AKTUALITATEA


| 2020-08-06 11:48:00

EH Bilduk proposatu du udal-zerbitzu guztien udal-tasak % 25 jaistea pandemiak iraun bitartean euren egoera ekonomikoak okerrera egin duen eta 2019an errenta erabilgarria 30.097 € baino txikiagoa izan dutenei (errenta gutxien duen Donostiako auzoko batezbesteko errenta da). Aipatu behar da EH Bilduk proposatu dituen hobari horiek oinarritzat dutela maiatzaren 12ko 3/2020 Foru Dekretu Araua, zeinak espresuki aipatzen duen toki erakundeek indartu ditzaketela Covid-19ak kaltetutako kolektiboei begirako hobariak, jasandako kalteak arintzen laguntzeko.

Era berean, pandemiaren ondorioei aurre egiteko eta inor atzean ez uzteko "Covid tasa" bat ezartzea proposatu dugu. Horrela, Donostiako EH Bilduk proposatzen du udal zerbitzuengatiko tasak % 5 handitzea merkataritza kate handiei, Covid-19 osasun krisiaren garaian % 10etik gorako etekinak izan badituzte. Saltoki handiei zuzendutako zerga hau gutxienez hurrengo bi urteetan izango litzateke indarrean. Asmoa da enpresa horiek ekarpen solidarioa egitea gizartearentzako zerbitzuak diruztatzen laguntzeko.

Pandemiagatik itxi behar izan duten establezimenduei laguntzeko Udal Gobernuak egin duen proposamenari dagokionez, EH Bilduren udal taldeak zuzenketa aurkeztu du, hobariek mesede handiagoa egin diezaieten lokal txikienei. Horrela, hondakinak biltzeagatiko tasetako hobarietan, irizpide orokor gisa, azalera komertzial txikiena (lokaleko eta terrazako azalerak barne) duten lokalek jasoko dute hobari handiena. Era berean, terrazen tasetan, lehenengo 10 mahaiengatik izango da hobaria, eta % 100koa izango da. Gainera, kontuan izango da berriz ere lan ezin egiteko egoeran gerta daitezkeela Covid-19agatik.

Ildo beretik, EH Bilduk proposamen batzuk egin ditu Donostiako ekonomia birbideratzen hasteko. Izan ere, EH Bilduk ezin du ulertu nola, pandemiak turismo-sektorearen ahultasuna agerian utzi duen arren, EAJk eta PSEk sektore hori indartzeko apustu itsuarekin jarraitzen duten, beste sektore egonkor eta iraunkorrago batzuen kaltetan.

Eta kultur sektorea pandemiak gehien kaltetu duenetako bat izanik, EH Bilduk neurriak aurkeztu ditu tokiko sortzaileei laguntzeko, baita euskararen erabilpena sustatzeko ere.

Hauek dira EH Bilduren proposamen garrantzitsuenetako batzuk:

  • Ondasun higiezinen gaineko zerga: EH Bilduk proposatu du OHZren kuotaren % 100eko hobaria ematea alokairu sozialean bizi eta urtean 25.500 eurotik beheragoko errenta dutenei. Halaber, proposatzen dugu % 90eko hobaria ematea errenta zaharrei, Gizarte Laguntzak jasotzen ari diren kasuetan.
    • EH Bilduk etxebizitza hutsei OHZren errekargua % 100era igotzeko Udal Gobernuak egin duen proposamena babestuko du. Gogoratu behar da iaz tasa % 50era igo bazen EH Bilduk eta Udal Gobernuak hala adostu zutelako izan zela
  • Turismo-erabilerak: EH Bilduk proposatu du establezimenduen eta lokalen irekiera- eta kontrol-zerbitzuak emateagatiko tasa %5 handitzea 500 m²-tik gorako establezimenduei, eta kopuru honetatik abiatuta, gainerako establezimenduen kuotak proportzionalki ezarriko dira.
  • Tokiko ekoizleak: Bretxako merkatuko postuei % 50eko tarifa murriztua aplikatzea proposatu dugu, tokiko ekoizleei Covid-19k eragindako kalteak arintzen laguntzeko.
  • Birziklatzea: organikoa birziklatzen duenari eta konpostajea egiten dutenei hobariak 4,2 puntu handitzea proposatzen dugu. Izan ere, EBk adierazi du 2023rako nahitaezkoa izango dela organiko guztia bereizita birziklatzea. Tasa orokorrari dagokionez, EH Bilduk % 1,2 soilik igotzea proposatu du, eta ez % 3, Udal Gobernuak proposatu bezala. Eneko Goiaren Gobernuak asko garestitu zuen zerbitzu hori bere lehenengo agintaldian (+ % 24), eta bigarren honetan ildo beretik jarraitzen du. Igoera hauek Zubietako erraustegia finantzatzea dute helburu.
  • Kultura: tokiko sortzaileei laguntzeko, EAEn edo Nafarroan egoitza fiskala duten erakunde guztiak udal lurretan ikus-entzunezko lanak grabatzeagatik kuotak ordaintzetik salbuestea proposatzen dugu.
  • Euskara: Batetik, proposatu dugu udal jabaria baliatzean, eskatzaileak zehaztuko duen jarduerarako baimena eskatzeaz gain, hainbat jardueren kasuan, Euskara Zerbitzuaren aldeko txostena behar izatea fidantza berreskuratzeko. Bestetik, proposatu dugu % 20ko tarifa murrizketa eskaintzea merkataritza establezimenduei, baldin eta beraien produktuak zoru publikoan erakusten dituzten euskarriek euskarari lehentasuna ematen badiete
  • Ura eta saneamendua: % 1,2 igotzea proposatzen dugu, KPIarekin bat etorriz, eta ez Udal Gobernuak proposatzen duen % 3.
  • TAO: egoiliarrentzat % 1,2ko igoera bakarrik aplikatzea proposatzen dugu, eta aparkatzeko beste kuotetan % 10eko igoera aplikatzea.
  • Finantzaketa-iturri berriak: gure ustez, krisi ekonomikoaren garaian, baliabide-iturri alternatiboak bilatu behar dira, orain arte salbuetsita zeuden jarduera batzuk zergapetuz:
    • - Udal-lurretako obretan lurrak ateratzeagatik kobratzen hastea (15 €/ m ³), adibidez, metroaren pasabidean.
    • - Oso kutsagarriak diren terrazetako erregai bidezko berogailuak erabiltzen diren kasuetan, espazio publikoa okupatzearen tasa % 15 garestitzea.
    • - Orain arte tasarik ordaintzen ez zuten "Food truck" delakoei kobratzen hastea (19,6 € ibilgailu eta eguneko). Hori bai, % 90eko tarifa murriztua izango dute Euskal Herrian ekoitzitako produktuak (“O km”) salduz gero
    • - Lurzoru publikoa autoak saltzeko asmoz erakusteko okupatzea (25 € /m2). EH Bilduren ustez, garraio publikoaren aldeko sustapena egin behar da erakunde publikoetatik.