AKTUALITATEA


| 2021-11-22 12:24:00

Larrialdi klimatikoan bete-betean gauden honetan, negutegi efektuko gasen isurketa murriztea izan behar du helburua, eta horretarako ezinbestekoa da mugikortasun jasangarria sustatzea.

Mugikortasun jasangarri horren lehen neurria hirian autoaren erabilera murriztea izan behar du. Izan ere, trafikoak eragiten dituen arazoak ez dira konpontzen autoei leku gehiago eskainita, baizik eta orain arte duten nagusitasuna murriztuz.

Zentzu horretan, pasa den astean Udal Gobernuak aurkeztutako mugikortasun planeko musika ez dela txarra uste dugu, eta horrela adierazi diogu zuzenean Udal Gobernuari.

Halere, ikusi beharko da azkenean zertan geratzen den, hitzetatik ekintzetara gauzak asko aldatzen baitira, ia beti, Eneko Goiaren gobernuan. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den Larrialdi Klimatikoaren Adierazpenarekin, iragarri bai, baina gero ez da garatu.

Kasu honetan, badago faktore bat kezkatzen gaituena: Emisio baxuen eremuak Europak derrigortzen dituen zerbait da. Eta Udal Gobernuak Europatik eta Madriletik etorriko diren funtsak lortu ahal izateko programa bat aurkeztu behar zuen. Gure beldurra da ea, ondoren, ez den paperean geratuko. Funtsekin edo gabe egin beharreko zerbait da, gure ustez.

Gainera, epeei dagokienez, ez dugu ulertzen zergatik jartzen den helburua hau dena gauzatzeko “metroaren obrak bukatzen denean”, 2025ean. Metro-pasanteak ezin du baldintzatu plan hau, azken finean, geltoki berri bat egiten da orain dagoena baino 10 minutu gertuago Kontxatik, baina horrek ezin du baldintzatu planaren garapena, inolaz ere ez. Gainera, ikusteko dago noizko egongo den martxan...

Beste aldetik, esan nahi dugu, plan honen musikarekin ados gaudela esaten dugunean, gogoratu nahi dugu 2016an (1) EH Bilduk egindako mugikortasun proposamenean jasota daude orain aurkeztu diren zenbait neurri.

Hauek horrela, EH Bilduk eragile aktibo izaten jarraituko dugu gure hirian klima-aldaketaren aurkako borrokan. Aurrean dugun erronka historikoaren tamainarekin bat datorren erantzukizuna bere gain hartuko du EH Bilduk. Eta soluzioak proposatuko ditugu, baita plan honetan ere. Beti ere espiritu kritiko baina konstruktiboarekin, hemen ere eragiten saiatuko gara.

Gure printzipioak argiak dira: oinezkoen lehentasuna, bizikleta espazio irabaztea eta garraio publikoa indartzea. Alde horretatik, ez dugu onartuko bus zerbitzuen murrizketarik.

Edozein kasutan, Plan honek hutsune asko dituela nabarmena da. Besteak beste, hiru zenbatuko ditugu:

Zer egin lur azpiko parking-ekin?

Disuasio-parking-ak?

Erdigunetik kanpo zer?

Gaurkoan, guretzat funtsezkoa den 1. puntuari eman nahi diogu lehentasuna. Izan ere, autoen sarrera murriztu nahi badugu hiraren erdigunean, ezin da ulertu auto murrizketarik orain arteko dugun aparkaleku eskaintza berarekin.

Egun, erdigunean bakarrik, 2.869 plaza daude errotaziorako aparkalekuetan, hau da, egunean 10.000 kotxe inguru sartzeko aukera dago. Eta gainera, udalak epe oso luzeko emakida egin ditu parking hauetarako. Kontxakoa adibidez 2058 urtean bukatzen da eta lehen amaituko den emakida Artzain Onekoa litzateke, 2043an.

Parking-a / Errotaziozko plazak

  • Bulebar / 381
  • Okendo /  748
  • Kontxa /  669
  • San Martin  / 300
  • Artzain Ona / 387
  • Bus geltokia / 384

Badakigu irtenbidea ez dela erraza, enpresa emakidarekiko kalte ordainak eta parkingeko langileen lan-baldintzak tarteko, baina, benetan mugikortasun jasangarria sustatu eta autoak gure hirigunetik atera nahi baditugu, lehentasunezkoa izan beharko luke aparkaleku publikoen arazo estrategikoari irtenbide bat bilatzea.

Lehenengoz, Udal Gobernuak ziurtatu beharko luke, etorkizunean ez dela emakida berririk egingo eta parkingak zerbitzu publiko bihurtuko direla. Aukera ezin egokiagoa litzateke, orain DTK mugikortasun operadore integrala bihurtzeko hasitako bidea erabiltzea. Hau da, DTK bera izatea Donostiako parking publikoak kudeatzea etorkizun batean, Gasteizen Tuvisak egiten duenaren pare. Zentzu honetan, gogoratu behar da Txofreko parkingaren emakida bukatuta dagoela jakinik: Txofreko kudeaketa publikoa sustatu beharko genuke.

Eta bigarrenik, epe luzera begira, Erdiguneko lur azpiko parking-ak berreskuratzeko plan errealista eta egingarri bat behar dugu. Egungo autoen murrizketarekin, argi dago parkingek ezin dutela egun duten erabilera bera izan. Hortaz, lurrazpiko aparkalekuen erabilera berri bat aztertzea eskatuko dugu. Libratzen diren autoen plazek bestelako erabilerak izan ditzakete, eta horrela egin dute beste hiri batzuetan ere. Hala nola, errotaziozko aparkaleku jakin batzuk bertakoentzat bihurtuz, honek lurgaineko espazio publikoa libratuko eta handituko luke; bizikletentzako aparkaleku seguruak sortu; dendak hornitzeko gune logistikoa; hiriko garraio jasangarria sustatzeko “cargo bike” bizikletentzako gunea...

Larrialdi klimatikoak ezin du gehiago itxoin, ez eta gure hiriko mugikortasun jasangarriak, neurri ausartak hartzeko garaia da eta ez atzean geratzekoa.

(1) https://ehbildu.eus/herriak/donostia/albisteak/tren-bus-sistema-integrala-donostiako-mugikortasuna-hobetzeko-proposamen-bat