AKTUALITATEA


| 2023-09-20 12:11:00

«Udaletxe honetan gertatutako irregulartasuna eta, honenbestez, izan daitekeen hauteskunde-iruzur saiakera bat salatu nahi dugu EH Bilduko udal taldetik. Larria da oso, eta gure eskura ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu gertatutakoak argitu eta ardurak eskatzeko».

 

Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramailea, alderdiko beste zazpi zinegotziez babestuta, irmotasunez agertu da hedabideen aurrean zera salatzeko: iragan maiatzeko udal hauteskundeek Donostian utzitako emaitzen ondotik Ekialdeko Barrutiko batzarra eratu ahal izateko baliatu ziren datuen erabilera okerra egon dela.

 

Altza, Intxaurrondo eta Bidebietako auzoek osatzen duten Ekialdeko Barrutiak izaera propioa du eta batzarraren eraketarako hiru auzo horietan lortutako emaitzak izaten dira kontutan, ez hiri osoan lortutakoak. Datu horietan oinarrituta izendatzen dira udal ordezkariak.

 

Araudia eskuan, Gipuzkoako Aldizkari ofizialean 2020ko uztailaren 13an jasota gelditu zen bezala, bederatzi izango dira udal-ordezkari hauek eta «Udal hautagai zerrendek azken hauteskundeetan barrutiko eremu geografikoan GUZTIZ EDO PARTZIALKI sartzen diren errolda sekzioetan lortu duten boto kopuruaren proportzioan izendatuko dira bederatzi pertsona horiek».

 

Eta hemen dago koska: hauteskunde mahai batek Ekialdeko Barrutia guztiz edo partzialki ukitu, kontutan izango da zenbaketan.

 

Berriro ere prentsa bidez, eta berriro uda giroan, Aste Nagusia bete betean, PSE aipatu auzoetan lehen indarra izan zelakoan jakin genuen Eneko Goia alkateak Ekialdeko Barrutiko lehendakaritza PSE-ri eskainiko ziola, honek EH Bilduk baino 24 boto gehiago lortu zituelako, ustez. Beti ere, beraiek kontabilizatu zituzten mahaien arabera (4.854 boto PSEk eta 4.830 EH Bilduk).

 

Gure datuak bestelakoak ziren, alegia, EH Bildu izan zela garaile Altza, Bidebieta eta Intxaurrondon. «Hala, bertsio ‘ofizial’ hau ontzat eman ez eta gure ikerketak egiteari ekin genion arduraz. Ardura delako alderdioi dagokiguna, eta gardentasuna. Joko garbia».

 

Ikerketek eman dute emaitza: atzo bertan jakin genuen Udaleko Idazkaritza Juridikoaren eskutik, eta Haustekunde Batzordean dauden datu ofizialetan oinarriturik, abuztuan emandako datuak okerrak direla, eta benetako eta behin betiko emaitzetan EH Bilduk PSE baino 158 bozka gehiago atera zituela Ekialdeko Barrutian.

 

Zehazki, emaitzak hauek izan ziren: EH Bilduk 5.276 boto (eta ez 4.830), PSEk 5.118 boto (eta ez 4.854 bozka); eta antzekoa beste alderdi politikoekin (PNVk 4.619 eta ez 4.245; Elkarrekin Donostiak 1.846 eta ez 1.769; eta PPk 1.658 eta ez 1.455).

 

«Berriro diot, behin betiko datu hauek Idazkaritza Juridikoak baieztatu zituela atzo, eta talde politiko guztiei helarazi zizkigutela».

 

Zein irizpidetan oinarritu dira?

 

Gauzak honela, galdera asko daude mahai gainean argitzeke. «Irizpideak ez dira argiak izan. Mahai batzuk ez dituzte zenbatu eta, honen ondorioz, EH Bildu bigarren indarra da eta ez lehenengoa», adierazi du Juan Karlos Izagirrek.

 

Zer da ba gertatu dena? Lau hauteskunde-mahai hauek araudiak ezartzen duen kontaketatik kanpo utzi zituztela. Bi Uliarekin muga egiten dutenak (5-12A eta 5-12B) eta bi Intxaurrondokoak (Ametzagaña aldekoak 4-14A eta 4-14B).

 

Mahai hauek kanpoan gelditu zirela ikusita eta, bereziki, izandako emaitzak zeintzuk ziren jakitun, alarma gorriak piztu zitzaizkigun, lauretan EH Bilduk PSEk baino boto gehiago atera zituelako M-28an. Denetara EH Bilduk 444 boto eta PSEk 264. Hau da, guztira EH Bilduk PSEk baino 180 boto gehiago irabazi zituen. Eta hauek dira, hain justu, kontatu ez direnak, emaitza goitik behera desitxuratuz.

 

Izagirreren aburuz, «datuak eta araudia eskuan, ez dago zalantzarik»: Ekialdeko Barrutian boto gehien jaso dituena EH Bildu izan da. Bigarrena PSE eta hirugarrena EAJ. Eta honen arabera hartu behar dira erabakiak, hasteko eta behin, alderdi bakoitzaren ordezkaritza honen arabera egin behar da.

 

«Oso larritzat» jo du egoera Izagirrek, izan ere hauteskunde-iruzur baten aurrean egon gaitezke, eta honen aurrean ezin dugu isilik eta geldirik egon. Datu objektibo bat da abuztuan eman ziren emaitzak ez zirela zuzenak izan. Emaitza guztiz bestelakoa da datu zuzenak kontutan hartuz gero».

 

Honen aurrean EH Bilduk honakoa adierazi nahi du:

 

- Lehenik eta behin salatu publikoki kontaketa irregular bat egon dela eta hauteskunde-iruzur baten aurrean egon gaitezkeela sinesteko arrazoiak badaudela.

 

- EH Bilduk zer gertatu den zehatz-mehatz jakin nahi du, eta horretarako dituen baliabide guztiak erabiliko ditu.

 

- Inork modu okerrean jokatu badu, pertsona hauek azalpenak eman beharko ditu eta, hala badagokio, bere ardura asumitu beharko du.

 

- Bukatzeko, behin betiko emaitzak hauek direla jakinda, Eneko Goia alkateari eskatzen diogu emaitzak errespetatzeko eta behin betiko emaitzen proportzionaltasunaren arabera izendatzeko udal ordezkariak araudia betez. Era berean, proposatutako lehendakaritza bertan behera uzteko eta barrutian irabazitako indarrari, hau da, EH Bilduri, barrutiaren lehendakaritza eskaintzeko. Hala, Garbiñe Alkiza proposatzen dugu ardura horretarako, barrutiko kidea izandakoa azken legealdian.