Gaur goizean EH Bilduko kideok Udal Gobernuak aurrekontuei hitz egiteko deitutako bileran parte hartu dugu, eta garbi utzi nahi dugu bertan gertatutakoa: hau ez da negoziazio bat izan, itxurakeria hutsa baizik. Negoziazioak benetakoak badira Gobernuak bere proposamena aurkeztu aurretik hasi behar dute, EH Bilduk gobernatzen duen tokietan egiten duen gisara.
Irailaren 29an publikoki gure burua eskaini genion Udal Gobernuari aurrekontu proposamena negoziatzeko, Donostiarrentzat justuagoa eta orekatuagoak izango ziren aurrekontu batzuk adosteko. Ez ziguten erantzunik eman, eta haien proposamen propioa atera zuten. Tarte guzti honetan ez dira gurekin harremanetan jarri, eta osoko zuzenketa bat eta 139 zuzenketa partzial aurkeztu behar izan ditugu.
Atzoko Ogasuneko batzordean, Udal Gobernuak gure proposamen guztiei ezezkoa bozkatu zion, eta gaurko bilera bat eskaini ziguten, 30 minutukoa izango zena gehienez. Bilerara joan gara, eta bertan ez da sakontasunean sartzeko aukerarik izan, eta zalantzan ere jarri dituzte guk, herritarrekin batera, adostutako proposamen egingarrietako batzuk.
Guretzat garbi dago: argazki baten bila joan dira.
Alkate berria politika egiteko modu berri batekin lotzeko irudia sortzen ari diren honetan, gaurkoa beste maniobretako bat izan da. Bilera hori Jon Insausti eta PNVri ematen ari zaizkien irudi berritzaile hori saltzeko kanpaina mediatiko horren barruan kokatzen da. Horretan aritu diren bitartean, gu lanean ibili gara ahalik eta herritar gehien kontuan hartuko dituen aurrekontu batzuen alde.
Ozen eta determinazio guztiarekin esan beharra dugu: hemen ez da ezer aldatu. Ez dago borondaterik adostasunik bilatzeko. EH Bildutik lanean tinko jarraituko dugu, Donostiak eta donostiarrek merezi duten aurrekontuak lortu arte.