AKTUALITATEA


| 2023-07-18 16:15:00

EH Bilduk, beste behin ere, Eneko Goia alkatearen aldetik erabateko ekimen eza ikusi du

Aieteko La Cumbre eta inguruko lurrak berreskuratzeko gestioetan. Madrilgo

Gobernuak Donostiako Udalari egindako lagapena da honakoa, Memoriaren Legean

jasota dagoena.

 

Akordio hori Madrilen lortu zuten EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak joan den urteko

ekainean, eta 2022ko urrian onartu zuten aipatu legea, euskal gizartearentzat hain

sinbolikoa den espazio hori berreskuratzeko aukera irekiaz.

 

Harrigarria da Eneko Goia alkateak ez duela interesik erakutsi eraikin hau eta inguruko

lurrak Donostiarentzat izan daitezen. Bitxia da inguruko lorategiekiko interes handiagoa

agertzea eraikinarekiko berarekiko baino. Eraikin hori, lortutako akordioak jasotzen

duen bezala, Estatuaren biktimak aitortzeko Memoria Zentroa izango da.

 

Astelehen honetako Ogasun Batzordean alkateari zuzenean galdetu diote horri buruz,

eta galdetu diote ea eskaera formalik egin duen lagapena gauzatzeko. Erantzunak

erabateko utzikeria erakusten du, Presidentzia Ministerioari egindako eskaera formal

eta ofizial hori ez baitago.

 

EH Bilduk alkatea premiatu du, berari baitagokio hori egitea. «Ezin da gehiago atzeratu.

Urrian urtebete beteko da, eta orduan amaituko da La Cumbre berreskuratzeko epea»,

azpimarratu du Juan Karlos Izagirre bozeramaileak.

 

«Aukera hau ez aprobetxatzea arduragabekeria da, baita bera akordioaren parte ez

dela aitzakia gisa jartzea ere, akordio honen onuradunak donostiar guztiak eta Donostia

garela ahaztuta. Alkatea da haren ordezkari nagusia. Akats politiko argi baten aurrean

gaude, gure hirian elkarbizitzarako hain beharrezkoak diren proiektuak aurrera

ateratzeko alkateak duen ekimen eta perspektiba faltaren aurrean gaude».

 

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk hilaren 27ko osoko bilkuran kontrol mozio bat

aurkeztuko du, alkatea premiatzeko akordio hori gauzatzeko beharrezko urratsak eman

ditzan.