AKTUALITATEA


| 2019-12-05 12:32:00

Donostiako aurrekontuak 2020

EH Bilduren proposamena

Sar Hitza

Aurrekontuei buruzko debatea funtsezko debatea da, zalantzarik gabe, gure gizartearentzat nahi dugun eredu sozialaren ikuspegia eta eraikuntza islatzen baititu, eta, horrenbestez, bakoitzak inbertsio publikotik ezinbestekotzat dituen lehentasunak zein diren definitzen ditu. Azken batean, eraiki nahi dugun gizartea eta hiria zein diren islatzen dute aurrekontuek.

Gure ustez, Donostiako Udal Gobernuak aurkeztu dituen . 2020ko aurrekontu egitasmoa aurreko urtekoen bide beretik doa eta, beraz, egitasmoa ez bada zuzentzen, desoreka sozial eta ekonomikoak areagotzen jarraituko dute.

Baina hiria eta hiritarrak aldatzen ari dira, eta balio berriek balio zaharrei eremua irabazten diete, pausuz pausu. Pentsiodunek, emakumeek, gazteek edo langile prekarioek -gehienak emakumeak- mahai gainean jarri dituzte hainbat desoreka sozial, eta udalak arazo hauei erantzuna eman behar die, hala beharrez.

Era berean, desoreka hauek ez dira berdinak Donostia osoan. Badaude auzo batzuk non desoreka sozial eta ekonomikoak handiagoak diren: Altzan, Intxaurrondon eta Bidebietan.

Uste dugu desoreka hauei buelta emateko ordua dela, herritarrek agindu diguten paperean aritzeko ordua. Azken batean, Donostia orekatuago baten norabidean neurri posible eta eraginkorrak eskaintzeko ordua da.

Udal Gobernuaren aurrekontuari buruzko irakurketa

Eneko Goiaren gobernuak 2020rako aurkeztu duen egitasmoaren azterketa sakona egin du EH Bilduk, eta hauek dira ondorio nagusiak:

  • Etxebizitza da Donostiaren eta donostiarren arazo nagusia. Egoera benetan larria da, “kanporatze” efektu baten aurrean gaudelako inongo zalantzarik gabe (donostiarrek inguruko udalerrietara alde egin behar dute etxebizitza bila). Etxebizitzaren inguruko kezka Eneko Goia alkatearen diskurtsoetan ageri da maiz. Baina 2020rako aurrekontu proiektuak ez du indar berezirik jartzen eremu honetan; are gehiago, arazoari irtenbidea bilatzeko funtsezko ideiak baztertzen ditu. Batetik, kezkagarria da datorren urterako Udal Gobernuak babestutako etxebizitza bakar bat ere ez aurreikusi izana: etxebizitza alorreko aurreikuspen bakarra gazteentzako etxebizitza dotazionalak dira (behin-behineko bizilekuak, eta familien beharrei aurre egiteko eraginkorrak ez direnak). Bestetik, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzearekin lotutako neurririk ez du jasotzen aurrekontu proiektuak, eta argi dago eremu hau nahitaezkoa dela arazoari heltzeko, milaka etxebizitza baitaude hutsik Donostian. Azkenik, eta krisi ekonomiko baten atarian gaudela -hainbat ahotsek dioten bezala-, are beharrezkoagoa da aurrekontu proiektuan ekonomikoki okerren dauden sektoreentzat etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak jasotzea eta, aldiz, halakorik ez du egin PNV eta PSOEren Udal Gobernuak.

  • Hirigintzan, bestalde, ez da berrikuntzarik ikusten, eta esanguratsua da Loiolako Lorategi Hiriko proiektua ez jaso izana. Nabaria denez, ez da lehentasunezkoa Eneko Goiaren gobernuarentzat, “ahaztu” egin zaio-eta aurrekontu proiektuan. Eneko Goiak beste lehentasun batzuk ditu: Santa Klara irlako proiektuarentzat nahi adina diru dago (areago, kostuak ez duela axola adierazi berri du Udal Gobernuak, eta kudeaketaren ikuspegitik, hau izugarri kezkagarria da). Uharteko obrak ere berehala hasi dira. Estalitako guneak egiteko partida datorren urterako aurrekontu proiektutik desagertu izana ere sintomatikoa den bezala: ez al du donostiarren bizi kalitateak izan behar Udalaren jardunaren helburu? Ez al dira beharrezkoak Donostian estalitako guneak haurrek eta gaztetxoek jolasteko eta bizitza komunitarioa garatzeko?

