzen diren herri altxamenduen testuinguruan jazo ziren.

1893an bizi zen krisi ekonomiko larriaren ondorioz, Praxedes Mateo Sagastak zuzendutako gobernuaren aurkako protestak eta mutinak espainiar estatu osoan zehar ugaldu ziren. Baina Euskal Herrian gizartearen ondoezak beste osagai batzuk hartu zituen, aldarrikapen foruzaleak nabarmenduz. Izan ere, 1893ko maiatzean, Madrilgo Gazetak -garaiko BOE- Hego Euskal Herriko autonomia ekonomikoa -foru aztarnen giltzarria- murrizten zuen legea argitaratu zuen, German Gamazo Ogasun-ministro liberalak izenpetua. Erabaki horrek goitik behera astindu zuen euskal gizartea, eta abuztuaren 27ko Donostiako gertakariak herritarren erreakzioaren adibide garbia dira.

Semana Grande delakoa amaituta ere, abuztu amaiera hartan Donostia udako giro betean zegoen oraindik. Alderdi Ederreko kasinoa, Atotxako plazan zezenketak eta Udal Musika Bandaren emanaldiak Bulebarreko kioskoan. Sagasta gobernu-burua ere Donostian zen, gorteari jarraiki, eta, beste askotan bezala, Londres hotelean zuen ostatu.

Abuztuak 27, igandea. Zezenketak amaituta, erdialdeko kaleak jendez mukuru ziren. Bulebarreko kioskoan, Udal Musika Bandak kontzertua eskaini zuen, eta, emanaldia amaitzear zela, lagun talde bat kioskora hurbildu zen Juan Guimon zuzendariari Iparragirreren Gernikako Arbola jo zezaten eskatzeko. Zuzendariak, ordea, ezezko biribila eman zien, argudiatuz Lorenzo Isla alkateak espreski agindu ziola egitarautik kanpoko piezarik ez jotzeko, eta are gutxiago euskal ereserkia, nonbait alkateak Sagasta presidenteari zion errespetuagatik. Hala bada, musikariak joatearekin batera, lagun talde bat kioskora igo eta Gernikako Arbola kantatzen hasi zen.

Ezin izan zuten abestia amaitu, aguazilek esku hartu baitzuten hainbat pertsona atxilotuz. Rafael Barrio gobernadore zibilak, publikoaren artean zegoenak, atxilotuak askatzeko agindu zuen, baina horrek ez zuen giroa lasaitu, eta Sagasta Londres hotelean zegoela jakinda, herritar talde handi bat harantz abiatu zen manifestazioan, “Gora Foruak! Behera Sagasta!” oihukatuz eta Gernikako Arbola kantatuz.

Manifestazioa hotelera iritsi zenean tentsioak eztanda egin zuen. Alde batetik, guardia zibila, zaldiz eta sableak eskuan, eraikina defendatzen, eta, bestetik, manifestariak, harriak jaurtiz hoteleko leihoen kontra. Liskarrak eta protestak gauera arte luzatu ziren, harik eta goizaldeko ordu biak aldera Guardia Zibila tiroka hasi zen arte. Fusil eta tiro hotsak ordu erdiz. Emaitza: hiru hildako (Justo Perez, Rufino Azpiazu Etxeberria eta Bixente Urzelai) eta hamar zauritu. Atxilotuak asko izan ziren eta garaiko prentsaren arabera torturak jasan zituzten Ondarretako kartzelan. Hurrengo orduetan eta egunetan, soldaduek hartu zuten Donostia.

Arestian esan bezala, Sagastaren gobernuak hartutako erabakiek goitik behera astindu zuten euskal gizartea, eta Donostiaren kasuan, erabakiaren aurkako protestek ondorio larriak eragin zituzten. Hala ere, aipagai ditugun gertakari hauek ez dute inongo oroigarririk gure hirian, bere memoriaren inongo aztarna ofizialik ez dago, eta Donostiako hiritarren gehienak ez du ideiarik ere ez hau gertatu zenik.

Horregatik, Donostiako herri memoria berreskuratzeko hainbat herritarrek abiatu duten dinamikaren bat eginez, EH Bilduko udal taldeak uste du gertakarien 130. urteurrena une egokia dela hiri honek orduko errepresaliatuekin eta gure herriaren nahiz herrikideen eskubide historikoen alde borrokatu diren pertsona guztiekin duen zorra kitatzeko.

EH Bilduk ondorengo proposamena erregistratu du, abenduko Udal batzordeetan aurkeztuko duguna:

Donostiako Udalak, Gamazadaren 130. urteurrena dela eta, errekonozimendu instituzionala sustatu eta adostu dezala herri eragileekin, sindikatuekin eta alderdi politikoekin. Eta, horretarako, bi ekimen proposatzen ditugu, besteak beste: batetik, Gernikako Arbola abestia berariaz aipatuko duen oroigarri bat jartzea Bulebarreko kioskoan, eta, bestetik, Londres hotel zaharra zegoen lekuan hildako hiru herritarren izenak jasoko dituen oroigarri bat jartzea.