AKTUALITATEA


| 2021-10-27 13:38:00

Proiektua 2021eko abenduan argitaratu zenetik eta Udal Gobernuak Antondegiko muinoan surf-park bat baimentzeko prest zegoela iragarri zuenetik, EH Bilduk garbi adierazi du Antondegi artifizializatzeak 2020ko martxoan udal gobernuak onartu zuen Donostiako Larrialdi Klimatikoaren deklarazioa lurperatzea suposatuko lukeela. Zehazki, “Klima Larrialdiaren Adierazpenari lotutako ekintza proposamena” dokumentuan, “Lurraldea” atalean, besteak beste, ondorengoa jasotzen da: “Lurralde berrien okupazioa murriztea eta 2010eko Plan Orokorrean urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoru batzuk egikaritzeari uko egitea”. Hau da, Antondegin, EAJ-PSEk Deklarazioan aldarrikatzen dutenaren aurkakoa egin nahi dute.

Klima krisiak izan behar du gure garapen ereduak birpentsatzeko aukera, baliabide naturalen erabilerak xumeagoak izan daitezen, baita gure inguruko ekosistemekin dugun harremana berriz ere pentsatzeko. Hain zuzen ere, horretarako deklaratu ditugu Klima Larrialdiak. Eta horrek, Donostiako adierazpenak jasotzen duen bezala, hiri-ereduaren inguruko gogoeta sakona egin eta berau premiaz berregokitzea exijitzen du.

Gainera, martxa hau COP26 gailurraren erdian egingo dela nabarmendu nahi dugu. Izan ere, urriaren 31tik aurrera bi astez mundu osoak begiratuko dio Glasgowri. Nazio Batuek sustatutako gailur honen helburu nagusia igoera termikoa 1,5 gradutara mugatzea da. Hau da, kontua ez da klima-aldaketa izango den ala ez, hori murrizteko neurriak hartzea baizik. Eta horrek esan nahi du Donostian, hemen eta orain, besteak beste, Antondegi eta oraindik artifizializatu ez diren beste eremu berdeak ez okupatzea; eta are gutxiago gure hiriaren turistifikazio prozesua areagotzen duen surfeko park bat ezartzeko.