  • Babes sozial sistema. Beste krisi baten atarian gaude eta horrek zerbitzu sozialak indartzea eskatzen du. Egia da Gizarte Ekintzaren aurrekontua zertxobait igo dela, baina jarraitzen du lehentasunezkoa izan gabe. Eta horren seinale da, adibidez, zerbitzu berririk ez irekitzea eta eguneko zentroen zabalkundea geldirik jarraitzea; era berean, Donostiak jarraitzen du hainbat kolektiborentzako larrialdi etxebizitza parkerik gabe, eta larrialdi sozialerako dirulaguntzetan ere ez dago inongo hazkunderik. Kultur aniztasunaren eremuan, kaleko bitartekaritza programa desagertu izana ere oso adierazgarria da; izan ere, mota honetako esku hartzeak inoiz baino beharrezkoagoak dira gaur egun.

  • Auzoen arteko desorekak. Donostian auzoen arteko desberdintasunak handitu egin dira. Lehen Miramongo biztanleen batez besteko errenta Altzakoa halako 2,5 bazen, 3,5 da orain. Bidebieta, Altza eta Intxaurrondok bertako biztanleen bizi kalitatea hobetzeko politika integralak behar dituzte: dinamismo ekonomikoa sustatzeko edo merkataritza txikiari (txikizko merkataritza %10 inguru murriztu da 2015etik 2018ra ekialdeko auzoetan, Hiri Ekonomiaren Barometroaren arabera) laguntzeko ekimenak, hobekuntzak espazio publikoan, bizitza kulturala suspertzeko programak eta abar. Talde honek askotan esan du Udalaren jardunaren fokua Urumean jarri eta uholdeen arazoa bideratu ondoren ekialdearen txanda dela orain. Baina PNV eta PSOEren gobernuak ez du berdin pentsatzen. Oso esanguratsua da ekialdeko ekimen nagusia Altzako kiroldegia izatea eta etengabeko atzerapenez errenka etortzea. Esanguratsua da, era berean, Intxaurrondoko Larrotxene kultur etxearen berrikuntza ez jasotzea aurrekontu proiektuak, Udal Gobernuak berak iragarri zuen-eta proiektu hau.

  • Enplegu duina. Egia da, beste leku askotan bezala, Donostian ere behera egin duela langabeziak azken urteotan. Baina aldi berean, prekaritateak gora egin du: Hiri Ekonomiaren Barometroaren arabera, hamar kontratu berritatik bederatzi aldi baterakoak dira. Soldatak, bestalde, gero eta eskasagoak dira. Udalak, lehenik, eredu izan behar du. Baina gaur egun, urrun dago horretatik. Ez da posible, adibidez, Udalarentzat lan egiten duten pertsonen artean, batzuek 1.200 euro baino gutxiago kobratzea. Eta noski, etxean ez ezik, kanpoan ere akuilu lana egin behar du Udalak, baina, zoritxarrez, PNV eta PSOEk aurkeztutako aurrekontu proiektuan harrigarria iruditzen zaigu Donostiako Sustapenak 45 urtetik gorako emakumeentzako programarik ez aurreikustea. Izan ere, langabetuen erdia baino gehiago, Donostian, 45 urtetik gorakoa da, eta haien artean emakumezkoak dira nagusi (%56).

  • Turistifikazioa. Turismoa Donostiako sektore ekonomikoetako bat da, eta bere espazioa eta bere araudia izan behar du, modu positiboan eragin dezan Donostian. Zoritxarrez, turismoa neurri gabe hazten ari da eta arazoak sortzen hasi dira: zenbait tokitan bizi kalitateak okerrera egin du eta auzotarrak ere alde egiten ari dira, etxebizitzen salerosketa eta alokairu prezioak are gehiago igotzen ari dira, identitate propioa galtzen ari gara... Eneko Goiaren gobernuaren politikek, konponbideak bilatu eta turismo iraunkor eredu bat sustatu beharrean, arazo horiek areagotu besterik ez dute egin. “Turismo iraunkorraz” hitz egitea gustuko du alkateak, baina bere praktika kontrako norabidean doa. Eta esan behar dugu aurrekontu proiektu honetan ere ez dagoela eredu iraunkor bat sustatzeko inongo konpromisorik. Etorkizunari begira, funtsezkoa da neurriak hartzea eta orain arteko inertzia zuzentzea, baina horren arrastorik ez dago Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.

  • Parekidetasuna da beste erronka nagusietako bat, denok konpartitua eta azken urteotan Donostian, mobilizazio jendetsuen bitartez, islatu dena. Eta alor honetan ere ohituta gaude gobernukideen hitz politekin, baina aurrekontuan badira datu kezkagarriak. Esan dezagun, lehenik, oraindik ere berdintasunera bideratutako partida milioi bat euro ingurukoa dela; aurrekontu proiektu osoaren % 0,23. EH Bilduk aurrekontua bikoiztea proposatu zuen iaz, Udal Gobernuko kideek ezezkoa eman zioten proposamenari, eta jarraitzen dugu pentsatzen proiektuan jasotako partida eskasa dela eta nabarmen igo behar dela. Deigarria eta kezkagarria iruditzen zaigu puntu kritikoen hobekuntzak iaz baino 20.000 euro gutxiago izatea; deigarria eta kezkagarria, aurtengo urtarriletik irailera bitartean sexu erasoak % 30 hazi baitira Donostian. Gauza bera esan behar dugu III. Berdintasun Plana inplementatu eta sistematizatzeko partidaz, % 43ko murrizketa baitu, eta ez dugu ulertzen nolatan jaisten den igoera izan beharko lukeen partida hau. Irabazi asmorik gabeko elkarteentzako diruak ez du igoerarik, heziketarako programak ere ez, eta formakuntzarako partida negargarria da (3.500 euro Udaltzaingoarentzat).

  • Kirola. Kiroletako zinegotziak berak aitortu du, batzordeetan, “diskriminatzaileak” direla emakumezkoen kirolarekiko. Sinestezina iruditzen zaigu Udal Gobernuak partida diskriminatzaile bat jasotzea aurrekontu proiektuan; jakitun izanda, gainera. Batez ere, Eneko Goiak Donostiako emakumezkoen kirol maila bikaina izaten duelako maiz ahotan.

  • Klima aldaketaren aurkako borroka. Gaiaren garrantziaren inguruan adostasun zabala dago, partekatutako kezka da eta Udal Gobernuak ere bere Gobernu Programan jasoa du. Beste alor batzuetan gertatzen den bezala, ordea, hemen ere diskurtsoak norabide batetik doaz eta praktika, kontrakotik. Klima aldaketaren aurkako borrokan konpromiso sendoa duela dioen Udal Gobernu hau bat dator Zubietan erraustegi bat eraikitzearekin, esaterako. Baina aurrekontuaz ari garela, hemen ere nabarmena da kontraesana. Larrialdi klimatikoaz Udalbatzak irailean onartutako mozioak hainbat konpromiso jasotzen zituen: Jasangarritasun Energetikoaren 4/2019 Legearen garapena Donostiara egokitzeko hurbilpen bat egitea, klima aldaketa borrokatzeko plangintza bat diseinatzeko prozesu parte-hartzaile bat abian jartzea edota plangintza hori gauzatzeko bitarteko tekniko zein ekonomikoak bideratzea. Halakorik ez dago jasota proiektuan. Errefusarentzako edukiontzietan txipa jartzeko asmoa ere agertu du Udal Gobernuak, baina aurrekonturik ez dago horretarako. Plastikozko poltsak ere kenduko dituztela esan du alkateak, baina hemen ere ez dago aurrekonturik. Bizikleta sustatzeko apustu garbirik ere ez dago eta kale bakarra egokituko dute oinezkoentzat.

  • Euskara. Aurrekontu proiektuak orain artekoari jarraipena eman besterik ez du egiten: ez dago berrikuntzarik. Talde honen ustez, Udalak pausoak eman beharko lituzke aurrekontuaren % 2 euskararen garapenerako erabiltzeko, baina oso urrun gaude helburu horretatik (% 0,65, datorren urterako aurkeztutako proiektuan). B2 mailara arteko doakotasuna ez da 2020an ere lortuko.

  • Kultura. Larrotxeneko berrikuntza baztertu izana aipatu dugu lehen, eta adierazgarria da, baita ere, auzoetako jaiei zer garrantzi gutxi ematen dien Eneko Goiaren gobernuak: 2015etik kopuru bera bideratzen da laguntza horietara.

EH Bilduren proposamena

14.000.000€


 

ETXEBIZITZA

Babestutako etxebizitzak egiteko lursailak erosteko programa

Babestutako alokairuzko etxebizitzak eraiki ahal izateko, Udalak bere parke publikoa osatzen joan behar du urtez urte. Urte askotan egindako esfortzuari esker, egun 2.000 bat etxebizitza kudeatzen ditu Donostiako Udalak, alokairuzko etxebizitzak eta gazte eta adineko pertsonentzako apartamentu dotazionalak kontuan hartuz (2.500.000€)

Jabego pribatua: “Etxea bizitzeko" programa

Hutsik eta egoera txarrean dauden etxebizitzak erosi, zaharberritu eta alokairuan ateratzeko programa berria ezartzea proposatzen dugu. Neurri honen bidez, dagoeneko eraikitako eremuetan eragitea da asmoa, lurzoru berririk kontsumitu gabe (2.000.000 €)

Hutsik dauden etxebizitzak hala izendatzeko prozedura hastea

Etxebizitza Legean aurreikusitako mekanismoak martxan jarri ahal izateko, lehendabizi, Donostiako Udalak hutsik dauden etxebizitzen zerrenda egin behar du. Aurre-tramitazio hau lehenbailehen egitea ezinbestekoa da bi urtez hutsik egondako etxebizitzak alokairuan eskaintzera behartu ahal izateko. (150.000 €)

LURRALDE DESOREKAK GAINDITZEA: EKIALDEAN BIZI PROGRAMA

Ekialdearen sustapen ekonomikoa laguntzeko bulego baten sorrera

Donostiako herri eta auzoen artean barne orekak lortzeko eta ekialdeko herritarren bizi kalitatea hobetzeko, funtsezkoa da Intxaurrondo, Bidebieta eta Altzan jarduera ekonomikoak sustatzeko eragile berri bat sortzea. 50.000 €

Jose Elosegiren bulebarizazioa

Donostiako beste auzoetan ez bezala, ekialdean ez da oraindik bulebaraziaziorik egin. Bizilagunak aspaldi eskatzen ari diren Jose Elosegi etorbidearen bulebarizazioa 2020ean egitea proposatzen dugu 1.850.000 euro

Intxaurrondoko barne-autobusa martxan jartzea

Intxaurrondoko bizilagunek barne mikrobus-linea bat jartzeko proposamena egin dio Donostiako Udalari behin baino gehiagotan. Izan ere, aurtengo udan 2.196 auzotarrek honen alde sinatu zuten. Baina Udalak ez du jaso 2020rako aurrekontuetan. 315.000 euro

Pikabeako eta Oletako irisgarritasuna hobetzeko eta puntu kritikoak ezabatzeko plan bereziak

90.000 euro

Erosketa etxera eramateko programa pilotua

Auzoetako dendak sustatzeko dirulaguntza programa-pilotu bat abian jartzea proposatzen dugu, hurrengo urteei begira Donostia osoan ezartzeko asmoarekin. 50.000 euro

Julimaseneko pasarela berritzeko proiektua (irisgarritasuna eta segurtasuna)

90.000 euro

Josu Artetxe plaza estaltzea

500.000 euro

BABES SOZIALA

Udalak ateratzen dituen esleipenetan 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzea

Udalak berak sortzen duen enpleguan (zuzena edo ez zuzena) egoera prekarioak ekiditeko helburu izango duten irizpide argiekin eragitea proposatzen dugu. Zehazki, 2020an berrituko diren esleipen guztietan langileen soldata minimoa 1.200 eurokoa izateko Udalak konpromisoa hartzea proposatzen dugu (1.500.000 euro)

Kalean bizi direnentzat baliabide gehiago jartzea

Udalak kale egoeran dauden familiak artatzeko bitarteko gehiago behar ditu, batez ere adingabeak kale egoeran gelditzea ekiditeko. (150.000 euro)

Zaintza sektorearen mahaia abian jartzea

Donostiako eragileen eskutik (etxez etxeko laguntza zerbitzua, kontraturik gabe zaintze lanetan dabiltzan langileak, barneko langileak, Emakumeen Etxea, erabiltzaileak...), zaintza sektorearen mahaia abian jarriko dugu hiru helbururekin: zerbitzu hauek balioan jartzea, langileen baldintzak hobetzea (gehien-gehienak, emakumeak dira) eta zerbitzuen kalitatea handitzea eta eskaintzea. (150.000 euro)

BERDINTASUNA

Lehen eta bigarren hezkuntzan eta batxilergoan, indarkeria matxistaren kontrako ikastaro programa pilotua

Hezkuntza sistema eremu aproposa da indarkeria matxista prebenitzeko eta egon daitezkeen arrisku-jokabideak garaiz antzemateko. (100.000 €)

Etxebizitza gehiago indarkeria matxista jasandakoentzat

Donostian indarkeria matxista kasuak gora doazen heinean, kasu bakoitzari erantzuteko Udalak jartzen dituen bitartekoak ere biderkatu behar dira. Zentzu honetan, indarkeria matxista pairatu duten emakumeen etxebizitza eskubidea bermatzea lehentasunezkoa da. (60.000 €)

Puntu kritikoak ezabatzea

Donostiako Udalak hirian dauden eremu arriskutsuetan esku-hartzeko duen programarako diru gehiago ematea proposatzen dugu. (70.000 € gehiago; soilik 30.000 aurreikusten ditu udal gobernuak)

Indarkeria matxistari buruzko formakuntza udal langileentzat

Udal departamentu guztietan beharrezkoa bada ere, bereziki garrantzitsua da Udaltzaingoaren kasuan, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak artatzeko unean protagonismo berezia hartzen dutelako. (50.000 €)

KLIMA ALDAKETAREN AURKAKO BORROKA

Donostian Larrialdi-klimatikoa izendatu ondoren, hitzetatik ekintzetara

Lehendabizi, egun dagoen egoeraren diagnostikoa egin eta legedira egokitu behar da (60.000 euro). Ondoren, prozesu parte-hartzaile erraldoi bat diseinatu behar da ahalik eta donostiar gehienek parte har dezaten (30.000 euro). Eta azkenik, prozesu parte hartzailea abian jarri eta diseinatutako plangintza garatu behar da (30.000 euro)

Txipdun errefus edukiontziak jartzeko partida

Donostian dugun birziklapen tasa igo gabe jarraitzen badu ere , eta Zubietan Erraustegia martxan jartzen ari diren honetan, Udal Gobernuak badirudi baztertu duela hainbat aldiz hartutako konpromiso bat: errefus-edukiontzi txip-dunaren azterketarako ikerketa tekniko bat egitea eta hura ezartzea. 2020ean egitea proposatzen dugu(30.000 euro)

KIROL INSTALAZIOAK

Anoeta Kirol Hiri proiektua idaztea

Anoeta eremua Kirol Hiri bihurtzeko proiektua bultzatu nahi du Donostiako EH Bilduk, gainerako erakundeekin aliantzak bilatuta, honako oinarri hauekin: Belodromoa, Atano III. frontoia, Paco Yoldi, Txuri-Urdin, Gasca eta Carmelo Balda (haietako batzuek berritu beharra dute); Ilunbe kirola eta ikuskizunak egiteko erabilera anizdun areto bihurtzea; Anoetako estadio txikia behingoz berritzea eta kirolarientzako aterpetxe bat egitea. Helburua: azpiegiturak berrituta eta sinergiak bilatuta, mota guztietako txapelketak antolatzea eta Gipuzkoako federazioen entrenamendu eta kontzentrazioak egiteko aukera ematea. Hau dena egiten hasteko egitasmoa 2020an diseinatzen hastean proposatzen dugu (150.000 euro)

Matigoxotegi futbol zelaia

Berriz ere, Matigoxotegi futbol zelaia berritzea EAJ-PSEren udal aurrekontuetatik kanpo geratu da. Urteak daramatza gobernu honek bere hitza bete gabe, eta udal instalazio honen erabiltzaileak salaketa publikoa egiten ari dira, arrazoiz beteta. 350.000 euro

Cesar Benito futbol zelaia

350.000 euro


Udalbiltza 

30.000 euro